Asier Aiestaran

Hasierako zailtasunei buelta eman eta finalerdietan da Altuna bosgarren urtez jarraian (14-22)

Amezketarra 9-1 galtzen hasi da Danel Elezkanoren aurka, baina apurka-apurka bere onera etorri da eta nagusitasunez lortu du garaipena. Oinatz Bengoetxearen aurka jokatuko du finalerdietan.

Altuna, zabaletik pilota bat eramaten (Aritz LOIOLA / FOKU)
Altuna, zabaletik pilota bat eramaten (Aritz LOIOLA / FOKU)

Jokin Altuna Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdietan izango da bosgarren urtez jarraian, final-laurdenetan Danel Elezkanori 14-22 irabazi ondoren. Amezketako aurrelariak ikaragarri sufritu du neurketaren hasieran, baina gero ederki eman dio buelta egoerari eta partida ederra jokatuz lortu du garaipena.

Gauza jakina da Altunak koilpe gogorra jaso zuela Jakaren aurka Buruz Buruko Txapelketaren finala galtzean. Eta gaurko demaren lehen tantoetan oraindik kolpe horri buelta eman ezinik bezala ibili da: batere konfiantzarik gabe eta kantxan mugitu ezinik.

Danel Elezkanok, aldiz, sekulako norgehiagoka hasiera sinatu du. Kolpe fresko-freskoarekin, Altuna bere lekutik atera du behin eta berriz, eta erremateko aukera guztiak ezin hobeto baliatu ditu.

Zaratamoko pilotaria 9-1 aurreratu da markagailuan mota guztietako tantoak eginez: sakez hiru –partidako aurrenekoa zabalera nahita sakatuz gainera–, ormabikoarekin beste hiru –zein baino zein ikusgarriagoa–, zabalean irekita beste pare bat…

Altunaren neurketako lehen hiru tantoak ere Elezkanoren hutsak izan dira, eta amezketarrak jokoan egindako aurreneko tantoa 9-4koan iritsi da. Gipuzkoarraren ohiuak argi erakutsi du zein lotuta jokatu duen une horretara arte.

Erabat desberdina

Baina behin barruko korapiloa askatuta, Altuna bere jokoa egiten hasi da, azken lau urteetan finala jokatzera eraman duena. Pilota ezker-eskubi bikain mugituz Elezkanori korrika asko egitera behartu dio eta neurketaren itxura erabat aldatu da. Altuna zen piloteoan gozatzen zuena eta bizkaitarra erantzunik gabe geratu dena.

Amezketarra 11-12an ipini da lehen aldiz aurretik markagailuan, eta hortik aurrera Elezkanok beste hiru tanto baino ez ditu egin. Arriskatzen saiatu denean ere ez zaio hasierako erremate ederrik atera eta Altunak, aldiz, gozatu egin du azken txanpan.

Botilero lanetan jarduten uzten ez badiote ere, neurketa amaitzean Ekaitz Saralegiri eman dion besarkada luzeak argi erakutsi du aurrelariak azken egunetan une txarrak pasa dituela. Ziur gaurko garaipenak konfiantza berreskuratzeko balioko dio, datorren asteburuan finalerdietan Oinatz Bengoetxeari aurre egiteko.

«Hasieran makal sentitu naiz, kantxan jarri ezinik, baina ez diot nahi meriturik kendu berari (Elezkano). Sekulako tantoak jokatu ditu eta gainetik pasa zait. Aurkariengan jarrera aldaketa bat somatzen dut, orain nire aurka hasieratik asko arriskatzen dute, hil ala bizi. Danelek horrela egin du eta dena atera zaio hasieran», aztertu du Altunak neurketako lehen zatia.

«Gero hobeto aritu naiz. Abiadura eman diot pilotari, asmatu egin dut hanketara jokatzen… Sakea edukitzeak ere asko esan nahi du eta bigarren zatian erosoago aritu naiz», gaineratu du bigarren zatiko erreakzioari buruz.

Estatistikak

Pilotakadak: 227. Partidaren iraupena: 47 minutu eta 16 segundo. Markagailua: 5-0, 5-1, 9-1, 9-9, 11-9, 11-13, 12-13, 12-16, 13-16, 13-17, 14-17 eta 14-22. Sakez eginak: 3 Elekano II.ak eta 2 Altuna III.ak. Jokoan eginak: 10 Elekano II.ak eta 12 Altuna III.ak. Galdutakoak: 8 Elekano II.ak eta 1 Altuna III.ak. Gertaerak: Lau eta Erdiko Txapelketaren final-laurdena, Bilboko Bizkaia pilotalekuan ateak itxita. Botilerorik gabe. Lehen sakea gorri.