NAIZ
DONOSTIA

Anjel Lertxundik eta Inazio Mujikak haurrentzat ipuinekin ireki dute ‘Pikotxean’ bilduma

Erein argitaletxeak ‘Pikotxean’ bilduma berriari hasiera eman dio Anjel Lertxundi eta Inazio Mujikaren bina lanekin. Haur literaturaren kalitatearen garrantzia aldarrikatuz, lehenak ‘Donostian elefanteak ikusi zirenekoa’ eta ‘Zakarruko’ idatzi ditu; bigarrenak ‘Ez apuratu’ eta ‘Hans eta igela’.

Anjel Lertxundi idazleak irakurle onak sortzeko, idatzi onak egitea aldarrikatu du. (Gorka RUBIO I FOKU)
Anjel Lertxundi idazleak irakurle onak sortzeko, idatzi onak egitea aldarrikatu du. (Gorka RUBIO I FOKU)

Txikienentzat idazten den literaturan ere, helduentzat egiten den horretan bezala, guztiaren gainetik kalitateak gailendu behar duela aldarrikatu dute Anjel Lertxundi eta Inazio Mujika idazleek, baloreen defentsa edo helburu pedagogikoen gainetik; izan ere, beren aburuz, «irakurle onak eta idazle onak» sortzeko ezinbestekoa delako publiko hasi berri horri «literatura ona» eskaintzea.

Lertxundik ostiral honetan aurkeztu ditu Donostian, Erein argitaletxearen eskutik, ‘Donostian elefanteak ikusi zirenekoa’ eta ‘Zakarruko’, Antton Olariagak ilustratutako bi liburu. Lan berrien abiapuntuak orain 28 urte oriotarrak argitaratu zituen narrazio labur batzuetan daude; Mujikak, bere aldetik, umeentzat idatzi ditu ‘Ez apuratu’ eta ‘Hans eta igela’.

Lau izenburu argitaratu berriek Erein argitaletxearen ‘Pikotxean’ bilduma inauguratu dute, eta datorren urtean, segida eman asmoz, beste bi egileren lau izenburu batuko zaizkio, argitaletxeak baieztatu duenez.

Kalitatezko literatura, haurrentzat baita ere

‘Zakarruko’ izenburuaren hazia 1982an dago, Anjel Lertxundik ‘Gizon kabalen piurak’ narrazio txikia idatzi zuenean. Garai hartan, egileak berak kontatu duenez, irakasle lanetan zebilen, eta literaturari zegokionez «beste sintonia batean» zegoen, gaurkoarengandik ezberdina. «Bi orritako txinparta zen, eta behar nuen orrialde gehiagora luzatu», esan du. Eta nola egin du? Zakarruko pertsonaia petrala garatuz, egun batean buruz behera eta eskuak lurrean dituela oinez hasten dena.

Bestetik, ‘Donostian elefanteak ikusi zirenekoa’ lanak, ‘Tristeak kontsolatzeko makina’ (1981) idatzian du jatorria, euskaraz eta haurrentzat idatzitako literaturaren baitan klasikotzat jotzen dena. Istorioak hiriburuko alkatearen egoera bitxia kontatzen du, zeinak udaletxeko balkoitik ikusten duen Alder Ederreko lorategiak elefantez bete direla.

Ipuin hauek 8 eta 12 urte arteko neska mutilentzat gomendatu ditu Lertxundik, baina zehaztapenak eginda, esan du «zortzi urtetik aurrera» irakur daitezkeela, helduak barne. Ez da saiatu pedagogia egiten edo «euskararen alde zerbait egiten», esan du, idazle baten helburua «beti literatura ona egitea delako». «Aldarrikatzen dut zera: idazle onak eta irakurle onak sortzeko haur literatura ona egin behar dela, eta ez dela beste helburu edo asmo batzuekin nahastu behar», erantsi du oriotarrak.

Iritzia bete-betean partekatu du Inazio Mujikak, zeinak azpimarratu duen irakurleei «errespetua» zor zaiela, baita ere txikienei. Egileak «oso serio» hartzen ditu bai literatuta baita ipuinak ere, honakoa poesiarekin alderatu duen generoa, izan ere biek eskatzen dute «egitura definitu bat, oreka bat eta hizkuntzareriko zaintza eta ardura bereziak».

‘Han eta igela’ eta ‘Ez apuratu’ izenburuak Maite Gurrutxagak ilustratu ditu bere irudiekin. Lehenengoak Europako iparraldetik gurera datorren musikari baten istorioa kontatzen du. Laguna duen igel batek lagunduta jotzen du musika plaza batean; lekua beteko da pixkanaka pixkanaka jendetzari ezinezkoa egingo zaion arte bertatik irten ahal izatea. ‘Ez apuratu’ ipuinak, azkenik, biloba eta amonaren arteko harremana dakar. Zaharrenak ez du ulertzen zer esan nahi duen ‘dilistak’ hitzak, beretzat ‘lentejak’ direlako, eta ‘idatzi’ beharrean ‘eskribitu’ esaten du, ‘ulertu’ beharrean ‘entenditu’ eta ‘kezkatu’ beharrean ‘apuratu’. Hiztegian ezberdintasunok ez daude arazo bezala plazaratuta, baizik eta, Mujikak adierazi duenez, euskaraz hitzegiteko moduak izan duen garapenaren erakusle gisa.