NAIZ

Poliziek larunbatean izan zuten jarrera salatu dute manifestazio batekin Donostian

Alde Zaharrean gaur arratsaldean egin duten manifestazio batekin salatu dute Donostian larunbatean poliziek auzoko gazteen kontra izan zuten jarrera. Ertzaintzak bi lagun atxilotu ditu eta komisarian daude.

Manifestazioak Alde Zaharreko kaleetatik barrena ibili da. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Manifestazioak Alde Zaharreko kaleetatik barrena ibili da. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Donostiako Alde Zaharrean larunbatean ertzainek eta udaltzainek gazte talde baten kontra izan zuen jarrera salatzeko. Poliziek izan zuten jerrera salatu du Alde Zaharreko Gazte Asanbladak. «Hasieratik oso modu oldarkorrean eta mehatxuka, plazan geunden gazte guztiak identifikatu eta katxeatuko gintuztela agindu ziguten, isunak jartzeko asmotan», adierazi dute.

Lakuako Segurtasun Sailaren arabera, 23 eta 25 urteko bi lagun atxilotu du Ertzaintzak eta komisariara eraman dituzte. Poliziaren bertsioaren arabera, manifestariek objektuak jaurti dizkiete Narrika kalean ertzainei eta hauek kargatu egin dute.

Manifestazioan izan zirenek salatu dutenez, paisanoz jantzitako poliziak gazte bati argazkiak ateratzen hasi ziren eta hura azalpen eske joan zitzaienean hasi ziren istiluak, ertzain gehiago iritsi zirenean.

Alde Zaharreko gazteek larunbatean gertaturikoa gogor gaitzetsi zuten eta botiloia egiten ari zirenik ukatu zuten. «Jarrera onartezin honen aurrean eta identifikatzeko inongo arrazoirik ez zutelako, plazatik irteten hasi ginen. Haiek egoera hori ikusterakoan gogor oldartu ziren gure aurka, jendearen atzetik korrika eta egurra banatzen; errefortzuak eskatzen zituzten bitartean. Argi diogu, ez zegoen jende pilaketarik edota botelloirik eta ez genuen inongo momentutan polizia erasotu», nabarmendu du Alde Zaharreko Gazte Asanbladak. 

«Argi dugu hau ez dela gertakari isolatu bat, Poliziaren jarrera nahiz ‘Diario Vasco’ren manipulazio mediatikoak, gazteriaren aurkako kriminalizazioaren logikari erantzuten dio. Estado de Alarma egoeraren aitzakipean, Poliziak inpunitate osoz jokatzeko eskubidea duela uste du; horren froga dira urte honetan zehar publiko egin diren hamaika irudi. Donostiako Alde Zaharra adibide bat gehiago da eta auzo eta herri guztietan bizi dugu egoera hau. Behin eta berriro ari dira fokoa gazteon erantzukizun sozialean jartzen. Eta bai, gazteok izan gara auzoz auzo eta herriz herri zaintza-sareak antolatu ditugunak, gure aiton-amona eta gurasoei janari nahiz medikamentuak iristarazi dizkiegunak eta egunez-egun gure auzoak toki hobe bat izateko lan egiten dugunak», gaineratu dute.