NAIZ

216 herritan, aldi berean, euskal preso eta iheslarien etxeratzea aldarrikatuko dute U9an

Urteroko Bilboko edota Baionako manifestazio erraldoiak egin ezinik, Bilbon soilik ez, beste 215 herrietara zabalduko da urtarrilaren 9an euskal preso eta iheslariak etxeratzeko aldarria. Sarek iragarri du gaur asteartean.

Herriz herriko dinamika irudikatu du Bilbon eginiko aurkezpenean. (FOKU)
Herriz herriko dinamika irudikatu du Bilbon eginiko aurkezpenean. (FOKU)

Euskal preso eta iheslariak etxeratzeko ekimen erraldoia antolatu du aurten ere Sarek, Bilbo eta Baionako urteroko manifestazio masiboak egin ezinik, ekimena Euskal Herriko 216 herrietara zabalduz. Hala, urtarrilaren 9an, egun eta ordu berean, irakurketa bateratu baten baitan mobilizazioak egingo dira herri horietan.

Sarek jakinarazi duenez, ekimen parte hartzailea eta egin den handienetakoa izango da eta, horrez gain, U9an, goizeko 11.30ean, Bilboko Euskalduna jauregian alor sindikal, sozial eta politikoko ordezkariak batuko dituen ekitaldia egingo dela iragarri du plataformak.

«Sarerentzat kalean herritar anitzek erakusten duten aktibazio eta aldaketa nahi hori bezalaxe, sindikalgintzan, eragileen aldetik, alor politikoan edota instituzionalean lortutako adostasunak berebiziko garrantzia baitute. Guztiok gara giltzarri konponbiderako», adierazi du.

Arratsaldean, berriz, herrien txanda izango da. Mobilizazio desberdinak egingo dira toki bakoitzean, izan giza-kateak, mosaikoak, manifestazioak edo ekitaldi musikatuak. Guztiek, ordea, «argiztatutako bidea» ekimena egingo dute, denek une berean: mugikorretako argiak baliatuz osatutako argazkia. Sarek irudi horiek baliatuko ditu, 216 guztira, sareetan zabaltzeko.

Elkarteak nabarmendu duenez, bi aldarri nagusi gailenduko dira aurtengo mobilizazioetan. Batetik, urruntze politikarekin behingoz amaitzea. «Aldaketa batzuk ematen hasiak diren arren, oraindik ere, ez da benetako hauturik egin urruntze politikarekin amaitzeko. Euskal presoek Euskal Herriko espetxeetan egoteko eskubide osoa dute, legeak hala jasota. Ondorioz, aurtengo urtarrilean ere, aldarri hau lehen lerroan ezarri dugu, senideei orokorrean eta bereziki haurrei eta nagusienengan duen eragin zigortzailea ahaztu ezinean», zehaztu du.

Bestetik, euskal presoei «sistematikoki ukatu izan zaien eta etxerako bidea ahalbidetzeko behar beharrezkoa den gradu progresioa ezartzearen eskakizuna» eramango dute kaleetara.

Izan ere, oraindik 107 dira lehen graduan jarraitzen duten presoak, eskubide ugari murrizten zaizkielarik.

«Horregatik, datorren 2021. urte berria, salbuespenezko espetxe politikaren aldaketaren urtea izatea eskatuko dugu herriz herri. Ezinbesteko baldintza baita konponbidearen bidean eta elkarbizitzaren bidean aurrera egiten jarraitzeko. Eta horretarako, gu guztion aktibazioa eta kalean aldarri hau zabaltzea ere behar beharrezkoa dugu», esan du Sarek, herritarrei mobilizazioetan parte hartzera dei eginez.

Pasa den asteburuan jada ekimen andana izan da, Basauritik Maulera, U9 honi begira motorrak berotze aldera.