Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

Beppe Fenoglio, erresistentziari arima jarri zion idazlea

Beppe Fenoglioren asmoen artean ez zegoen erresistentziako idazle izatea, baina hala pasatu da historiara. Josu Zabaletak itzuli duen «Kontu pribatu bat» (Katakrak) eleberrian, gerra egoerak baldintzaturiko maitasun istorioa dago kontakizunaren erdigunean.

Beppe Fenoglio. (Aldo AGNELLI/ARCHIVIO CENTRO STUDI BEPPE FENOGLIO)
Beppe Fenoglio. (Aldo AGNELLI/ARCHIVIO CENTRO STUDI BEPPE FENOGLIO)

Orain 50 urte Italian egindako egonaldi batean sentitu zuen Josu Zabaletak lehen aldiz literatura italiarrarekiko lilura: lagun zituen liburu-saltzaile batzuen denda erre egin zuten faxistek eta saltzeko moduan geratu ez ziren liburuak oparitu egin zizkioten. Bide horretatik, eta Italo Calvino idazle italiarraren gomendioari segika, iritsi zen Beppe Fenoglio ezagutzera. «Gaztetan erresistentziako kide izan zen Alba inguruan; lehendabizi gorria izan zen eta gero urdinekin lerratu zen, liberalagoak zirenak, alderdi komunistaren erresistentziako kideak. Gero Milanen aritu zen kazetari eta, urte dezente beranduago, haren paperak errebisatzen ari zela bere alabak armairu baten atzeko oholaren atzean aurkitu zituen Fenogliok erresistentzian erabilitako armak. Ez zituen itzuli, eta horrek esan nahi du ez zegoela oso ziur gauzak bide onetik ote zihoazen. Horrek ere islatzen du bere izateko era», azaldu du Zabaletak. Berak itzuli du “Kontu pribatu bat” (Katakrak), idazlea hil zen urte berean, 1963an, argitaratu zen eleberria eta italiarraren obra bikainentzat hartzen dena.

Zabaletaren hitzetan, Fenogliok bere hastapenetan erresistentziako literatura landu bazuen ere bestelako literatura batean murgildu nahi izan zuen, «baina ez zion denborarik eman, gazterik hil baitzen», biriketako gaixotasun baten ondorioz, artean 41 urte zituela.

«Fenogliok literatura egin nahi zuen eta, erresistentzia garaian, hari lotutako literatura egin zuen. Baina ez zuen horretara mugatu nahi. Askotan erresistentziako idazle bezala asimilatzen da Fenoglio, baina bere asmoa ez zen hori. Konturatu zen askok egiten zutela literatura mota hori, gerrako gertaerak hartu eta heroiak eta gaiztoak agerraraztea, baina berak bestelako planteamendua zuen: nobela honetan, erresistentzia bizitzaren paisaia da; hau da, bizitzako pasarte bat kontatzen du, erresistentzian gertatzen dena, eta paisaia horrek bizitza nola baldintzatzen duen erakusten digu», hausnartu du.

“Kontu pribatu bat” eleberriak erresistentzia garai horretara garamatza, maitasun istorio bat kontatzeko. «Jelosia kontu bat da. Bi lagun dira protagonistak. Gerraurretik ere neska batekin liluratu xamar daude eta, erresistentziako momentu batean, etxeko zerbitzariak esaten dio bati neskak besteari ez ote dion kasu gehixeago egiten. Eta hori argitu nahi du, hori da istorioa», azaldu du Zabaletak. Kontakizunaren atzealdean, baina, erresistentziako bizimodua ageri da, baita hark egunerokotasunari eragiteko duen ahalmena ere: «Erresistentziak, gerra egoera horrek, bizitza nola baldintzatzen duen agertzen du. Calvinok esaten du erresistentziari buruzko nobelarik onena dela».

Itzulpegintza

Itzultzaileak nabarmendu duenez, itzultzaile ere jardun zen Fenoglio. Zabaletarentzat, itzulpena erresistentzia jarduera bat ere bai baita: «Diktadura egoeretan, itzulpenak balio du zuk idatzi ezin duzun hori argitaratzeko. Fenogliok dezente itzuli zuen italierara, italieraz argitaratu ezin ziren liburuak. Itzulpenak ere balio izan zuen erresistentzia gisa», hauspotu du.

Bide horretatik, itzulpengintzak «egoerak pentsatzeko modu diferenteak» ekartzen dituela defendatu du, baita diskurtso konplexuetara gerturatzeko ahalmena ere: «Andu-k [Lertxundi] dio idazlea badaukala gauza konplikatuetatik ihes egiteko modu bat, baina itzultzaileak ez. Horrek esan nahi du diskurtsorik konplexuena itzulpenean dagoela, ez idazle guztiengan. Euskal literatura bat egin daiteke diskurtsoaren konplexutasunik gabe, baina guri dagozkigun gauzak pentsatzeko diskurtso konplexu horiek beharrezkoak dira», aldarrikatu du.