Durangoko Azokan aurkezpena egin ondoren, Udalbiltzak ireki du ‘Geuretik Sortuak’ kultur proiektuaren artistentzako beka deialdia. Zinemagile, antzerki konpainia eta idazleei zuzendutako deialdia otsailaren 5era bitarte egongo da zabalik, eta eskaeren artean aurkeztutako proposamenaren kalitatea eta egokitzeko gaitasuna baloratuko dira.
«Euskal artisten sormena eta euskal herrietako idiosinkrasia» uztartzea du helburu ‘Geuretik Sortuak’ proiektuak, euskaraz egindako artearen sormena eta hedapena bultzatzeko, Udalbiltzako iturriek jakitera eman dutenez.
Deialdian hautatuak diren artistek euren bizilekua ez den herri batean hiru astera bitarteko egonaldia egingo dute, herriaren errealitatea oinarri hartuta edota herriarekin batera hitzartutako gai baten inguruan, euskarazko sormen lan bat garatu ahal izateko. Lanaren sormen, garapen eta ekoizpenaz gain, ostera etorriko den hedapen fasean artistek egingo dituzten aurkezpenen ordainsaria ere eskainiko du bekak.
Deialdira aurkezten diren artistek, eurek garatu nahiko luketen proiektuaren proposamen ireki bat aurkeztu beharko dute, baita eremu ezberdinetara egokitzeko gaitasuna eta malgutasuna adierazten duen beste dokumentu bat ere. Hoberen dagokion artista eta proposamena esleituko zaio herri bakoitzari, behin deialdia amaituta.
Epeak
Beka deialdiak honakoa finantzatuko du: 10-15 ipuinen sormen prozesua; 3-5 antzezlanen sormen prozesua; 3-5 film laburren sormen prozesua; hautatuak diren 22-25 artisten (norbanako edota taldeen) hiru astera bitarteko egonaldiak (ostatua, garraioa eta dietak ere ordainduko dira, udalen edota Udalbiltzaren eskutik, kasuak kasu); eta 22-25 artista horien obren aurkezpen emanaldiak proiektuan parte hartuko duten herri guztietan.
Sormen lanak amaituta, eta hauek entregatu ahal izateko, kultur arlo bakoitzeko epe ezberdina izango dute artistek: ipuinen kasuan, 2021eko irailaren 17a; film laburraren kasuan, 2021eko azaroaren 26a; eta antzezlanaren kasuan, 2022ko urtarrilaren 28a.
Udaberrian bigarren deialdi bat irekiko da, ipuin guztiak bilduma batean argitaratuko dituen argitaletxea, antzezlanak mugitu eta egokituko dituen teknikoa, eta film labur guztiak film luze batean muntatu eta ekoitziko dituen muntatzailea hautatzeko.