Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota

Aurkariak idortzen jarraitzen dute Aimar Olaizolak eta Beñat Rezustak (22-11)

Goizuetakoa eta Bergarakoa hasiera-hasieratik nagusitu dira, nahiz eta markagailuak iradoki dezakeena baina lan gehiago egin behar izan duten.

Aimar Olaizolak ondo asmatu du Rezustaren nagusitasunari etekina ateratzen. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Aimar Olaizolak ondo asmatu du Rezustaren nagusitasunari etekina ateratzen. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Ez dute, oraingoz, inor euren jokoarekin txunditu, baina Aimar Olaizola eta Beñat Rezustak lehen itzulian euren enpresako bikoteen aurka jokatu beharreko partida guztiak irabazi dituzte, Mikel Urrutikoetxea eta Ander Imazi 22-11 gailenduta. Gaizkile ankerrenek bezala, zarata handirik atera gabe, Goizuetakoa eta Bergarakoak euren biktimak idortzen jarraitzen dute, kantxan eroso egoteko inolako aukerarik eskaini gabe.

Ezer gutxi eginda, apenas 9 pilotakada jota, lortu dute markagailuaren kontrola bereganatzea (3-0) eta nahiz eta hurrengo tantoan 113 jota urdinek euren lehena lortu, gorrien agintea ez da inoiz zalantzan izan. Oraindik aurkariak txikitzen dituen jotzaile handi hori izatera itzuli ez den arren, Beñat Rezusta beti da aurkari deserosoa edozeinentzat eta Ander Imaz lan asko egitera, asko kosta zaio partidan sartzea eta dezente sufritu du. 

Aimar Olaizolak ez du ohitura handirik halako atzelari jotzaile batekin jokatzen, baina ederki moldatu da egoerara, bergararrari utzi dio bikotearen pisua eta bere aukeren zain geratu da, gehienetan asmatu eta akats gutxi eginaz gainera. Mugimenduetan bizkorrago sumatu dugun arren, Mikel Urrutikoetxea ez da oraindik erabat jarri aurreko koadroetako jokora eta ezin izan dio Ander Imazi behar zuen laguntza guztia eman. Tarteka erremate politen bat sartu badu ere, Zaratamokoa ez da gai izan partidaren erritmoa alda zedin ezer egiteko eta partida dezente gogortu eta luzatu da, baina tanto gehienak gorrien zakura joan dira.

Lanik ez da falta izan

Hori bai, Urrutikoetxea eta Imazi ez dago lanik egin ez izana leporatzerik. Partida oso maldan giro jarri zaien arren, lehen atsedenaldi luzera 12-4 joan dira aurretik gorriak, lanari ez diote muzin egin eta ekinean jarraitu dute, nahiz eta inoiz ez duten asmatu arerioei nondik min egin.

Gainera, sendotasuna, akatsik apenas egitea da Binakako txapelketa honen liderren ezaugarririk nabarmenetakoena eta hortik ere laguntza gutxi heldu zaie urdinei, Olaizola eta Rezustak apenas egin baitute oparirik, –3 pilota galdu dituzte denera–. Bizkaitarrak eta Gipuzkoarrak, aldiz, denera 12 huts bildu dituzte –Urrutikoetxeak urrutitik sartu behar izan du eta Imazi lana pilatu zaio– eta garaipena gero eta urrutiago izan dute, nahiz eta azkenean,oso azkenean, hiru tanto egin dituzten segidan eta horrek markagailua zerbait txukuntzeko aukera eman dien.

PARTIDAKO FITXA:

Olaizola-Rezusta: 22

Urrutikoetxea-Imaz: 11

Pilotakadak: 741. Iraupena: 67,28 minutu. Markagailua: 3-0, 3-1, 5-1, 5-3, 6-3, 6-4, 12-4, 12-5, 13-5, 13-6, 14-6, 14-7, 18-7, 19-8, 20-8, 20-11, 22-11. Sakeak: 1 Olaizola II.ak eta 0 Urrutikoetxeak. Tantoak: 9 Olaizola II.ak, 1 Rezustak, 6 Urutikoetxeak eta 1 Imazek. Hutsak: 2 Olaizola II.ak, 1 Rezustak, 6 Urutikoetxeak eta 6 Imazek. Gorabeherak: Binakako txapelketaren hirugarren jardunaldiko jaialdia Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu zen, ateak itxita.