Batzuek Txerloia gogoratuko dute Griezmannen pizkundeko zelaia bezala, beste batzuek gogoratuko dute afizionatu mailan herriko taldearekin jokatutako partidengatik, besteentzat gogoangarria izango da resakaz iritsi ziren neurketa hargatik, non zelai berezi honen irregulartasun eta maldak are gogorragoak sumatu zituen, eta beste batzuek gogoratuko dute Anaitasunak Getaferen aurka kasik lortutako balentriagatik.
Talde azkoitiarra historian lehen aldiz lehiatu da ostegun honetan Lehen Mailako aurkari baten aurka, Kopako lehen faseko kanporaketan izan da. Txerloiako malda gogoangarri horiek batek gogoan zituen modura jarraitzen zutela haintzat hartuta, zerbait berezia gerta litekeela pentsa lezake batek. Futbolaren kontu honetan, apala aberatsagoaren aurka lehiatzen den honetan, edozein estrategia da zilegi.
«Segi lanean», «segi sufritzen», «eutsi» eta «gora» izan dira etxekoen aldetik gehien entzun diren animoak. Getafeko jokalariak ukalondoa ateratzen zebiltzan bitartean. Esan daiteke ukalondo hauei probetxu gehien atera dien taldea izan dela Anaitasuna, edozein estrategia jokaldietan jarro duten pasioagatik. Eta zer da ba pasioa hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori ez bada?
Bordalasen desesperazio oihuek piztu egin dute Txerloiako harmaila. Zalerik ez, baina nahikoa izan dira ordezko jokalari eta klubeko langile-bolondresak tenperatura hotzari giro beroa jartzeko. Harmailetan ere bizi egiten baita horrelako lehia bat. Getafeko ordezkoen aulkitik hiru bider eskatu dute penaltia, eskatu eskatzeagatik, protesta egin protesta egiteagatik.
Anaitasunakoak serio, burua hotz mantenduta −baina seguru bihotza bero zeukatela− eutsi dute lehen zatian. Ruiz atezaina adi ibili da erdiraketetan, hala nola defentsa lerroa ere. Matak buruarekin egindako errematea eta ezer gutxi egin baitute madrildarrek.
Markagailua hutsean zela, aldageletatik bueltan segituan Cabaco zelairatu du Bordalasek, esperientziarekin Hirugarren Mailako taldea menderatze asmoz. Getafek lehen kolpea ematea espero zenean baina, Anaitasunak benetan amesteko bermearen ziurtagiria iltzatu du. Badakizuen legez, Txerloian ezer ez baita ohikoa, ezta zelaia bera ere.
Etxekoek bigarren kornerra atera dutenean 1-0koa ospatu dute azkoitiarrek, Eskurtzak egina, talde kapitainak, alegia. Gutxik espero zuten baina horrelakoetan gutxien espero duzuna ere errealitate bihurtzen da eta hor daude froga moduan Ruiz atezainak Mata eta Angel aurrelariei eginiko bi merituzko geldiketa.
Bordalasek, kanporatua izateko izuari jarraiki, aulkian zeukan potentzial guztia zelairatu du: Cucurella, Oliveira, Angel eta azkenik, hain fin ibili ez den Mataren ordez, Enes Ünal.
Arzalluzek lasaigarri izan zitekeen gola egiteko aukera izan du 20 minuturen faltan baina ilusioak zapuztu egin dira, estadio kanpotik entzuten ziren animo oihuen erritmoak markatuta. Minutu gutxi beranduago Enes Únal aurrelariak banakoa egin baitu jokaldi nahasi eta amaitezin bati amaiera emanaz.
Azken unean, penaltia kontra
Burugogorkeriak gidaturik neurketaren luzapena behartzear zeudela, Azkoitiaren penaltia adierazi du Cordero Vergak, Anaitasunaren esfortzu guztiak ahulduz. Azkoitiarrak prest baitzeuden, nahiz eta akituta aurkitu, Getafe moduko talde borrokalari baten aurka beste 30 minutuz gerra egiteko.
Ruizek ezin izan du Angelen jaurtiketa gelditu eta balentria egitetik oso gertu geratu dira gorritxoak. Burugogorkeriak ez du saririk eduki, eta burugogorkeria diogunean literalki mintzo gara. Zenbat baloi luze ukitu ote dituzte Anaitasunako jokalariek, Getafekoen ukalondoei iskin egin nahian.
Futbol zelai batean usaintzen den pasioa, behintzat, azaleratu dute. Pedro Urdapilleta presidenteak gogorarazi legez, orain Hirugarren Mailan salbazioa lortzeko borrokara eramango dute burugogorkeria guztia, Anaitasunarentzat ere balentria izango baita bi denboraldi jarraian Hirugarren Mailan jokatzea.