Iruñean bereziki euskararen aldeko lan luzea egin duen Aitor Etxarte Berezibar zendu da, koronabirusaren ondorioz, 63 urte zituela, ostiral honen arratsaldean jakin denez.
Euskalerria Irratiko kolaboratzailea izan da, beste gauza askoren artean, eta irratiak gogora ekarri duenez, Iruñeko Merced kaleko seme zen Aitor Etxarte, nahiz Arrasaten jaioa izan, bertakoa baitzuen ama.
Ikasketak Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan egin zituen: Filosofia eta Hezkuntza Zientziak. Pedagogoa zen lanbidez eta euskaltzalea sentimenduz. Hau dela eta, Iruñeko Udal Ikastolaren sustatzailea izan zen frankismoaren urte beltzetan, gero Hegoaldeko Ikastolako zuzendaritza taldeko kide bilakatu zen eta beranduago, 2015tik 2019ra hain zuzen ere, Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari.
Karririki euskaldun elkartea sortu zutenetako bat ere izan da Aitor Etxarte. Eta politikagintzan jardun zuen urte haietan, LKI alderdian hain zuzen ere.
Euskalgintzan, kulturgintzan eta hezkuntza arloan dabiltzanen partetiko doluminak jaso ditu familiak albistea zabaldu bezain laster, eta bereziki Hedoi Etxarte semea.
Honela agurtu du aita kulturgileak, sare sozialetan:
Aitor Etxarte Berezibar: Liga Komunista Iraultzaileko militantea, Iruñeko udal ikastolen sortzaileetakoa, Hegoaldeko zuzendaritza taldekoa, gentrifikazioaren kontrako asaldatzailea, proiektu txiki askotako bazkidea.
— Hedoi Etxarte (@hedoi_etxarte) December 18, 2020
Daukadan onena, dakidan gehiena, bizitako ia dena, berari zor. pic.twitter.com/SvF2y69LlS