Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Saski Baskoniak Iberostar Teneriferen gabeziei etekina atera die (79-72)

Huertas eta Fitipaldo antolatzaileen bajarekin jokatu dute Txus Vidorretarenek eta partidako erritmoa gasteiztarrek eraman dute. Hala ere, hirukeotan ez dira fin ibili eta ia azkenera arte sufritu behar izan dute, Tenerifekoak beti lehiakor izan direlako, Shermadiniren egun txarra gora behera.

Pierria Henry Alex Lopezen aurrean. Huertas eta Fitipaldoren faltak gasteiztarren alde baldintzatu du neurketa. (Endika PORTILLO / FOKU)
Pierria Henry Alex Lopezen aurrean. Huertas eta Fitipaldoren faltak gasteiztarren alde baldintzatu du neurketa. (Endika PORTILLO / FOKU)

TD SYSTEMS BASKONIA 79 - IBEROSTAR TENERIFE 72

Aurkariaren gabeziei etekina ateratzea ere arte bat da eta TD Systems Baskoniak atera die. Izan ere, Bruno Fitipaldo –abduktoretako arazoak direla medio– eta Marcelinho Huertas gabe –aita izateko zorian– etorri baita Iberostar Tenerife, baita Aaron Doornekamp gabe ere, belauneko lesioak jota. Hala, Alex Lopez hirugarren antolatzailea atera behar izan du Txus Vidorretak hasierako bostekoan. Azkenera arte lehiakor izan dira Tenerifekoak, baina ekimena ia beti Baskoniarena izan da, eta azken minutuetan ez dio aurkariari aukerarik izaten laga, neurri handi baten Shermadinik ere egun txarra izan duelako, gasteiztarrek ongi zainduta. Hori bai, hirukoetan oso petral aritu da Baskonia –17tik 4 bakarrik sartuta– eta horren ondorioz behar baino gehiago sufritu du.

Baskoniak hasierako bostekoan aldaketak egin ditu Ivanovicek: Jekiri sartu du Fallen lekuan, Dragic Sedekerskisen ordez eta Alec Peters Giedraitisen ordez, Polonara hegaleko lekura pasatuaz. Dragic bikain aritu da, egia esan, batez ere Vildozarekin ederki konpondu baita, eta Goiedraitisek, nahiz eta urrutitik ez duen askorik sartu, azkenean, esloveniarrak bezala, 15 puntu saskiratu ditu aulkitik irtenda.

Shermadini ezinean ikustea ez da arraroa izan aurreneko minutu horietan, georgiarrari baloirik zeinek emana falta izan denean. Alabaina, Baskonia 11-6 aurreratu bada ere, ezustean 0-7ko partziala jaso du, Fran Guerra pibot kanariarrak indar berezia eman baitio Vidorretaren taldeari, are gehiago Jekirik bi pertsonal berehala egin dituenean.

Baskoniak hasieran erakutsi duen defentsa gogorra erlaxatu egin du lehenengo laurdenak aurrerantz egin ahala eta Iberostar Tenerifek aulkiko jokalarien puntuekin buelta eman dio laurdenari –Butterfield batetik, antolatzaile postuan jokatzen, eta Santi Yusta bestetik, martxotik jokatzeke egon den hegaleko madrildarra–, azkenera 18-20 iritsiz –nahiz eta denboraz kanpo Luca Vildozak 20 metrotik hiruko ikaragarri bat saskiratu–. Baskoniak erasoan errekutsoak badituela erakutsi du, Vildoza aurreko egunetan baino freskoago eta libreago nabaritu delako, baina defentsan zer gogortuarekin ekin diola ere bai.

Errebotea gogor erasotzen hasi du Gasteizko taldeak bigarren ekinaldia. Tadas Sedekerskis eta Youssoupha Fall oso oldarkor joan dira uztairantz. Defentsan, berriz, Senegalko erraldoiak sekulako beldurra sorrarazi du Tenerifekoengan eta punturik sartzeke laga ditu Baskoniak hiru minutu luzez.

Fallek bigarren pertsonala eginda ere, Baskoniak defentsan asko sakatu du eta Jekiriren puntuei esker, arabarrek 15-5ko partziala erdietsi dute. Vidorretarenak, berriz, Shermadiniren puntuak aurkitu ezinean, hirukoz hiruko saiatu dira puntuak pilatzen, baina barruko erreferentziarik ez dagoenean, kanpotik jaurtitzeko ere arazoak sortzen dira. Ondorioz, atzetik eta zer egin ezean aurkitu dira, are gehiago Alex Lopezek hirugarren falta egin duenean atsedenaldira heldu baino lehen.

Baina justu orduan, zortzi pountu aldeaz hanka egin badu ere Baskoniak; justu ordua, bada, eman dio buelta berriz ere markagailuari Iberostar Tenerifek. Batetik, Shermadinik aurreneko bi puntuak lortu dituelako; bestetik, Giedraitisek bi jaurtiketa libre huts egin eta Henry zein Polonarak ere jaurtiketa errazak sartu gabe laga dituztelako; azkenik, Cavanaugh hegal-pibotak bere eskumutur fina atera du plazara. Dena dela, Pierria Henryren jokaldi bikain bati esker gasteiztarrak aurretik iritsi dira atsedenaldira: 39-38.

Hirukorik ez, baina kontraerasoak bai

Polonarak aurreneko puntuak, halakoren baten, lortu ditu hirugarren laurdenea, baina min ere hartu zuen oinean eta aldatu egin behar izan du Ivanovicek. Iberostar Tenerifek Sergio Rodriguez eta Butterfielden bidez erantzun dute, baina Baskoniak Tadas Sedekerskis gaztea aurkitu du markagailuari berriz ere buelta emateko.

Vidorretarenen hirukoek 51-54 aurretik jarri dute Iberostar Tenerife eta bien bitartean, Baskoniak hiruko mordo bat hutsegin ditu. Zorionez, Vildoza eta Dragic kantxaratu berritan gasteiztarrek 9-0ko partziala lortu dute, baita halakoren baten hiruko bat sartu ere.

Minutu horietan antzeman da Iberostar Tenerifek antolatzailerik ez duela izan, batez ere Butterfieldi baloiren batzuek ohosteko aukera izan baitu talde gasteiztarrak azken laurdenera 62-56 aurretik iritsi ahal izateko.

Iberostar Tenerifek gero eta gehiago nozitu du antolatzaileen falta eta Baskoniak, azken laurdenean bai behin eta betiko, korrika egin ahal izan du saskiratze errazak lortzeko aukeraz. Hamaika punturainokoa izan da arabaren aldea, 69-58, eta partida ia erabakita geratu da, itxura baten.

Baina ez ba! Lau jokalari «txiki» kantxaratu ditu Vidorretak eta noizbait Shermadinik berak ere saskiratze batzuek atera ditu nonbaitetik. Horrez gain, Santi Yustak inork uste baino egun hobea izan du eta hiru puntura ere hurbildu da Iberostar Tenerife: 75-72.

Zorionez, azken hiru minutuetara iritsita, Pierria Henryrik onena azaldu da, batez ere defentsa lanetan. Virginiako antolatzaileari eskerrak, Baskoniak 4-0eko partziala lortu du eta partida ere erotu du. eromen horretan gasteiztarrek ez dute gehiago saskiratu, baina Vidorretarenek ere ez, eta aste zail bat garaipenarekin istea lortu dute bederen.

PARTIDAKO FITXA:

Saski Baskonia: Pierria Henry (5), Dragic (13), Alec Peters (4), Polonara (4) eta Jekiri (12) –hasierako bostekoa–; Vildoza (8), Sedekerskis (8), Giedraitis (15) eta Fall (8).

Iberostar Tenerife: Alex Lopez (5), Salin (10), Rodriguez (10), Cavanaugh (10) eta Shermadini (6) –hasierako bostekoa–; Guerra (8), Butterfield (6), Sulejmanovic (4), Santi Yusta (13) eta Dani Diez.

Partzialak: 18-20, 21-18, 21-18, 17-16.