NAIZ

Iparragirrerren gitarra berriztatua itzuli da Gernikara

Iparragirre jaio zeneko 200. urteurrenarekin bat eginez, Bizkaiko Batzar Nagusiek euskal bardo unibertsalenaren gitarra berriztatzea erabaki zuten. Gitarra berriztatua ohiko lekura, Gernikako Batzarretxera itzuli da.

Jose Maria Iparragirre (1820-1881) euskal bardo unibertsalena jaio zeneko 200. urteurrenarekin bat eginez Bizkaiko Batzar Nagusiek ‘Gernikako Arbola’ abestiaren letraren egilearen gitarra berriztatzea erabaki zuten. Lanak amaituta, astelehen honetan itzuli da gitarra berriztua ohiko lekura, Gernikako Batzarretxeko Beirategiaren Aretora.

Berriztatze lanak Laura Vicario luthier bilbotarrak egin ditu eta konponketa prozesu «zorrotz» honetan musika-tresnaren jatorrizko ezaugarriak errespetatu direla ziurtatu du Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otaduik. Aurkezpenean (‘Gernikako Arbola’-ren zuzeneko interpretazioa ere entzun ahal izan da) Otaduik gogora ekarri du Iparragirre jaioterri zuen Urretxun hil ostean bere gitarra harekin azken uneak igaro zituen Zumarragako Castañedak hartu zuela, legatu gisa. Castañeda hil ostean Zubiriak jaso zuen usufrutuan eta honek Pedro de Egañari utzi zion. Azken hau izan zen Bizkaiko Aldundiari eman ziona, gorde zezan.

Harizko musika-tresnak berriztatzeko orduan espezialistak kontu berezia izan du Iparragirreren gitarrari lustrea ateratzeko orduan, izan ere, azaldu dutenez, denbora eta koleoptero espezie batzuk (karkomak) direla eta kaltetuta zegoen XVIII. mendeko egurraz dago egina. Gitarra barrutik eta kanpotik garbitu eta konpondu du Vicariok, musika-tresna egiteko garaian erabiltzen ziren materialak erabiliz. Ezpurutasunak, arrastoak eta arrakalak kendu ostean, gitarra bertan egindako erretxina naturalaz barnizatu da. Gitarra orain «egoera ezin hobean dago», eta bere hariak «finduta».

Gitarrak Progreso Argentino gitarra lantegiko Salvador Ramirez Andaluziako gitarra-egilearen sinadura du barruan. Bere bizitzaren parte handia Buenos Airesen bizi izan zen, eta Gipuzkoako bardoa ere bertara joan zen erbestera, XVIII. mendearen erdialdean. Hala ere, Iparragirreren lan ezagunena, ‘Gernikako Arbola’, 1853an Madrilera itzuli ostean idatzi eta interpretatu zuen. Otaduiren hitzetan, ‘Gernikako Arbola’ «gure eskubide historikoen, euskal askatasunen eta bakea lortzeko gogoaren sinboloa da. Gainera, oso ideologia desberdinetako pertsonak hunkitzeko gaitasuna daukan
kantua da».

Momentuz, urte luzez Urretxuko bardoarekin batera bidaiatu zuen egurrezko musika-tresna ezaguna ezin da ikusi, izan ere, pandemia dela eta, Gernikako Batzarretxearen barrualdea itxita dago jendearentzat.