Izortze Santin Gomez, EHUko irakasle eta ikertzailea

2020a zientziaren urtea, eta 2021ean zer?

Badoa 2020a, badoa askok zientziaren urtea deitu dutena. Eta hala izan da, 2020. urtean covid-19aren pandemiak zientzia lehen lerrora ekarri baitu, hau jendartearen ongizatea bermatzeko ezinbesteko tresna dela agerian utziz. Eta orain, 2021. urtea hastear dagoen honetan, zer egingo dugu zientzia behin betiko merezi duen tokian jartzeko?

Zientzialariok jakin badakigu azken urteetan oinarrizko ikerketara bideratutako finantzaketa publikoa murriztuz joan dela. Gero eta zailagoa da oinarrizko ikerketa egitea, finantzaketa hori eskatzeko orduan ikerketaren berehalako aplikazioa zein den eta patentagarria ote den derrigorrezko galdera bihurtu baitira. Hipotesi bat formulatu, helburu batzuk zehaztu, proiektu bat garatu eta lortutako emaitzak aplikatzea egun batetik bestera egiten den zerbait izango balitz bezala. Ez dut zalantzan jartzen ikerketa aplikatuaren garrantzia, baina aplikagarria izan daitekeen edozein emaitzetara iritsi aurretik, urte askotan zehar oinarrizko ikerketaren bitartez ekoiztutako datuak beharrezkoak izaten dira. Norbaitek uste al du mRNAren teknologian oinarritutako covid-19aren aurkako txertoa hain azkar garatzea posible izango zela, aurretik egindako oinarrizko ikerketarik gabe?

Oinarrizko zientziari eskaintzen zaion finantzaketaz harago, argi dago Hego Euskal Herrian instituzio publikoek oro har ikerketara bideratzen duten aurrekontua nahikoa izatetik urrun dagoela. Joera dugu geure burua gu baino okerrago daudenekin konparatzeko, baina herri txiki honetan egiten den ikerketa gailurrean egotea nahi badugu, ikerketara aurrekontu handiagoa bideratzen duten herrialdeekin konparatu beharko genuke. Eurostat eta Eustat-ek aurten argitaratutako datuen arabera, 2018an EAEn I+G ekintzetara BPGaren %1,85 bideratu zen, Europako batez bestekoaren (%2,18) azpitik, eta Hego Korea (%4,53) eta Japonia (%3,28) bezalako herrialde txikietatik urrun. Nafarroan, 2019. urtean BPGaren %1,68 soilik bideratu zen ikerketara. Zientziari eskainitako diruaren banaketak, gainera, ez dio unibertsitatean egiten den ikerketari mesede egiten, gehiengoa enpresa pribatuetara bideratzen baita. Haatik, pandemia honetan argi geratu da unibertsitatean egiten den ikerketa gure jendartean sortzen diren erronkei aurre egiteko prest dagoela, zientzia publikotasunetik sortua eta publikoaren beharrei bideratutakoa.

Zientziaren garrantziaz ohartu garen garai honetan, ikerketa sustatzeko beharra agerian geratu da. 2021. urtean, beraz, eman ditzagun pausoak norabide horretan.