Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

Oraindik ere, amaitutako ETA-ren zikloaren itzalpean

Aieteko Konferentziara nazioartetik etorritako ospe handiko pertsonak. (Raúl BOGAJO/FOKU)
Aieteko Konferentziara nazioartetik etorritako ospe handiko pertsonak. (Raúl BOGAJO/FOKU)

Pandemiak mundu osoko arreta bereganatu du, den-dena baldintzatzeraino. Gertaera eta egoera politiko, sozial, ekonomiko edota kultural oro haren eraginpean dago, baina, halere, betiko gaiek, aurretik zetozen kontu horiek hortxe segitzen dute, bidea egiten, nola edo hala. Direla AEBetako hauteskundeak, dela Brexit haustura prozedura, dela Estatu espainolean Sanchezen Gobernuarekin sortu den egoera berria, direla Euskal Herriko eremu administratibo bakoitzean izan diren azken boladako berriak… horiek denak une historiko bat definitzen ari dira, bakoitza berean; guztiak, esan bezala, birusaren eraginpean.

Badirudi, mundua halako astinaldia jasaten ari delarik, gurean euskal gatazkaren erreferentzia lausotu egin dela neurri batean. Izan daiteke, baina zenbaitetan irudi hori –gatazka horren aterabidea eta, oro har, euskal aldarrikapenak gero eta jende gutxiagori interesatzen zaizkiola– artifizialki ere puztu nahi izan du hainbatek. Ez da, gainera, bart arratseko kontua.

Hamar urte beteko dira hurrengo urtean Aieteko Konferentzia egin zenetik eta ETAk borroka armatua behin betiko utziko zuela iragarri zuenetik. Urteurren borobila. Orduko garaietan ere hainbat iritzi emailek halaxe zioen: «Gaia jada ez zaio inori inporta». Ez zen egia orduan, ondoko urteetan izan ziren hamaika gertaerak –armagabetze prozedurak, presoen gaineko mobilizazio erraldoiek…– erakutsi zutenez, eta ez da egia gaur egun ere. Gure hedabideetan zein diren albisterik irakurrienak begiratu besterik ez dugu; zein diren askotan telebistako dokumentalik ikusienak, edo zein zenbaitetan libururik erosienak.

Oraindik ere ETAren jaiotzak markatu zuen zikloaren itzalpean segitzen baitugu. Ziklo horren hondarrean bada ere. Eta hala izango da gatazkaren ondorioak konpontzen ez diren bitartean, eta gatazkaren muinari gutxieneko arreta bat eskaintzen ez zaion bitartean. Seguru asko, ETAk bere ibilbidea amaitu zuenean hori dena itxia egotea nahi izango zuen, baina ez da horrela izan oraingoz.

Eta hori itxi gabe, ziklo horren gaineko kontakizun ariketa hasi da; egia esan, ez oso modu txukunean zenbaitetan. Perspektiba falta bistakoa da; esan bezala, zikloa behar bezala ixterik lortu ez denean, kostata egingo baita horren denaren azterketa biribildua.

Baina saiatu beharra dago, eta horregatik ere memoria historikoko ariketak garrantzitsuak dira; esate baterako, Burgosko Prozesuaz egin berri dena. Eta ariketa horietan ez da haria galtzea komeni. Azken hamarkadan izandako eztabaidetan eta egindako dokumentuetan ETAk berak eta, eskuarki, ezker abertzaleak nahiko ondo definitu izan dute hari hori, hiru inflexio puntu markatuz. Lehena, ETAren sorrera bera izan zen, frankismoaren gau beltzean, haren kontra altxatuta eta berriro ere lozorroan ziren euskal aldarrikapenak astintzeko gogoz; bigarrena, ‘trantsizio demokratikoa’ zelakoaren aurrean haustura demokratikoaren alde egiteko eta borroka armatuari eusteko egindako hautua; eta, azkena, borroka armatua utziz ziklo aldaketa behartzeko egindako estrategia aldaketa. Azken horretan, borroka armatua uztearen, desarmatzearen eta erakundea bera desegitearen urratsak bereiz daitezke.

Horrek denak markatu du egungo egoera, baina, etorkizunik izango bada, bistan da memoria ariketak ez ezik, ibilbide berriak ere indartu beharko dituztela ezkerreko independentistek. •