NAIZ

Oier Kañamaresek irabazi du Asteasun jokatutako Urrezko Aizkolari Kopa

Oier Kañamaresek irabazi du ostegun honetan Asteasun jokatu den Urrezko Aizkolari Kopa, "Eusko Label Saria", alegia. Ingude txapelketan Karmele Gisasola gailendu da eta Binakako harri-jasotze txapelketan Magunazelaia-Irañeta bikotea.

Oier Kañamares, podiumeko lehen postuan, Xabier Zaldua eta Julen Olanorekin. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Oier Kañamares, podiumeko lehen postuan, Xabier Zaldua eta Julen Olanorekin. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Asteasuko Usarrabi pilotalekuan agurtu dute urtea aizkolari, harrijasotzaile eta ingude altxatze lanetan aritzen diren kirolariek. Urteroko hitzordu berezi honek izen propioak utzi ditu.

Eusko Label Saria edota Urrezko Aizkolari Kopa jokatu da ostegun honetan eta Oier Kañamares nagusitu da. Zortzi enbor kanaerdiko 20 minutu eta 40 segunduan moztu ditu, Xabier Zaldua (21' 11''), Julen Olano (23' 20'') eta Luis Txapartegiren (23' 33'') aurretik.

Zalduak denbora hobea markatu du seigarren enborrera arte baina azken bietan aurrea hartu dio Kañamaresek, bukaera bizi batean.

Emakumezkoen ingude txapelketa ere jokatu da Asteasun eta aurtengoan Karmele Gisasolak irabazi du, Virginia Finolen aurretik -iazko txapelduna-. Mallabitarrak 96 jasoaldi egin ditu, iruindarrak baino lau gehiago. Hirugarren postuan bukatu du Maika Ariztegi eskarmentu handiko kirolariak.

Bestalde, binakako harri-jasotze txapelketan, 175 kiloko laukizuzena, 100 kiloko zilindroa, 138 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola altxatu behar izan dituzte, bakoitza hiru minututan, eta Magunazelaia eta Irañetak osatutako bikotea gailendu da. Guztira, bien artean, 84 jasoaldi egin dituzte; 9.946 kilo, alegia.

Bigarren postua eskuratu dute Eizmendik eta Etxeberriak (82 jasoaldi eta 9.821 kilo) eta hirugarren geratu dira Goenatxo III. eta Izeta IV. (82 jasoaldi eta 9.482 kilo).

Aizkolari gazteen binakako txapelketan Suharri Rodriguez eta Jokin U. Basozabal nagusitu dira Ibai Soroa eta Axel Larrañagaren aurka.