Gu, Erebuseko marinelak
KORONABIRUSAREN KRISIA - NOLA IRITSI GARA HONAINO? (VIII)
Artikoak Erebus ontzia irentsi zuen 1847an, orduan igaroezina zen Ipar Mendebaldeko bidearen bila zebilela. Poloa urtzearekin batera azaleratu zen bere eskeletoa 2014an.
Bidaia hau gaur bukatzen da, eta zorrak kitatzeko garaia heldu da. Mikrobioak gauza ona ere badirela azalduko genuela esan genuen aurreko batean. Horrela uste du behintzat Felix gazteak. Ez dugu bere abizena ezagutzen, baina bai bere istorioa: erretinoblastoma izeneko minbizi batengatik begi bat galdu ostean, bi urte ere ez zituela, Bartzelonara iritsi zen tratamendu esperimental bat probatzera. Sant Joan de Deu ospitalean genetikoki eraldatutako birus bat txertatu zioten, zelula kantzerigenoak eraso zitzan, eta bi urte geroago, ikusmenari eutsi dio, eta ez da geratzen minbiziaren aztarnarik.
Duela mende bat sortu zen ideia ero hau: birusak gaixotasunak menderatzeko erabil daitezke. Disenteria ikertzen zuenean, Felix d’Herelle mediku kanadarrak izan zuen burutazioa, Shigella bakterioa erasotzen duten birus batzuk antzeman zituenean. Antzeman baino, euren existentzia susmatu zuen, eta izena jarri zien: bakteriofagoak. Beti bezala, ideiaren kontrako ahotsak altxatu ziren –Jules Bordet Nobel sariduna da aipagarriena–, baina bi hamarkada geroago, 1940an, mikroskopio batek baieztatu zuen d’Herellen teoria: bakterioak jaten dituzten birusak, gaur egun fago deitzen direnak, existitzen dira.
Ordutik, fagoak sendagai moduan erabiltzeak polemika biziak piztu ditu sendagileen eta ikerlarien artean. Hamarkadetan, eztabaida bigarren maila batean egon da, bakterioekin akabatzeko antibiotikoak nahikoa zirela uste izan baita denbora luzean. Antibiotikoen gehiegizko erabilerak, ordea, bakterio erresistenteak garatzea ahalbidetu du, antibiotikoen erabilgarritasuna ezbaian jarriz. Ez harritu, beraz, etorkizunean fagoei buruz gehiago entzuten hasten bagara.
Ez hori bakarrik; azken urteetan itsasoan dauden fago andanen berri izaten hasi garen neurrian, ozeanoen orekan duten paperaz jabetzen hasi dira zientzialariak. Ozeanoena, eta planeta osoarena. Lurrean egiten den fotosintesiaren %10 jatorri birikoa duten geneek egiten dutela kalkulatzen da. Carl Zimmer dibulgatzaileak grafikoki azaltzen du: «Har ezazu arnasa hamar aldiz, eta eskerrak eman, arnasaldietako batengatik, birus bati».
Esker on gehiago zor dizkiegu birusei eta beste patogenoei, William Hamilton biologo ebolutiboak arrazoia baldin badauka behintzat: giza espeziearen ugalketa sexuala patogenoei zor diegula proposatu zuen 70eko hamarkadan. Baieztapenak azalpena eskatzen du. Bizitzaren hastapenetan, izaki bizidunak modu asexualean ugaltzen ziren, klonazioaren bidez, adibidez. Bada, zerk bultzatu zituen animalia batzuk sexu bidezko ugalketa hobestera? Berez, teorikoki, klonazioa bide seguru eta efektiboagoa da ugalketa bermatzeko, norberak bere buruarekin aski duelako beste izaki bat sortzeko.
William Hamiltonek modelo informatiko bat prestatu zuen fikziozko bi komunitaterekin: biek ezaugarri berberak zituzten, ugalketa sistema salbu. Aukera guztietan, ugalketa asexuala gailentzen zen. Nola azaldu, orduan, sexuala inposatu izana? Biologoak badauka hipotesi bat: patogenoak. Klonazioarekin, izaki batek besteari bere geneen %100 pasatzen dizkio, eta horrek patogeno bati aukera infinituak ematen dizkio mutatzen joan eta izaki horri nola erasan “ikasteko”. Behin ikasita, izaki horien ondorengoei ere eraso egin ahalko die, genetikoki igualak baitira. Bide sexualarekin, ordea, ugaltzaile bakoitzak uko egiten dio bere geneen erdiari, baina, trukean, genetikoki desberdina den izaki bat sortzen da, patogenoei gauzak zailago jarriko dizkiena, eta hortaz, bizirauteko aukera handiagoak dituena. Hamiltonek arrazoia balu, patogenoei eskertu beharko genieke, beraz, sexua. Auskalo.
Miraria desegin da
Pixkanaka-pixkanaka ikasi dugu birusak –eta bakterioen edo onddoen moduko beste patogeno potentzial batzuk– ez direla beti kaltegarriak. Are, bizitza ezagutzen dugun moduan posible egiten laguntzen dute sarri. Hori aurkitu duen komunitate zientifikoak lortu du, azken mende eta erdian, historikoki gizakia kolpatu duten hainbat eta hainbat patogeno kontrolatzea, besteak beste, baztanga, elgorria, izurria eta kolera. Denbora tarte horretan giza espeziearen bizi itxaropena bikoiztu baino gehiago egin da, eta hori, neurri handi batean, gaitz infekziosoen kontrolak ahalbidetu du.
Aurrerapausoak hain handiak izan dira, ezen Macfarlane Burnet biologo, mediku eta Nobel saridunak iragarri baitzuen, 1951n, gaitz infekziosoak desagertu egingo zirela ia: «Bizitza komunitarioan faktore esanguratsu bat izateari utziko diote». Gauza interesgarri asko egin zituen Burnet zelebreak –edozer gauzari buruz zeukan iritzia–, baina etorkizuna iragartzea ez zen horietako bat izan.
Azken hamarkadotan gaitz infekziosoen arriskua handitzen joan da esponentzialki, bukatu berri den 2020 honetan muturrean eztanda egin digun arte. Pandemien aroan sartu ote gara? Orriotan saiatu gara azken egunotan nola gertatu den azaltzen. Gauza asko kanpoan geratu dira, halabeharrez, baina funtsezko hariei tira diegu. Egia da tradizionalki giza espeziea kolpatu duten patogenoak kontrolpean dauzkagula, baina munduko azken izkina ere ustiatzera eraman gaituzten indarrek zoonosi berriak gertatzeko aukerak biderkatu dituzte. Patogeno berriontzat autobideak dira gure mundu globalizatu honetako konexio azkarrak, eta gizakien beste obra batzuek –besteak beste, abeltzaintza intentsiboak, bioaniztasunaren galerak eta aldaketa klimatikoak– zoonosi horiek garatu, hedatu eta gero eta arriskutsuago bihurtzea ahalbidetu dute. Era berean, XIX. mendean kolerarekin gertatu bezala, globalki hazi diren desorekek bidea errazten diete gaitz infekziosoei, bereziki zerbitzu publikoak ahuldu diren garaiotan.
Bide paralelo batean, zientziak bizi izan dituen aurrerapausoak itzelak izan dira. Urtea bete baino lehen koronabirusaren kontrako txertoa sortzea gauza txundigarria da, benetan handia. Zientziak atakatik nola edo hala ateratzeko bideak erakusten dizkigu, baina horretarako, jakina, ezagutza zientifikoak esaten digunari erreparatu behar diogu. Eta gordinki formulatuta, zientziak esaten digu sistema kapitalistaren oinarria –etengabeko hazkunde ekonomikoa– eta gizakion etorkizuna bateraezinak direla. Hain sinple eta hain argi.
Artiko urtu batean noraezean
Erebusera itzuliko ginela ere esan genuen. Kontakizun hau belaontziaren barruan hasi genuen, 1842. urteari ongi etorria ematen Antartikako izotzean. Esplorazioaren urrezko aroa zen; britainiarren inperialismoarena bezala. Union Jack banderapean hedatu ziren merkataritza librea eta industrializazioa, landa eremuko exodoa eta langile klasearen sorrera, erregai fosilen energia eta globalizazioa. Indar horiek sortu zuten mundu baten oinordekoak gara.
Antartikara bidaia arrakastatsua amaituta, indar horiek munduko beste muturrera eraman zuten Erebus, zirkulu polar artikora, ordukoan sir John Franklin kapitainak gidatuta. Espedizio berriaren helburua Ipar Mendebaldeko bidea topatzea zen, esplorazioaren izenean, eta, jakina, merkataritzaren mesedetan. Panamako kanalari 70 urte falta zitzaizkion oraindik, eta Asia eta Europa lot zitzakeen edozein bide berri sari preziatua zen. Oraingoan, ordea, ez zen hain erraza izango. Franklin 60 urte betetzear zen ordurako, eta ospe handiko esploratzailea zen. 1918an, Artikoko zona ezezagunak kartografiatu zituen lehendabiziko aldiz, nahiz eta ospea beste pasarte batek eman zion: izotzetan harrapatuta, larruzko oinetakoak jan behar izan zituen «sabela indartzeko», berak idatzi zuenaren arabera. Eta horrela ezagutu zuten urte luzez: bere botak jan zituen gizona bezala. Mende laurden bat geroago, ordea, bere botek ere ez zuten salbatu. Erebus eta Terror itsasontzietan banatuta, 134 pertsonako espedizioa 1845eko maiatzaren 19an atera zen Greenhithetik, Ingalaterran. Bakarra ere ez zen etxera bueltatu. Ontzi garaiezin haiek, kontinente antartikoko lurra begiztatu zuten lehendabizikoak, 1842. urteari ongietorri alai eta kezkagabe hura eman ziotenak, lurrak irentsi balitu bezala desagertu ziren urte gutxi batzuen buruan betiko.
Bi belaontzien eta haien tripulazioaren patua esplorazioaren argitu gabeko misterio handienetakoa izan da mende eta erdian. Hamaika espediziok bilatu zituzten lehenengo urteetan. Gero, tarteka interesa berpiztu eta bilaketa berriak martxan jarri arren, Erebus eta Terror ontziek desagertuta jarraitzen zuten XXI. mende hasieran. 2008an, Kanadako Parke Nazionalen Erakundeak bilaketa berri bat abiatu zuen. Historia guztia errepasatu, inuiten ahozko memoriatik apunteak hartu, eta, teknologia berriek lagunduta, martxan jarri ziren. Lehenengo sei urteetan ez zuten ezer lortu, baina 2014an, Ryan Harris arkeologoak topatu zuen azkenean sonarrean bilatzen zuen irudia: Erebus bere horretan zegoen, metro gutxi batzuk urperatuta, Wilton and Crampton badian, Ipar Mendebaldeko bidea topatzetik urrun.
Neurri handi batean, Erebus harrapatu zuen izotza urtu izanak ahalbidetu du, mende eta erdi geroago ontziaren arrastoak topatzea. Hortxe, agian, paradoxa: Erebus Artikora bidali zuten indarrek lortu dute azkenean espedizio haren helburua; Ipar Mendebaldeko bidea irekitzea. Gaur egun gero eta errazagoa da, aldaketa klimatikoa medio, Atlantikoa eta Pazifikoa iparraldetik lotzea; bide komertziala errealitate izanen da hemendik gutxira. Hori lortzeko prezioa Artikoa urtzea izan da, eta eskupekoa, Erebusaren eskeleto gordina, urpetik galdetzen diguna: benetan merezi izan al du?
Jakina ezetz, baina nahiago dugu gorpu horrekin ez ikusiarena egin; gu ederki geunden 1842ko Urtezaharretako Erebus haren gainera igota, jai giroan, etorkizuna bere kabuz konponduko den zerbait dela pentsatzen. Baina ordukoek ez bezala, guk badakigu nola bukatzen den bidaia hau.
Oharra: Inor despistatu ez dadin, eta ez diren tituluak ezar ez ditzan, kontaketa honetako istorio gehienak –hilabeteotan irakurritako eta egindako elkarrizketa eta artikuluez gain– liburu sorta batetik datoz. Esanguratsuenak (denak gaztelerara itzulita daude): Laura Spinneyren “Pale Rider: The Spanish Flu of 1918 and How it Changed the World” (2017), Sonia Shahren “Pandemic” (2016), David Quammenen “Spillover” (2012), Karl Zimmeren “A Planet of Viruses” (2011), Paul de Kruifen “Microbe hunters” (1926), Adam Kucharskiren “The Rules of Contagion” (2020) eta Michael Palinen“Erebus, The Story of a Ship” (2019).
KORONABIRUSAREN KRISIA - NOLA IRITSI GARA HONAINO? ZORTZI KAPITULUAK:
(I) Urtezaharra, existitzeari utzi dion toki batean
(II) Jauzi egiteko tranpolin bat
(III) Beldur al da armiarma adarbakarraren adarrarekin?
(IV) Abrakadabra, ideia berri bat
(V) Desberdintasun handiagoak mundu txikiago batean
(VI) Hogei umezurtz portuz portu
(VII) Planeta bat, osasun bat
(VIII) Gu, Erebuseko marinelak