Emakume zientzialariak, oztopo asko eta errekonozimendu gutxi
Asko falta dira, baina jada badira gehiago. Aurtengo Nobel sariek, lau emakumezkoren lana aitortu dute, haien artean hiru zientzialarirena.
Bizitzaren zientzietan eragin iraultzailea izan dutela aitortu die Nobel Batzordeak Emmanuelle Charpentier eta Jennifer A. Doudna ikertzaileei eta horregatik eman die zientziaren alor zehatz batzuetan –medikuntzan, fisikan, kimikan eta ekonomia zientzietan aritzen diren ikertzaileak saritzen dira eta, horrez gain, bake eta literatura sariak ere banatzen dira– irabaz daitekeen saririk entzutetsuena aurten: Nobel saria. Covid-19ak sortutako egoeragatik ez balitz, pasa den abenduaren 10ean Stockholmen ospatzekoa zen ekitaldi formalean egon beharko lukete biek, baina 2020ko Nobel sariek izan dute berritasunik: ekitaldia telebistaz jarraitu zuten irabazleek eta euren herrialdeetan jaso zuten saria.
Beste berria saria jaso duten emakumeen kopuruan dago. Lau izan dira, orotara, emakumeen lana aitortu duten sariak: Fisikako Nobela irabazi du Andrea Ghez astronomo estatubatuarrak; Charpentier eta Doudnak Kimikakoa eta Louise Glück poeta estatubatuarrak Literaturakoa. Hala, zientzian dagoen parekidetasun eza ondo baino hobeto irudikatzen duen irabaztunen zerrendara gehitu dira euren izenak. Izan ere, 1901ean Nobel sariak sortu zirenetik gaur egun arte, 57 emakumek baino ez dute jaso aitortza hau eta gehienek Literaturako Nobela edo Bakaearena jaso dute. Bitartean, 871 gizon izan dira sarituak.
Uxune Martinez Euskampus Fundazioko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da. Bere ustez, emakumea zientzian «modu sistematikoan» baztertua izan da eta gaur egun ere, «modu sotilagoan» gertatzen bada ere, bazterketa ohikoa dela uste du.
Suediako Akademiaren sariketan geratzen dena ez da salbuespena. Horrela ekarri du gogora Uxune Martinez Euskampus Fundazioko Zabalkunde Zientifikorako arduradunak. Soziologia eta Politika Zientzietan lizentziatua, ekoizpen zientifikoa biltzen duen Inguma datu basearen arduraduna izan zen eta egun ekoizpen zientifikoa zabaltzeko ahaleginetan aritzen da. Bere esanetan, gauza bera gertatzen da beste sariketa batzuetan ere, Abel Price edota Millennium Technology Prize aipatu ditu: «Nobel sariak aspaldi sortutakoak dira, baina joera bera dago sari berriagoetan ere, emakumeen presentzia oso urria da eta ez dator bat errealitatearekin». Izan ere, zientzia alor desberdinetan emakumeen presentzia gero eta handiagoa da. «Orain urte batzuk esaten zen emakume gutxi saritzen zirela zientzian emakume gutxi zeudelako; datuei begiratzen badiegu agerian geratzen da emakumeak egon badaudela, eta, gainera, behin gradua amaituta aurrera egiten duen emakumeen kopurua gizonena baino handiagoa da», argitu du.
Eulalia Lopez Sedeñok ibilbide luzea egin du ikerketan. Zientziaren historian sakondu du CSICeko ikertzaileak, eta ezkutuan geratu diren emakumezko zientzialariak agerian jartzeko ahalegina egin du, besteak beste. Argazkia: Andoni CANELLADA | Foku
Horretan bat dator Eulalia Perez Sedeño ikertzailea ere. Filosofian doktoratua, Zientziaren Logika eta Filosofian katedraduna da UPV-EHUn eta Zientzia, Teknologia eta Genero arloko irakasle-ikertzailea da Zientzia Ikerketen Espainiako Kontseilu Nagusian (CSIC). Zientziaren historian sakondu du, baina, batez ere, historia horrek ezkutatu dituenetan erreparatu du eta bildutako jakintzarekin hainbat ikerketa lan eta liburua argitaratu ditu. Emakume zientzialariek ikusgarritasuna eskasa izan dutela uste du eta zientzian izan den eta, bere esanetan, egun ere badagoen diskriminazioa salatzen du.
Charpentier eta Doudnak egindako aurrerapenak ez ditu nolanahiko ondorioak izan. Bi ikertzaileok genoma editatzea ahalbidetzen duten guraizeak sortu zituzten eta horri esker geneen funtzioaren ezagutzan aurreratu da eta mutazioa genetikoek eragindako gaixotasunak eragozteko aukera dago, besteak beste. Azken batean, Nobel akademiatik zehaztu zuten moduan, «teknologia honek aldaketa iraultzailea eragin du bizitza zientifikoan, lagundu duelako minbiziaren aurkako terapia berriak sortzen edota gaixotasun hereditarioak sendatzeko ametsa egikaritzen».
Euren lanaren garrantzia sekulakoa izanagatik, ahots asko altxatu ziren irabaztunak iragarri eta biharamunean, zehazki sariketan kontuan hartu ez ziren ikertzaileak nabarmentzeko; Estatu espainolaren kasuan, Francis Mojica ikertzailearen lana goraipatzeko. Martinezen esanetan, asko dira noski Charpentierrek eta Doudnak egindako aurrerapenetan parte hartu duten ikertzaileak, tartean, aipatu ikertzaile espainola. «Ikusi nituen irudi batzuk non bi biokimikariak agertzen ziren eta ondoan propio ikertzaile espainolaren irudia txertatu zuten; ez dut uste bi emakumeon irudia kaltetzeko egin zutenik, baina kaltetu zutela uste dut, baita kezka hori beste modu batera bideratu zezaketela ere», iritzi dio.
Akademiak gehienez ere hiru ikertzaile baino ez ditu aitortzen urte bakoitzean eta arlo bakoitzean eta, beraz, gai zehatz batean aritu diren zientzialari guztiak saritzea ezinezkoa da. Ordea, arazoa da oraindik ere arraroa dela bi emakume saritzea eta haiekin batera gizonik ez aipatzea, ez da ohikoa. Martinezek zera galdegin du ildo horretan: «Saridunak gizonak izan balira berdina gertuko zen? Nik uste dut ezetz». Perez Sedeñok, berriz, sariek orain artean izan duten genero joera konpontzeko ahalegina ikusi du erabaki horren atzean. Ildo horretan, aipatu du, hala ere, sexuaz gainera, bestelako bereizkeriak ere egiten direla horrelako sarietan, jaioterriarekin lotutakoak esaterako. Izan ere, saridunen zerrendan gehiengoak gizonezkoak eta zuriak izateaz gainera,
Ameriketako Estatu Batuetan edota Europako zenbait estatutan aritzen direnak dira nagusi, hau da, «ez da ‘periferiako zientzia’ deitu dena kontuan hartzen». Hori guztia ulertzeko, Euskampus Fundazioko ordezkariaren esanetan, behar-beharrezkoa da sariketon atzean dauden epaimahaiei erreparatzea. «Gurpil zoro bat da eta egitura guztiari eragiten dio. Zientzian ikusgarritasun gehiago duten gizonek, esaterako, zientzia artikuluetan lehen sinatzailea gehienetan gizonezkoa delako. Era berean, gehiago aipatzen dira gizonezkoek sinatzen dituzten artikuluak. Horrek eragina du gure pertzepzioetan. Sari horiek talentua goraipatzen dute, ekarpena handiak, bikaintasuna… Irudia bada gizonezkoak direla nagusi zientzian, aintzat gehiago izango dituzu, baita saritzeko orduan ere», azaldu du.
Ildo horretan, zientzian aritzen den emakumea oraindik ere “exotikoa” dela uste da, batez ere jakintza arlo batzuetan. Perez Sedeñoren esanetan, emakumeak ikerkuntza arlo ugaritan aritu dira, baina euren lana ezkutatu egin denez, gaur egun oraindik bitxi edo salbuespen gisa ikusten da. Bi adituon esanetan, beti bilatu nahi izan dira aitzakiak emakumeak zientzia arlo batzuetan zergatik ez dauden arrazoitzeko. «Azken urteotan esan izan da emakumeok modu naturalean dugula pertsonak zaintzera bideratutako lanbideak eta ez teknologikoak aukeratzeko joera, baina askotan ukatu egin zaigu zaintzarekin lotuak ez dauden beste lanbide batzuetan aritzea», aipatu du Martinezek. Adibideak jarri nahi izan ditu: «Urte askoan, esaterako, emakumeoi ez zaigu utzi autobus gidari izateko probetara aurkezten, baina automozioaren bilakaeran zeresan handia izan dugu». Bertha Benzen izena aipatu du; motordun ibilgailu bat gidatu zuen lehen pertsona izan zen bera eta hari egozten zaio balazta-pastillen asmakizuna.
Emmanuelle Charpentierrek eta Jennifer A. Doudnak Kimikako Nobel Saria jaso dute aurten. 2015ean Zientzia eta Teknologiako Asturiasko Printzesa Saria lortu zuten biek –irudia orduko sari banaketakoa da–. Aurreko orrian, berriz, ikertzaile bat laborategian lanean. Argazkia: Miguel RIOPA | AFP
Bide malkartsua. Ez soilik sariketetan, egunerokoan ere emakumezko ikertzaileek zailtasunez betetako bidea egin behar izaten dute. «Aukera berdintasunaz hitz egiten da, baina emakume zientzialariak ez dira beren lankide gizonezkoen aukera berdinekin lanean ari», nabarmendu du irmo CSICeko ikertzaileak eta gogora ekarri du oraindik ibilbide akademikoaren maila gorenetara iristeko zailtasunak dituztela, hain ohikoa den “beirazko sabaiari” erreferentzia eginda. Martinez ere aurreiritzi eta diskriminazioez mintzo da: «Emakumea modu sistematikoan izan da diskriminatua zientzian eta, gaur egun, oraindik modu erdi-sistematikoan gertatzen dela uste dut. Modu sotilagoan gertatzen da, baina egoera ez da espero genuen erritmoan aldatu».
Ageriak eta zuzenak diren diskriminazio moduak ere agertzen dira, ordea. Orain bost urte polemika sortu zen Tin Hunt Medikuntzako Nobel sariak sexuaren arabera banatutako laborategiak proposatu zituenean. Hitzaldi batean zera esan zuen: «Hiru gauza gertatzen dira emakumeekin laborategian lan egiten duzunean: zurekin maitemintzen dira, zu eurekin maitemintzen zara eta, kritikatzen dituzunean, negar egiten dute». Oihartzun handia izan zuten adierazpen horiek eta University College London erakundean zuen kargua utzi behar izan zuen, egindako adierazpenetan atzera egin gabe, ordea.
Diskriminaziotik haratago, estereotipoez ere mintzatu dira bi adituak eta baita eredu gabeziaz ere. Horregatik, ereduak sortzeko garaian Nobel sarietan emakumeak protagonismoa hartzea guztiz positibotzat jo dute bi ikertzaileek eta pozarren hartu dituzte aurtengo irabaztunak. «Emakumeek testuliburuetan edota komunikabideetan duten presentzia eskasa da. Hori dela eta, neskatilek ez dute erreferentziazko eredurik, hau da, jokabideagatik, egin duten ibilbideagatik edota lorpenengatik imitatzea gustatuko litzaieken emakumerik ez dute ezagutzen», nabarmendu du Perez Sedeñok.
Inolako zalantzarik gabe Marie Curie da emakume zientzialarien artean ospetsuena. Bi Nobel sari jaso zituen eta aitzindari izan zen hainbat alorretan. Irudian, 1900. urtean, bere laborategian. Argazkia: Hulton DEUTSCH
Ilunetik argira. Ereduak izateak duen garrantzia ulertuta, hain zuzen, gero eta ohikoagoak dira zientzian ibilbide oparoa eginagatik apenas zeresanik eman duten emakumeak agerian jartzeko saialdiak; liburuak, blogak, webguneak… Nobel sariei lotuta, adibide da Helene Merle-Beralen lana. Medikua eta Pierre et Marie Curie Paris VI unibertsitateko irakaslea da, eta liburu batean jaso zituen emakumeon izen eta biografia datu garrantzitsuenak, “17 femmes prix Nobel de sciences” lanean zehazki; 2016ko iraileko argitalpenak medikuntza, fisika eta kimika arloetan saridun izan diren emakumeak zerrendatu zituen. Ordutik, beste bost sari banaketa egin dira. 2016an eta 2017an ez zen emakume izenik izan irabazleen artean. 2018an, Donna Stricleland fisikaria, eta Frances Arnold kimikaria saritu zituzten –Nadia Muradi Bakearen Nobel saria eman zioten–. 2019an, berriz, Literatura eta Ekonomia arloetan saritu zituzten, hurrenez hurren, Olga Tokarczuk eta Esther Duflot. Egindako lanaren bitartez, Nobel saria jasotako emakumeei ikusgarritasuna eman nahi izan zien Merle-Beralek, zerrenda urria delako eta lortu duten sona berriz iheskorra. Nork ezagutu eta gogoratzen ditu?
Zalantzarik gabe, Marie Curie (Varsovia, 1867) da emakume zientzialarien artean ospetsuena. Ez da gutxiagorako: bizitzea tokatu zitzaion garaian emakumeek ikertzeko ez ezik, ikasteko ere zailtasunak zituzten eta Curiek emakume batek jasotako lehen Nobela lortu zuen 1903an. Gainera, bi Nobel sari jaso zituen lehenengo emakumea bihurtu zen 1911n; are, Nobel saria bakarka jaso zuen lehen emakumea izan zen. Bideak zabaldu zituen eta bideak zabaldu zizkien atzetik etorri diren guztiei. Horregatik, erreferentzia eta eredu bilakatu da eta askorentzat iraganeko emakume zientzialarien erreferentzia zalantzaezina da.
Nobel saridunen zerrendan beste izen esanguratsu batzuk daude, baina, badira, halaber, inoiz errekonozimendurik jaso ez eta zientzian aurrerapen handiak egindakoak. Deigarria da, esaterako, gizonen itzalean jardun eta euren bikotekide edo lankideek euren merituak bere egin zituztela ikusi behar izan zutenen kasua. Argigarria, Isabella Karlerena. Kristalografiaren ikerketan aritu zen bere senarrarekin batera. Hark Nobel saria eskuratu zuen Herbert A. Hauptmanekin batera, baina batzordeak ez zuen Isabella Karleren lana ezagutu nahi izan, nahiz eta bere senarrak eta lankideek saria merezia zuela aldarrikatu. Geroago euren aurrerapenak aitortu arren, horrelako egoerak bizi izan zituzten emakumeen zerrenda luzea da eta tartean daude Jocelyn Bell edota Rosalind Franklin bezalako izenak ere. Guztiek ageriago edo sotilago jasan behar izan zituzten zientziarako zuten egokitasunaren inguruko aipamenak.
Merle-Beralek bere lanean nabarmendu zuenez, diskurtso sexistak apaldu egin dira, baina oraindik ere ez dira desagertu gizonek matematiketarako eta “gogor” jotako beste diziplinetarako joera handiagoa dutela defendatzen duten teoriak. Perez Sedeñoren esanetan, jada ikerketa hainbatek frogatu dute horrelakorik ez dagoela, inguruak eta hezkuntzak baldintzatuta daudela desberdintasunak; agian «estilo kognitibo desberdinez» mintzatu gaitezkeela dio, baina ez berezko desberdintasun kognitiboez. «Emakume irakasleek ikasleekin komunikatzeko eta haien tokian jartzeko joera handiagoa dutela esan ohi da; ezin da orokortu, baina, izatekotan, horrek jaso duten hezkuntzarekin du zerikusia», nabarmendu du.
Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunetan sakondu duten ikerketa horiek –dirulaguntzak jasota batzuk– egoera jakin bat justifikatzeko egin direla uste du Martinezek. «Sistematikoki ahalegindu dira frogatzen emakumeek ez ditugula berezko gaitasunak zientzian aritzeko eta, ikusi denean hori ez dela horrela, beste lerro batzuk hasi dira aztertzen, adibidez, hautakortasuna daukagula, emakumeek zaintzarekin lotutako arloa hautatzen dugula eta gizonek teknologikoa...». Bere iritzian, sektore batzuek ez dute normalizatu nahi benetan geratzen dena: «Gaur egun emakumeak ikerketan ari dira, talde eta laborategi buruak dira… Ikerketa profesionalizatu egin da eta, lehia dagoenez, emakumeak dira kaltetuak, albo batera utzi nahi dira eta».
Eulalia Perez Sedeñok eta Dau Garcia Dauderrek, batera argitaratu zuten “Las ‘mentiras’ científicas sobre las mujeres” liburuan, zientziaren historiari begirada kritikoa jarri nahi izan zioten eta nabarmendu zuten gizonen irudiak abiapuntu hartuta eraiki dela historia hori. Ildo horretan, CSICeko ikertzaileak argi dio: zientziak behar ditu emakumeak; izan ere, emakumea egotea ez da bere horretan zientzia hobeagoa ziurtatzeko nahikoa arrazoi, baino beharrezkoa bai. «Zientzia komunitateak historikoki baztertu izan dituen taldeen ikuspegitik egiten denean, ezezagunak diren eremuak identifikatzen dira eta beste lehentasun batzuk sumatzen dira, galdera berriak sortzeko balio dutenak».