Espainiako Entzutegi Gorenak astelehenean «Bateragune auzia»ri dagokion epaiketa berriz egin behar dela agindu ondoren, larunbat honetan erantzun anitza eta zabal-zabala izango da Euskal Herrian.
Jakina denez, astearte arratsaldean gehiengo sindikalak, zenbait indar politikoek eta gizarte eragile garrantzitsuek batera kalera ateratzeko deia luzatu zuten, larunbat honetarako herriz herriz eta aldarri xume baten inguruan: «Demokrazia».
Hurrengo egunetan indarrak batu dituzte nonnahi, eta horren seinale da gaur ostiralean jada 188 deialdi luzatuak direla, hiri eta herrietan.
Gehien-gehienak eguerdian izango dira, 12.00etan. Nagusietako bat, dudarik gabe, Bilboko Arriaga Plazan; bertan egongo da Arnaldo Otegi, auzi honengatik sei urte eta erdi espetxean egon dena, EH Bilduk aurreratu duenez.
Iruñean Sarasate Pasealekuan da hitzordua, ordu berean. Donostian, aldiz, 17.00etan egingo dute, Alderdi Ederren (goizean Mikel Zabalzaren omenezko ekitaldiak daude, Udaletxean eta Altzan). Gasteizen, Plaza Berrian 12etan bilduko da protesta.
Bultzatzaileek NAIZi jakinarazi diotenez, 73 deialdi daude Bizkaian, 63 Gipuzkoan, 43 Nafarroan eta 9 Araban.
Hendaian ere ozen entzungo da «Demokrazia» aldarria, 12.00etan Herriko Etxearen aurrean.
Foro Soziala: Bizikidetzaren aurka
Ohar baten bidez, Auzitegi Goren espainolak ‘Bateragune’ auziaren epaiketa errepikatzeko hartu duen erabakiaren inguruko irakurketa plazaratu du Foro Sozial Iraunkorrak, hura osatzen duten eragile gehienen iritzia jaso ondoren.
Azpimarratu dutenez, «pixkanaka-pixkanaka eta zailtasun askorekin bizikidetza demokratikoa eraikitzeko ematen ari garen urrats erabakigarrien aurkako eraso zuzena» da aipatu ebazpena. Gaineratu dute ez dela kasualitatea izan erabaki hori «oraindik desegiteke dauden hiru korapiloak (biktimak, presoak eta oroimen inklusiboa) konponbidean jartzeko urrats sendoak ematen ari diren unean» iritsi izana.
Foro Sozial Iraunkorraren esanetan, epaiketa errepikatzea «remake bat bezalakoa izango da; kasu honetan, zuri-beltzean, gaindituta dauden garaietakoa». «Errealitateak fikzioa gainditu» duela azpimarratu ondoren, nabarmendu dute euskal jendartea «nazkatuta» dagoela «gehiegi» errepikatzen diren erabaki horiekin.
Era berean, Foro Sozialak adierazi du «orain arte aurreratutakoa desegin nahi duen lobby bat» dagoela ebazpen honen atzean. «Joan den irailaren 20an ohar batean adierazi genuen moduan –azaldu dute–, lobby bat eratu da, interes desberdinak dituzten eragile politikoak, elkarteak, talde mediatikoak, ETAren biktimen sektore antolatuak eta fiskaltzaren eta epailetzaren sektorean biltzen dituela».
«Tamalez», orduan egin zuten irakurketa «zuzena» zela esan dute eta, ildo horretan, gaineratu dute lobby horrek «pisu handia» duela Auzitegi Gorenean eta «bizikidetza demokratikoaren aurkako bere agenda ezartzen saiatzen» ari dela.
Erabakiak eragin duen «adostasun instituzional, politiko eta sozial zabala» ere txalotu du Foro Sozial Iraunkorrak. Adostasun horren baitan kokatu dituzte larunbateko mobilizazioak. Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaritza bat Bilboko elkarretaratzean izango da.