NAIZ
DONOSTIA

Bost film luze berri eta film laburren antologia bat erantsi dira Filmazpit katalogora

Euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko Filmazpit programak dokumental bat, animaziozko bi film, bi drama sozial eta beldurrezko film laburren antologia bat erantsi ditu bere katalogora. Guztia programatzaile eta eragile kulturalen eskura dago kosturik gabe proiekzioak antolatu ahal izateko.

‘Dilili Parisen’ animaziozko filma orain ere euskaraz ikus daiteke Filmazpit programari esker. (NAIZ)
‘Dilili Parisen’ animaziozko filma orain ere euskaraz ikus daiteke Filmazpit programari esker. (NAIZ)

Euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko Filmazpit programak bere katalogoa aberastu du lan berriak erantsiz. Zehazki, dokumental bat, animaziozko bi film, bi drama sozial eta beldurrezko film laburren antologia daude eskaintza berrian, kultur, gizarte eta hezkuntza erakundeetan proiektatzeko aukera luzatuz.

Zineuskadi elkartearen bidez Lakuak ekonomikoki sostengatzen duen proiektuak, Zinemaldiarekin eta Euskadiko Filmategiarekin batera, Donostia Kulturak 2011. urteaz geroztik kudeatzen du edukia. Programaren arduradunek ohar bidez jakinarazi dutenez, ‘Hamada’ film dokumentalak Saharara hurbilketa egiten du pedagogia eta umorearekin. Eloy Dominguez Serenek egindako bigarren film luze dokumentala da, eta oraingoan Mendebaldeko Saharan barneratu da. «Bertako gazteen eguneroko bizitza modu humanista eta biziaz adierazten du, euren nortasuna ukatzen duen gatazka batean, non amets egiteak beste esanahi bat duen», azaldu dute.

Halaber, Michel Ocelot-en ‘Dilili Parisen’ animaziozko filma ikuspegi didaktiko eta dibulgatzaile batetik abiatzen da, baina osagai oniriko indartsu batekin. Belle Epoque garaiko Parisen zehar egindako bidaia bisuala da, abentura eta feminismoa bere protagonista txikiaren begietatik ikusiz.

Animazioari dagokionez, Dorota Kobiela eta Hugh Welchman-en ‘Loving Vincent’ aitzindaria da, pintura animatuez osatutako lehen film luzea delako. Fotograma bakoitza artista ezberdinek olioz margotutakoa da eta Van Goghen obran inspiratuta dago, filma pinturaren hedadura bihurtuz. «Istorio intimista bat da, irudien bidez isurtzen dena», nabarmendu dute.

Bestalde, Nunzia De Stefanoren ‘Nevia’ lehen lanak Napoliko kanpoaldera eramaten du ikuslea. Ukitu autobiografikoez baliatuz, bere protagonista den neska gaztearen istorioa kontatzen du: gizonak nagusi diren errealitate batean bizirik irauteko eta aske izateko borroka. Kontakizun gordina baina baikorra da, non zirkuak bizitza grisari kolorea eta itxaropena ematen dion.

‘Hirugarren emaztea’ (The Third Wife) Ash Mayfair zuzendariaren lehen filmak ere neska gazte bat aurkezten du, baina XIX. mendeko Vietnamen. Kontakizun intimistak eta argazki minimalistak lur jabe baten hirugarren emaztearen etxera gonbidatzen du ikuslea. Matxismoa, klasismoa eta esklabotza isiltasunaren eta bakardadearen bidez azaltzen dituen filma da.

Beldurrezko filmak

Beldurrak ere lekua du Filmazpit programaren eskaintza berrian, ‘Noviembre fantasma’ film laburren bilduman. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen baitan, Terror Molins eta Fancine sailetan saritutako filmen aukeraketa plataforma digitalean eskuragarri egon zen, eta orain Filmazpit katalogoan bilduma gisa sartu dira.

‘Brutal Relax’, ‘Voice Over’, ‘Ghost Train’, ‘Quenottes’, ‘Helsinki Mansplaining Massacre’ eta ‘Wild Love’ beldurrezko generoaren aniztasunaren erakusle dira, animaziotik mamu eta izaki fantastikoen istorioetara.

Lan hauek gehitu ondoren, Filmazpit katalogoak jatorrizko bertsioan eta publiko zabal bati zuzendutako «kalitatezko film sorta ederra» jarri du interesa duten programatzaile eta eragile kulturalen eskura, kosturik gabe proiekzioak antolatu ditzaten. Film guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen dira.