NAIZ

Iranek «nahastuta» Ukrainako hegazkina bota zueneko urteurren korapilatsua

AEBek Iraken zuten base militar baten aurkako mendeku-erasoaren ostean Irango Armadak 176 pertsona zeramatzan Ukrainako hegazkin zibila bota zuen. Urtebete geroago, auziak ez du aurrera egin.

Hildako bidaiarien omenez Teherango Azadi dorra 176 zenbakekin (farsieraz) argiztatuta. (Atta KENARE/AFP)
Hildako bidaiarien omenez Teherango Azadi dorra 176 zenbakekin (farsieraz) argiztatuta. (Atta KENARE/AFP)

Urtarrilaren 8an Ukranan International Airlines (UIA) konpainiaren Boieing 737 hegazkinak lurra jo zuen Teherango aireportutik aireratu eta handik gutxira, goizeko lehen orduan. Bertan zihoazen 176 bidaiariak hil ziren.

Aurreko goizaldean Irango Guardia Iraultzaileak Amerikako Estatu Batuek (AEB) Iraken okupatzen zuten base militar baten aurkako aire erasoa egin zuen.

Egun batzuk lehenago Qasem Soleimani Al Quds brigaden komandantea erail zuten AEBek Bagdaden aire eraso baten bidez. Al Quds Guardia Iraultzailearen nazioarteko frontea da, eta berebiziko presentzia du Ekialde Hurbilean Iranen interesak defendatzeko.

Teheranek istripuaren hipotesia zabaldu zuen lehen momentutik, hegazkina erori ez baizik bota egin zutela zioten aztarnak eta testigantzak gero eta nabariagoak ziren arren.

AEBen kontraeraso baten beldur

Handik hiru egunetara onartu egin zuen aire erasoen aurkako Guardia Iraultzailearen defentsak hutsegite batean bota zuela; AEBetako gurutzaldi-misil batekin nahastu omen zuen, Washingtonen kontraeraso baten beldur zirelako.  

Irango Hegazkintza Zibileko Erakundeak defentsa sistemaren unitate bat «108 gradu desbideratuta» zegoela ondorioztatu zuen, eta ahatik hegazkina mehatxu batekin nahastu zuela. Gainera, misilak jaurti zituen operadorearen eta koordinazio zentralaren arteko «komunikazio okerra» nabarmendu zuen.

Hasieratik kaxa beltzak Estatu frantsesari helarazteko konpromisoa hartu zuen Irango Gobernuak baina hilabete luzeak hartu zituen ikerketarako baliotsuak ziren froga horiek Parisera bidaltzeko.

Urtebete geroago, biktimen familiek eta milaka irandarrek sare sozialetara jo dute beren tristura eta haserrea kaleratzeko. Teherango agintarien mezuak, ordea, kontraesankorrak dira.

Ukrainako eta Kanadako gobernuak (Ipar Amerikan bizi eta ikasten zuten irandarrak izan ziren biktima gehienak) oso kritikoak izan dira hasieratik Errepublika Islamikoaren gestioarekin.

Tragedia gertatu eta hilabete batera, Vladimir Zelenski Ukrainako presidenteak salatu zuen Iranek lehen momentutik zekiela misil batek bota zuela hegazkina, aire kontroladoreek grabatu zutelako.

Eta Kanadako Gobernuarekin batera, ziur da Teheran kaxa beltzak dekodifikatzen saiatu zela aurkitu zituztenetik eta horregatik ez zutela nahi inoren esku uztea.

«Justizia egongo da»

Egun hauetan, Irango presidenteak auzia behar den moduan epaituko dela ziurtatu du eta, «pertsona baten akatsa izan bazen ere, istripuaren angelu guztiak aztertu eta errudun guztiak zigortuko» dituztela gaineratu du.

«Justizia egongo da», bat dator Mohamad Yavad Zarif Kanpo Arazoetarako ministroa.

Guardia Iraultzaileak AEBei egotzi die erantzukizun guztia, Soleimaniren hilketaren ostean zegoen tentsio izugarriagatik.

«Gertakari mikatz hura AEBek herrialdean egin zituzten ekintza terroristen inguruan eman zen, Irango nazioaren aurka maltzurkeria erakutsiz».

Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak Iranen egiten ari diren ikerketaren «inpartzialtasun falta» eta «interesen talka» salatu du eta hegazkinaren suntsiketaren inguruan hainbat galderari erantzuteko eskatu die.

Izan ere, Iranek abenduaren amaieran eman zizkien ikerketaren emaitzak dagozkien gobernuei. Hauek bi hilabeteko epea dute aztertzeko eta iritzia emateko.

Hildakoen familiak eta oposizioko irandarrak ere ez dira fio Irango Gobernuarekin eta justizia aldarrikatu dute urteurren honetan.

Teherango Azadi torre enblematikoa argiztatuta agertu zen herenegun gauean eta 176 zenbaki mordo bat proiektatu zituzten fatxadan.  

Azadi torrea izan zen duela urtebete protesten eremu nagusia. Hegazkinaren suntsiketa Irango sistema teokratikoa salatzeko aukera baliatzen saiatu zen oposizioa. Poliziak ez zion inondik inora utzi.