NAIZ

Prebentzio gisara bihar eta etzi eskolara ez joateko aukera zabaldu du frantziar Gobernuak

Abenduaren 17an eta 18an haurrak etxean atxikitzeko hautua eginen duten familiekiko «tolerantziaz jokatzea» eskatu du frantziar Gobernuak kontseilu zientifikoak emandako aholkuarekin bat eginez.

Ikasle batzuk ilaran Baionako ikastetxe batean pandemiaren itzalpean igaro den ikasturte honetan. (Guillaume FAUVEAU)
Ikasle batzuk ilaran Baionako ikastetxe batean pandemiaren itzalpean igaro den ikasturte honetan. (Guillaume FAUVEAU)

Frantziar lehen ministroa den Jean Castexek luzaturiko gomendioak zeresana eman du. Irakasleen sindikatuek baita familia anitzek ere harriduraz hartu dute bihar eta etzi haurrak eskolara ez joateko gobernuburuak abenduaren 15ean mahaigainean jarri zuen aukera.

Frantziar kontseilu zientifikoari so eginez lehen ministroak zabaldu zuen aholkuaren funtsa argia da: Eguberrietako ospakizunen karietara bereziki zaurgarriak izanen diren pertsonekin elkartzekoak diren haurrek astebeteko isolamendua egiteko parada ukan dezatela.

Dagoeneko Alemaniako Gobernuak neurri zorrotzagoak hartu ditu, eskolak itxi baititu, eta beste hainbat Gobernuk, esaterako Belgikakoak, kontaktu sozialak murrizteko neurrien artean borondatezko konfinamendua jorratu du, baita populazio orokorrari begira ere.

Ildo beretik doa Parisek zabalduriko aukera. Iragarpena, ordea, testuinguru zehatz batean heldu da, abenduaren 15ean deskonfinamendu malgua martxan jarri baitzen Hexagonoan.

Herrritarrek berriz ere aske mugitzeko eskubidea berreskuratu zuten egun berean haurrak berriz ere etxean atxikitzea proposatzen duen gomendio horrek ezustean harrapatu du jendea, are gehiago hezkuntza komunitatea.

Egoera horren aurrean Hezkuntza Nazionalak gauzak argitzera jokatu du azkeneko ordutan.

Alde batetik, Michel Blanquer buru duen Ministerioak baieztatu duenez, eskolak zabalik izanen dira abenduaren 17 eta 18an. Hala Eguberrietako oporraldia astelehenetik aurrera hasiko da egutegia errespetatuz.

Jean Castexek, ordea, etxean gelditzeko hautua eginen duten ikasleekin eta beraien familiekin «tolerantziaz jokatu dezaten» eskatu die irakasleei.

Covid-19ari aurre egiteko ikastetxeetan ezarritako protokoloetatik landa kokatzen da Gobernuak, kontseilu zientifikoareekin batera, zabaldu duen aholkua.

Are, hezkuntza alorreko sindikatuen esanetan «eskola eremu ziurra dela» agerian uzteko eginiko lan eskerga nolabait zalantzan emango luke haurrak etxean atxikitzeko oraingoan zabalduriko aukerak, «beste behin ere eskola esparru arriskutsu bezala irudikatzen duelako».

FSU sindikatuaren gutun irekia

Hezitzaileen artean erabakiak sortu duen kezkaren berri eman dio akademiako ikuskatzaileari Pirinio Atlantikoetako departamenduan FSU sindikatuaren arduradun den Renaud Bousquetek gutun baten bidez.

«Iragarpen penagarri horiek, berriz ere, irakasleen aginpidea ahultzen dute, eta horretaz gain mespretxu handia erakusten dute haienganako zein beraien ordezkarienganako ere», azaldu du Bousquetek.

Ordezkari sindikalak oroitarazi duenez joan zen irailean, ikasturte hasieraren garaian, etxeetan baino eskoletan ziurtasun gehiago bazutela ikasleek nabarmendu zuen Hezkuntza Ministerioak, era horretan kurtso presentzialen beharra mahai gainean jarriz.

Haurrak eskolara joan ala ez bidaltzeko aukera familien esku utzirik «eskolaren oinarrizko printzipioa nahieran hausteko aukera zabaltzen delako» kezka agertu du FSUk.

«Heldu den urtarrilean olatu epidemiko berri bat izateko arriskua benetakoa da eta horrendako egoeraren larritasunaz jabetuz, horren aurrean erantzun arduratsuak hartzea» eskatu du FSUK.

Hori dela eta hezkuntza presentziala bermatze aldera ikastetxeak zabalik atxikitzeko «beharrezko diren baliabideak» aurreikustea galdetu du aipaturiko sindikatuak.

Baionako Etxepare lizeoan 3 covid-19 kasu agertu dira

Omiasainduko oporraldiaren ostean, protokoloa indartzeko neurri berriak martxan eman zituzten ikastetxeetan iragan azaroan. Hala nola 6 urtetik gorako haurrek maska eraman behar zutela agindu zuen orduan Hezkuntza Ministerioak. Ordurarte 11 urtetik gorako ikasleek baizik ez zuten musukoa eraman behar Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko ikastetxeetan.

Geroztik, hainbat ikastetxeetan kasuak agertu badira ere aski fite agerraldiak kontrolpean jarri dituzte.

Aste honetan bertan Baionako Etxepare lizeoan covid-19aren agerraldia atzeman dute. Azkeneko zazpi egunetan 3 kasu agertu ondoren, terminaleko (Baxoako azkeneko kurtsoa) eta MKZT teknologia adarreko ikasleak etxera bidali zituzten, asteartean, zuzendaritzak burasoei emandako informazioaren arabera.

Gainerako mailetako ikasleek gaur lizeora joan ahal izan dute, betiere osasun protokoloak errespetatuz.

Neurri berriak hartu behar izatea baztertu ez badute ere, Seaskaren lizeoko arduradunek, orain arte egin duten bezala, Eguberrietako oporraldiaren ostean eskola presentzialekin jarraitzeko nahikeria baieztatu dute.