Ameriketako Estatu Batuek (AEB) Sudan «terrorismoa sostengatzen duten herrialdeen zerrendatik» atera dute astelehen honetan, Jartumgo enbaxadak Facebooken jakitera eman duenez.
«Kongresuari neurriaren berri emateko 45 egunetako epea bete da; beraz, Estatu Departamentuak sinatu du Sudan terrorismoa babesten duen Estatuen zerrendatik kentzeko agiria. Neurria indarrean sartzen da abenduaren 14tik aurrera», iragarri du AEBetako enbaxadak.
Sudan 1993an sartu zuen Washingtonek bere «zerrenda beltzean». Omar al-Beshir orduko presidenteak, 1989an Estatu kolpe baten bidez boterera iritsi zen militarrak, alderdi islamistarekin akordio bat sinatu zuen garai hartan herri babesa sendotzeko.
Sinaduraren ostean Fronte Islamikoaren buruzagia zen Hassan al-Thourabi teologo eta politikariak izugarrizko indarra hartu zuen.
Osama Bin Ladenen gotorlekua
Al-Beshirren erregimenaren errepresioa babesten zuen bitartean, kristau-animistak gehiengoa diren Sudango hegoaldearen kontrako gerra areagotu zuen Sharia (lege islamikoa) herrialde guztian inposatzeko erabakiak.
Saudi Arabiak Osama Bin Laden herrialdetik bota zuenean, 1991ean, Al-Thourabik Al Qaedako buruzagia hartu zuen babesean 1996an talibanen Afganistanera joan zen arte.
Sudango Anaia Musulmanen agintariaren «abegi onak» eta Libanoko Hizbullahrekin eta Palestinako Jihad Islamikoarekin zituen harremanek sutan jarri zituzten AEBak eta Pentagonoak jomugan izan zuen Afrikako herrialdea hamarkada osoan.
Aire eraso larrienak botika fabrika bat suntsitu zuen 1998an, AEBek Kenian eta Tanzanian zuten enbaxaden aurkako atentatuen osteko mendekuan. Ehunka izan ziren hildakoak bi herrialdeetako hiriburuan Al Qaedak bere gain hartu zituen leherketen ondorioz. Ehunka hil ziren Sudango botika fabrikaren aurkako bonbardaketan.
CIAk erasoa akatsa izan zela onartu zuen handik gutxira. Baina mina eginda zegoen, baita Sudango osasungintzan ere.
2001ean islamistekin apurtu zuen Al-Beshir presidenteak, Al-Thourabi atxilotu eta nolabaiteko su-eten bat adostu zuen Mendebaldearekin.
Matxinada Al-Beshirren aurka
Hala ere, eta 30 urtez boterean egon ondoren, jende askoren haserreak (ekonomia lur jota, liskarrak nonahi, Darfurreko gatazka tartea) eta auzi geopolitikoak (Hego Sudanen independentzia...) Al-Beshirren posizioa ahuldu zuten.
Urte eta erdiko matxinadaren ostean, 2019ko apirilean, militarrek ordura arte bere buruzagitzat zutena kargutik kendu eta atxilotu egin zuten.
Trantsizio Gobernu bat eratu zen Armadaren eta oposizio taldeen artean baina militarrek dute oraindik lehen eta azken hitza.
Eta Sudango militarrek onartu egin dute Donald Trumpek Israelen eta herrialde arabiarren arteko harremanak normaltzeko helburuan parte hartzea.
AEBetako presidenteak Sudan «zerrenda beltzetik» ateratzeko asmoa iragarri zuen urriaren 19an. Handik bost egunetara Sudango trantsizio Gobernuak Israelekin harremanak normalduko zituela iragarri zuen.
Gainera, Kenia eta Tanzaniako enbaxaden aurkako erasoen biktimen familiak 335 milioi dolarrekin indemnizatzea onartu zuen Jartumek.
Krisi ekonomiko larria bizi du Sudanek eta «zerrenda beltzean» egoteak mendebaldeko herrialdeekin salerosketak egitea eta inbertsioak lortzea ekiditen du zigor ekonomikoen mehatxuagatik.
AEBek iragarri duten neurriarekin arnasa har dezake herrialde afrikarrak. Baina jende asko ez dago inolaz ere ados militarrek hartu duten erabakiarekin.
Eta ez bakarrik giltzaperatuta dagoen Al-Beshirren jarraitzaile ugariak. Trantsizio Gobernuan dauden alderdi askoren baitan ere haserrea da nagusi eta horrelako erabaki bat oraindik aukeratu ez den Parlamentu batek hartu beharko lukeela aldarrikatzen dute, ez trantsizio Exekutibo batek.