NAIZ

Kanariar Uharteetarako bidea hilgarriena izan da aurten Europaranzko migratzaileentzat

Europara irregularki iritsi nahi zuten eta 2020. honetan bidean zendu diren 1.773 migratzaileen herena (593) Kanariar Uharteetara heltzeko saiakeran hil da.

Migratzaile bat, Arguineguingo portura iristen. (Desiree MARTIN/AFP)
Migratzaile bat, Arguineguingo portura iristen. (Desiree MARTIN/AFP)

Kanarietako migrazio bidea duela urtebete hasi zen suspertzen, nahiz eta urte honetan afera lehertu den, pandemia bete-betean, 2006ko kaiukoen krisiaz geroztik ikusi gabeko fluxuarekin. Arguineguingo kaia Europako Batasunaren eta Gobernu espainiarraren migrazio-politikaren porrotaren irudi bilakatu da.

Covid-19aren ondorio ekonomiko suntsitzaileek, pandemiak eragin duen mugen itxierak eta itsas-ibilbide merkeago eta ez hain zaindu bat izateak milaka migratzaile bultzatu ditu Europara iristeko biderik arriskutsuena hartzera, itxaropenik gabeko etorkizun baten bila. Abenduaren 15era arte, 21.452 pertsona iritsi dira Kanarietara 702 pateratan. 

Beste asko, aldiz, arrastorik utzi gabe itota hiltzen dira. Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak (OIM) bultzatzen duen Desagertutako Migratzaileak izeneko proiektuak eginiko zenbaketaren arabera, urte hasieratik atzora arte 593 pertsona dira itsas-ibilbide horretan hil direnak. Gutxieneko estimazio bat besterik ez da, uretan zendutakoen benetako kopurua askoz handiagoa izan daitekeelako.

Aurreko bi urteetan, 2018 eta 2019an, 45 eta 210 hildako zenbatu zituzten, hurrenez hurren. 

Urtarrilaren lehenetik, 3.174 dira mundu osoan arrastorik utzi gabe desagertu diren migratzaileak, betiere proiektu honek bildu ahal izan dituen datuen arabera.

Urte batetik besterako gorakadarik nabarmenena Hego Amerikan izan da, 104 migratzaile hil baitira (venezuelarrak gehienak), aurreko urteetan batez beste 40 izan ziren bitartean.

Oztopo guztien gainetik

Jasotako datuek erakusten dutenez, covid-19aren pandemiak bidaiatzeko eta mugitzeko orduan eragin dituen zailtasun eta oztopo guztien gainetik, dozenaka mila pertsonak ziurgabetasunez beteriko bidaia arriskutsuak hastera derrigortuta ikusi dutela beren burua, bizi dituzten egoera lazgarrien ondorioz.

«Bidaia horiek basamortuetan, oihanean eta itsasoan zehar egin behar izan zituzten, bidean milaka lagun hilda geratu zirelarik», esan du Paul Dillon OIMk Genevan duen bozeramaileak.

Pandemiak beste eragin batzuk izan ditu migrazioaren fenomenoan: xenofobia leku askotan handitu da, pobrezia eta oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko oztopoak bezala. Egoera horretan, egoera irregularrean dauden hiru milioi migratzaile, gutxienez, beren jatorrikoa edota espero zuten helmuga ez den tokiren batean harrapatuta daude, eta ezin dute bertatik atera, ez baitute horretarako bitarteko edo biderik.

Itsas bidaietan hildako migratzaileen kopuruak behera egin du aurten, 2019ko 5.327ren aldean, baina OIMk dio horrek ez duela nahitaez adierazten benetan zendu direnen kopurua murriztu denik, pandemiak datuak biltzeko gaitasuna murriztu baitu. Egoera berean daude zenbaketa hori egiteko ardura duten erakunde nazionalak. Dillonek esan zuenez, «hori agerikoa da hondoratze ikusezinen fenomenoan».

Kasu horietan, ontzi bat hondoratu egin zen ebidentzia egon badago, baina ez dago hori berresteko biktimen senitartekoen edo gobernuz kanpoko erakundeen froga nahikorik.

OIMren proiektuaren arabera, 2020an gutxienez 14 hondoratze ikusezin izan ziren, eta estatistiketan agertzen ez diren 600 pertsona hil ziren.