NAIZ

Prix saria: Tottenham Stadium, Puskas, Dubai, and the winner is... Anoeta

Dubai, Londres, Budapest edota Indonesiako estadioen lehian ari zen Donostiako Anoeta irabazle izan da Prix Versailles 2020 for Sport arkitektura sarian.

Anoeta, berritzeko lanak bukatzear zirela, 2018ko irailean. (Maialen ANDRES | FOKU)
Anoeta, berritzeko lanak bukatzear zirela, 2018ko irailean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Anoetako estadioak Prix Versailles 2020 for Sports jaso du, mundu osoan ematen den kirol-instalazioen arkitektura eta diseinu-sari nagusia, Donostiako Udalak jakitera eman duenez. Donostiako estadioa, Izaskun Larzabal arkitektoak diseinatua, beste finalista batzuen gainetik saritu dute: Al Maktoum Stadium (Dubai), Tottenham Hotspur Stadium (Londres), Puskas Arena (Budapest), Papua Bangkit Stadium (Indonesia) eta VYNBE.

«Arkitekturako eta diseinuko pertsona garrantzitsuek osatzen dute sari honetako epaimahaia, baita Pritzker Sari entzutetsuko hainbat irabazlek ere», nabarmendu du Eneko Goia alkateak. Kirol instalazioak hautatzeko erabiltzen diren irizpideetan berrikuntza, sormena, tokiko ondarearen isla eta eraginkortasun energetikoa sartzen dira.

Saria Prix Versailles erakundeak ematen du, Unescorekin eta Arkitektoen Nazioarteko Elkartearekin (UIA) batera, eta haren helburua «ekonomiaren eta kulturaren arteko elkarreragin hobea sustatzea da. Gure ingurua edertzeko eta hobetzeko eragile ekonomikoek sektore guztietan izan dezaketen zeregina azpimarratzen du».

Udal jabetzakoa den Anoetako estadioa birmoldatu egin zen Donostiako Udalaren eta Realaren arteko lankidetza publiko pribatuari esker, Izaskun Larzabal arkitektoak diseinatutako proiektu batean. Kirol-esparru zaharra eraitsi ordez, instalazioak birmoldatu eta berritzeko proiektua egin zen, atletismoko pistak kenduz eta kirol-jardueraz gozatzeko esperientzia hobetuz. Duela bi urte eta hiru hilabete ireki zituen ateak, Barcelonaren aurkako partida batean.

Sariaren berri ematerakoan, Goiak azpimarratu du proiektua «made in Donostia eta Gipuzkoa» izan dela, eta zorionak helarazi dizkio Izaskun Larzabal arkitektoari, «ezin hobe adierazten duelako gure herrian dugun maila profesionala eta gauzak ondo egiteko jakintza eta prestutasuna».