Urriaren 12ko ekimenagatik 12 herritar Audientzia Nazionalera deituak izan ostean, Sortuk « 78ko Erregimenaren eta bere gehiegikerien kontra mobilizatzen jarraitzeko» manifestazioa deitu du urtarrilaren 16rako, Iruñean. Antoniutti parketik abiatuko da, 17:30ean.
«Espainiako Erresumaren izaera kolonialista eta ez-demokratikoa salatzeko» Sortuk eta hainbat kolektibok Cristobal Colonen eta Felipe de Borbonen itxurazko estatua bana eraitsi zituzten. Horren eta urriaren 12ko testuinguruan egin ziren beste zenbait ekimenen harira, 12 lagun deitu dituzte espainiar Auzitegi Nazionalera, eta «Koroaren aurkako delituak» leporatzen dizkiete.
Sortuk «oinarrizko askatasunen kontrako eraso larritzat» jotzen du eta bere elkartasuna eta babesa adierazi dizkie deklaratzera deitu dituzten hiritarrei. «Eraso horrek urriaren 12an salatu nahi izan genuena baieztatu baino ez du egiten. Alegia, historian zehar herrien eta herritarren zapalkuntzaren gainean eraiki dela Espainiaren proiektua, inposizioaren eta errepresioaren gainean. Eta halaxe da gaur egun ere». Zentzu horretan, «itxura demokratikoagoa eman arren, Espainiako erregea eta 78ko Konstituzioa zutabe dituen Erregimena herrien kartzela da, Espainiaren proiektua inposatu eta aldarrikapen demokratikoak kriminalizatu eta zigortzen dituena», adierazi dute ohar baten bidez.
Baina «78ko Erregimena krisian» dagoela iritzi du Sortuk. «Horregatik oldartzen ari dira Erregimenaren sektorerik erreakzionarioenak, hala espainiar Estatuan nola Nafarroan. Eta eskura dituzten tresna guztiak erabiltzen ari dira, epaitegietatik hasi eta Estatu estoldetaraino». Horregatik, urriaren 12an zabaldu zuten mezu bera igorri dute. «Behingoz eraisteko garaia heldu da, demokrazia eta askatasunari bidea irekitzekoa».
Hau ez da mobilizazio bakarra izanen. Izan ere, deklarazioak hasiko diren egunean, urtarrilaren 12an, elkarretaratze bat deitu dute Nafarroako Justizia Jauregiaren atarian, 10.00etan.