Joseba Iturria
Periodista deportivo. Real Sociedad y ciclismo
Entrevue
Igor Zubeldia
Realeko jokalaria

«Titulu bat lortzea gure ametsa da eta dena ematera joango gara»

Azkoitiarra gogotsu dago bihar Bartzelonaren kontra Superkopako finalerdia jokatu aurretik. Camp Noun abenduan jokatu zuten partidatik ondorioak atera dituzte txuri-urdinek eta Kordoban orduko bigarrengo zatiko jokoa hasieratik egin nahi dute. Bartzelona garaitzeko gai dela uste du.

Igor Zubeldia, Bartzelonaren aurkako ligako partiduan. (Lluis GENE / AFP)
Igor Zubeldia, Bartzelonaren aurkako ligako partiduan. (Lluis GENE / AFP)

Realak 33 urte daramatza jada final bat jokatu gabe. Zubeldiak 23 ditu eta hiru hilabeteko epean bi jokatzeko aukera izango du bihar 21.00etan Bartzelonari irabazten badiote. Partida «disfrutatu» nahi du eta argi dio irabazteko gai direla sinisten dutela. Azken partidetan Realak jasotako gol kopurua handitu egin bada ere, baloirik gabe talde guztiak egiten duen lana nabarmendu nahi izan du zaleek abenduko Realeko jokalari onena izendatu duten Zubeldiak.

Atzelari gisa jokatzen ari zarela kontuan izanda, garrantzitsua da zuretzat zaleek abenduko jokalari onenaren saria zuri ematea erabaki izana?

Beti hartzen da gustura horrelako notizia bat, baino horri ez diot garrantzirik ematen. Nik egunerokotasunari ematen diot garrantzia, egunero aurrerapausoak emateari. Horrekin emaitzak heltzen dira. Inportanteena da bakoitza gustura gelditzea, norberaren bilakaera hobetzen ari dela ikustea, baina, noski, poztekoa da beti jendeak defentson lana baloratzea. Logikoena erasoko jendea azpimarratzea da, golak sartzen dituztelako eta denoi gustatzen zaigulako golak sartzea.

Erdiko atzelari gisa ari zara jokatzen aurten, euskarri posturako Zubimendi, Guevara eta Illarramendi ere badaudelako.

Iaz ere partida asko jokatu nituen zentral. Aurten, lehen partida eta Osasunaren aurkakoa kenduta, guztiak jokatu ditut hor eta gustura sentitzen naiz; automatismo gehienak barneratu ditut eta egunetik egunera hobeto sentitzen naiz. Derbian azken minutuak jokatu nituen hegalean, baina hasieratik hor atera nintzen egunean ez  nuen espero. Hor jokatu behar nuela ikustean, mentalizatu egin nintzen. Taldeari laguntzeko prest nago; gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatu nintzen eta ondo atera zen.

Zalantza asko zeuden defentsarekin eta, azken partidetan kenduta, maila onean ari zarete.

Defentsan lau jokalari gara normalean, baina defentsa lana taldeko hamaika jokalariok egiten dugu. Denok batera joaten bagara, emaitzak hobeak dira. Aurten ikusten da talde sendoagoa garela . Talde honi hori kostatzen zitzaion, baina aurten ari gara erakusten indartsu ari garela, talde ona garela defentsan. Inportantea da golik ez jasotzea; galtzen  hasten bazara partida hankaz gora jartzen da eta lan asko egin behar da buelta emateko. Lan ona ari gara egiten, gol gutxi jasotzen.

Azkeneko boladan astean bi partida jokatzea nabaritu al duzue?

Ez dut uste hala denik. Erakutsi dugu astean bi partida jokatu eta edozein talderi aurre egiteko gai garela. Futbolean momentuak  izaten dira eta orain bolada bat izan dugu ezin irabazi ibili garela, gehiago asmatzea falta zaigula, baina ohitu gara horretara eta ez dugu jartzen aitzakiarik. Guretzako hobe da astebeteko tartea izatea errekuperatzeko eta partidak prestatzeko, baina aurtengo egoeran partida asko daude eta horretara ohitu gara. Erakutsi dugu gai garela denetan lehiatzeko.

Harrobiko jokalari batentzat Realarekin titulu bat irabaztea gauzarik handiena da, ezta?

Edozein jokalarirentzat da ametsa zure taldearekin titulu bat lortzea; aurten aukera politak ditugu eta saiatuko gara lortzen, borroka egingo dugu behintzat horretarako. Bat ez da egunero heltzen horrelako partidetara, finaletara. Aurten tituluak eskuratzeko aukera politak dauzkagu eta denok gogotsu gaude, motibazio handiarekin. Dena ematera joango gara eta, gure lana egiten badugu, irabaztetik gertu egongo gara. Disfrutatzera joango gara eta ahal bada titulua eskuratzera.

Bartzelonaren kontrako azken partidan lehen zatian gaizki ibili zineten, eta, bigarrenean, nagusi izan zineten. Biharko baliagarri suertatuko al da partida hori?

Partida denetatik ateratzen ditugu ondorioak, zer egin behar den eta zer ez. Lehena ez zen gure zatirik onena izan, baina bigarrenean betiko Reala ikusi zen. Horretara joango gara. Badakigu Bartzelona zer-nolako taldea den; lehen zatian egin genuena ez errepikatzen eta bigarreneko irudia hasieratik ematen saiatuko gara.

Partida horretan beraiekin lehiatzeko gai zaretela ikusi al zen?

Talde handien kontra aurrez aurre jokatzeko gai garela erakutsi dugu bai Ligan bai Europan. Batzuetan irabazi eta besteetan galdu egin dugu, baina orain arte eman dugun irudia ona izan da. Edozein talderi aurre egin diezaiokegula sinisten dugu jokalariok. Dakigun jokoa egiten badugu, irabaztetik gertu egongo gara.

Azken partidetan maila bikaina ematen ari da Messi. Griezmann bera ere gero eta hobeto ari da...

Denok dakigu zer-nolako jokalaria den Messi. Azken partidetan golak sartzen ari da eta gure kontra ere erakutsi zuen. Eta ez erasoan bakarrik, defentsako lanean ere, inoiz ez bezala korrika egin zuen. Hori Bartzelonak nabaritu eta eragina izan zuen. Guretzat partida erraza ez da izango. Eta ez bakarrik Messi edo Griezmann, beste guztiak ere zerbaitegatik daude Bartzelonan; denak dira oso onak.

Tristea da titulu bat irabazteko aukera izan eta zalerik ez izatea...

Bai, hala da. Gauden egoeran gaude eta moldatu gara partidak horrela jokatzera, baina denoi gustatuko litzaiguke zaleak zelaian egotea eta beraien gertutasuna sentitzea. Ez da posible eta pena da aurten tokatu izana, baina aurrera egin behar dugu.

Zaleturik gabe, partidak berdindu egiten direla esan zuen Messik elkarrizketa batean. Aukera gehiago dituzue horregatik?

Berdintzen den gauza bakarra da orain jada ez dagoela etxean edo kanpoan jokatzearen arteko alderik. Bartzelonak etxean nabarituko du hori, bere zelaian zalerik ez dagoelako, baina, beraiek hona etortzean, guk geuk nabarituko dugu. Inori ez zaio gustatzen zalerik ez egotea. Moldatu gara, baina ea lehenbailehen uzten duten jendea harmailetara sartzen egoera hobetu delako.

Lauko finalen formatua gustuko al duzu?

Neri gustatzen zait; entretenigarria da eta titulua Bartzelona edo Real Madril bezalako talde handi baten kontra irabazteko aukera izateak beti ematen dizu poztasun puntu bat gehiago. Baina, gu, edozein talde aurrean dugula ere, disfrutatzera eta titulua irabaztera joango gara. Are gehiago partida batera izanda. Ondo gaude, eta, beraz, edozer gauza gerta daiteke; aukerak denok ditugu eta irabaztera joango gara.