Arnaitz Gorriti

Galduta zuen partida Joy Adamsi esker irabazi du Araskik Zamoran (59-60)

54-43 atzetik jarri ondoren, azken segundoetan buelta eman dio partidari talde gasteiztarrak. Ensinoren aurka etxean eta luzapenean galdu du IDK Euskotrenek. Malosten, Spar Gironaren aurka, Lointek Gernikak hirugarren porrota pilatu du jarraian.

Joy Adamsek galduta zirudien partida erreskatatu du. (Endika PORTILLO / FOKU)
Joy Adamsek galduta zirudien partida erreskatatu du. (Endika PORTILLO / FOKU)

ZAMARAT QUESOS EL PASTOR 59 - KUTXABANK ARASKI 60

Emakumeen Endesa Ligako aurreneko zortzien barruan amaituko du 2020. urtea Kutxabank Araskik, Zamarat, Ligako azkenaren aurka kostata eta ia ezustean irabazi eta gero. Zamorakoak 54-43 aurreratu dira, baina Joy Adams aurkitu dute Madelen Urietarenek atzetik aurrerako bidea osatzeko.

Azken minutu barruan, 59nako berdinketa Laura Quevedoren hiruko batek ezarri du, baina garaipena erdiesteko sekuentzia Joy Adams hegalekoaren eskutik iritsi da. Hasteko, 59-60koa ezarri duen jaurtiketa librea sartu du, bi segundoren faltan. Etxekoek garaipena lortzeko jaurtiketa izan dute, baina Marina Lizarazuren jaurtiketari «txapela» jarri dio hegaleko estatubatuarrak.

Aurreneko erdian Araskik partida menpean izan du, eta Valeriya Berezhynska ukrainiarrak orain arte Gasteizko taldearekin egin duen partidarik txukunena jokatu du –bere azkenengo talde ohiaren aurka–. Baina atsedenaldira 26-32 aurrerik iritsi ondoren, partidaren kontrola galdu dute arabarrek. Marta Montoliu etxekoen antolatzaileak hirukoz hiruko partidari buelta eman dio eta zirkuitu labur antzeko bat gertatu zaio Madelen urietak zuzentzen duen taldeari.

Ezinean eta desesperaturik, Zamarat 54-43 aurreratu zaio Araskiri, eta orduan iritsi da Joy Adamsen hirukoa. Lasaitu eta zentratu egin dira arabarrak une horretan eta Zamarati Emakumeen Ligako azkenak direla bururatu zaio. Alabaina, azkenera arte Zamorakoek aurretik eutsio diote. Zortea ere lagun, baina Araskik nolabait eraman du garaipena, segidan lortzen duen bosgarrena, 2020. urtea modurik egokienean amaitzeko.

IDK EUSKOTREN 87 - DURAN MAQUINARIA ENSINO 89

Luzapenean, Lugoko Ensinok IDK Euskotreni igandea izorratu dio. Atzetik ekin arren, azken minutura zazpi puntuko aldeaz iritsi dira Azu Muguruzarenak, baina Vega Gimenoren eskumuturrak –28 puntu eta 7 errebote valentziarrarentzat– 75nako berdinketa eragin du eta bost minutu extra horietan Gimeno ez ezik, Alba Prietoren hirukoek eta Merrit Hemperen barruko jokoak –27 tantu– donostiarrak garaitu ditu.

Ondorioz, zortzina garaipenekin daude talde biak, baina averagean galiziarrak dira nagusi, bien arteko partida biak irabazita. Ondorioz, Liga Erregularra berdinduta amaituz gero, atzetik amaituko lukete donostiarrek

Defentsan gogor sakatu ezean, Lugoko ensino talde arriskutsua da eta hala erakutsi du igande eguerdiko partidan Josean Gasca pabilioian. Aurreneko erdian batez ere, galiziarrek kontrolpean izan dute IDK Euskotren, markagailuan beti aurretik izan baitira.

Donostiarrek aurreneko 20 minutuetan erakutsi duten baino defentsa hobea egiten badakite, baina ez dute askorik sakatu, eta Vega Gimeno, Stanacev edo Hempe lako jokalarien aurrean arrisku handia hartzea da hori. Lugokoek gustura mugitu dute baloia, eta baloirik gabe ere kantxan nahikoa eroso aritu dira. Hala, nahiz eta Bea Sanchez pibota falta izan, ez dute jokalari andaluziarra faltan bota. Errebotean nagusi izan dira galiziarrak eta jokoaren ekimenean ere bai, gipuzkoarrek boladaka baizik ez dietelako erantzun.

Zailena egin, eta galdu

Ondorioz, Azu Muguruzaren aginduak agindu, atzetik eta ezinean aritu dira aurreneko zatian, eta 34-36 hurbilduagatik, 0-5eko partziala lortu dute kanpokoek eta 34-41 iritsi dira atsedenaldira, azken segundoan Van den Adeleek lortutako saskiratzen bikain bati esker. Ordurako Vega Gimenok 14 puntu pilatu ditu, eta beste 14 puntu Hempek. Etxekoen artetik, Laura Garcia izan da onena, 8 puntu saskiratu ostean.

Hobekuntza nabarmena izan du talde donostiarrak atsedenaldiaz geroztik. Joyce Cousseins-Smith antolatzaileak eskumutur fina duela erakutsi du eta Coulibaly, Tirera zein Toch Sarr barruko jokoa berdintzeko gai izan dira. Are gehiago, 23-13ko partziala egin ostean, markagailuko ekimena hartu dute donostiarrek, azken laurdenera 57-54 iritsita.

Eskuan izan dute, izan ere, gipuzkoarrek partida. Alde txikiak izan diruzte beti Azu Muguruzarenek, Stanacev eta Hemperen puntuei esker galiziarrak beti inguruan izan baitituste. Alabaina, markagailua 64-62 zela sei jaurtiketa libre oparitu ditu Ensinok, eta entrenatzailea ere galdu du, bi teknika segidan adierazi ondoren epaileek.

Azken minutura 73-66 sartu da markagailua, baina orduan Vega Gimeno azaldu da. Hegaleko valentziarrak jaurtiketa pare bat sartu eta baloi bat ohostuta 75-72raino hurbildu da Lugoko taldea. Are gehiago, IDK Euskotrenek partida erabakitzeko aukera galduta, bi segundo eskas falta zirela, hiru jaurtiketa libre atera dizkio Laura Garciari, gipuzkoarren eskolta titularra Gimenores gainera erori delako. Presioak presio, Gimenok luzapena lortu du 75nakoa sartuta jaurtiketa libreen marratik.

Une horretatik aurrera IDK Euskotren ez da Ensinoren mailan aritu. Cousseins-Smithen hirukoak gorabehera, galiziarrek ez dute gupidarik izan. Alba Prieto eta Vega Gimenoren hirukoek aldea eman diote Lugokoei eta presaka, IDK euskotren bueltarik eman ezinda geratu da, eta playoffetan sartzeko lehiari begira, averagea ere galdu du.

LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 60 - SPAR GIRONA 69

Hirugarren partida jarraian galdu du Lointek Gernika Bizkaiak. Aldea handiegia izan ez bada ere, talde katalanak partida hasieratik amaierara kontrolpean izan du eta hirugarrena izan ezik, laurden guztiak eraman ditu. Bizkiatarrek defentsan lan ona egin dute oro har eta errebotean nagusi izan dira, baina erasoan oso kamuts aritu dira, 53 saiakeratik 22 saskiratze bakarrik –15 hirukotik 3 baino ez– eta Gironaren aurka gehiago asmatu behar da aukeratik izateko.

Aurreneko laurdena gakoa izan da partidaren nondik norakoak ulertzeko. Azken emaitza, 14-21, ez da berez buelta eman ezina, baina Mario Lopezenek oso egun petrala izan dute jaurtiketan. Beren aurreneko hirukoa hirugarren laurdenean saskiratu dute eta hala, beti atzetik eta ezinean aritu behar izan dute. Belen Arrojo, 11 puntu eta 9 errbote pilatuta, izan da bizkaitarren artean onena, baina bera eta Bjorklund izan dira 10 puntuko langara iritsi diren gernikar bakarrak. Aldiz, Gironako bost jokalarik lortu dute hamar puntu edo gehiago saskiratzea.

Atsedenaldira 28-38 iritsi ostean, Gernika Bizkaiak defentsa lana gogortu du eta gogotik saiatu da markagailuari buelta ematen. Ezin, ordea, asmatu ezean. Haisera baten gainera Gironak 15 puntuko aldea ere lortu du, 30-45 aurreratu delarik. Dena dela, laurdena 42-50 amaitu da eta azken laurdenaren hastapenetan 47-52 ere jarri da etxeko taldea, Paula Ginzoren saskiratzen baten ostean.

Chelsea Gray kantxaratzea nahikoa izan da, ordea, Alfred Julberenek partida berriz ere kontrolpean izateko. Gironak 2-9ko partziala lortu du eta hantxe erabaki da norgehiagoka, azken segundora arte bizkaitarrek borrokan jarraitu badute ere.