Maite Ubiria

Ipar Euskal Herrian ere hasi da covidaren aurkako txertaketa

Euskal Herriko beste bi eremuetan abenduaren 27an abiatu zen txertaketa kanpaina, eta atzo Ipar Euskal Herrian garatuko den kanpaina aurkeztu zuten Baionako erietxean, izanen baita zahar etxeetako egoiliarrak eta osasun langileak lehenetsiko dituen txertaketa kanpainaren zentro nagusia.

Baionako erietxeko zuzendari Michel Glanes, txertoa hartzen. (Guillaume FAVEAU)
Baionako erietxeko zuzendari Michel Glanes, txertoa hartzen. (Guillaume FAVEAU)

Baionako Arrayade egonaldi luzeko zentroaren zaintzapean diren egoiliar bi, Frederic (86 urte) eta Micheline (91 urte) izan ziren, hurrenez hurren, txertoa jasotzen lehenak. Horren ondotik osasun zentro horren arduradun nagusia den Michel Glanesek ere txertoa hartu zuen. Hedabideen aurrean garatu zen ekimen horren bidez «txertoa hartzeko gomendioa» herritar orori zabaldu nahi diotela nabarmendu zuen zuzendariak.

Akitania Berriko eskualdean urtarrilaren 4an hasi ziren covidari aurre egiteko lehen txertoak jartzen eta, plangintza beraren baitan, Baionako Ospitalean 50 urtetik gorako langileak txertatuko dituzte gaurtik aurrera. Iparraldeko hiru lurraldeetako osasun langileak deitu dituzte bertan txertoa jartzeko.

Hori bai, txertaketa prozesua azkartze aldera, hurrengo egunetan Baionako erietxearekin batera beste hainbat klinikatan ere hasiko dira langileak txertatzeko zerbitzu propioak abian jartzen, hala nola, Delhay, Belharra, Aguilera, Donibane Lohizuneko Poliklinika eta Hendaiako Itsas Ospitalea.

Litekeena da ere ondoko egun edo asteotan bai Donapaleun bai Donibane Garazin ere osasun langileen txertaketa ahalbidetzeko azpiegiturak sortzea.

Momentuz, Baionako erietxean eremu berezia antolatu dute txertaketa dispositiboa jasotzeko. Ez soilik erietxeetan lan egiten duten langileek, baita independente gisa lan egiten duen profesional orok ere. Izena Internet bidez eman ondoren, bertara joan eta adostasun agiria izenpetu ondoren txertoa jasoko dute profesionalok.

Hainbat hautetsi kezkaturik azaldu dira txertaketa prozesua oso mantso hasi baita Estatu frantsesean bezala baita Euskal Herrian ere. Horiek hala, Korsikako gobernu abertzaleak, alde batetik, eta Alsazia eskualdeko agintariek, bestetik, Emmanuel Macronen gobernuak erakutsi duen eraginkortasun falta agerian utzi dute.

Arosteguyren proposamena

Biarritzeko alkate Maider Arosteguyk, bere aldetik, Lapurdi kostaldeko hirian dagoen udal kasinoan txertaketa zentro azkarra zabaltzeko asmoa azaldu du. Bere esanetan, Prefeturaren eta Osasun Agentziaren oniritzia jasoz gero heldu den astetik aurrera prest izango litzateke azpiegitura berria.

Edonola ere, Osasun Agentziak ez du begionez hartu Biarritzeko auzapezaren proposamena. Txertaketa kanpainaren lehenengo fase honetan Arosteguyk egindako proposamena ez dela gauzagarria nabarmendu du aipaturiko erakundeko ordezkari batek.