Jon Ormazabal

Mikel Urrutikoetxeak Zumaian topatu du bere lekua aurreko koadroetan (17-22)

Behetik gora eginda, Zaratamokoak eta Ander Imazek euren bigarren puntua eskuratu dute Jakari eta bere lehen partidan lehia erditik aurrera eskuina minduta aritu den Bikuñari irabazita.

Mikel Urrutikoetxea oldarkorrago aritu da erasoan. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Mikel Urrutikoetxea oldarkorrago aritu da erasoan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Lehen hiru partidak etxean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu ostean, beste frontoi beltz batean, Zumaiako Aitzurin topatu du bere lekua aurreko koadroetan Mikel Urrutikoetxeak eta aspaldiko bere partidarik onena jokatuta, euren bigarren puntua eskuratu dute Zaratamokoak eta Ander Imazek Jaka-Bikuñari 17-22 irabazita. Egia da, azkenerako donostiarrari luze egin zaiola lehen mailan jokatu duen lehen partida eta aukerak ere nahi eta ezinean aritu den Erik Jakak baino gehiago, eta hobeak izan dituela, baina partidako lehen tantoetatik beste jarrera bat, oldarkorragoa, alaiagoa sumatu zaio bizkaitarrari eta partida bikaina osatu du, batez ere txokoan min handia eginez.

Partida orekatua izan da hasieratik, nahiz eta lehen tantoetan gorriena izan den markagailuaren agintea. Ander Imazi bere lehen mailako aurrenengo partida jokatu duen Iñigo Bikuñari baino gehiago kostatu zaio partidan sartzea eta horixe izan da Aspekoen aldearen arrazoi nagusia. Donostiarrak lasai ekin dio lehiari, hutsik egin gabe –errestoren batean ibili da apur bat bigun eta batzuetan presaka antzean ere ibili da– eta eskuinarekin aurkaria dominatuz.

Aurrean biak saiatu dira bikotearen zama euren bizkar gainean eramaten, baina lehen tantotik ikusi da Mikel Urrutikoetxea aurreko asteen baino oldarkorrago zegoela eta partidan sartu dira Baikokoak. Tantoek aurrera egin ahala, ordea, Iñigo Bikuñari pilota bat sartu zaio eskuin eskuan, ezin izan du pilota gozatzen jarraitu eta atzeko koadroetako egoera erabat aldatu da, Imazek nabarmen egin du gora, Erik Jakak jokoan sartzeko aukera dezente gutxiago izan ditu eta Mikel Urrutikoetxeak aldiz, Zumaiakoa bezalako pilotaleku zabal batean, min handia egin du erremateekin, batez ere txokoan.

Imaz, behetik gora

Gauzak horrela, 1-8ko partzial batekin, Baikokoak izan dira lehen atseden luzera aurretik joan direnak (9-12). Baina bikote gipuzkoarraren erreakzioa ere berehalakoa izan da eta lan erdietan ez zen erraza partida zein aldetara eroriko zen asmatzea. Pilotak ere pixkanaka gastatuz joan dira eta partida dezente gogortu da eta Bikuñari lanak pilatzen joan zaizkio, Erik Jakak jokoan sartzeko aukera gutxiago izan ditu eta.

Erritmo motelago horretan arnas luzeagokoak eta iraunkorragoak izatea erakutsi dute Zaratamokoak eta oiartzuarrak eta partidaren azken txanpan lortu dituzte Baikokoek partidako alderik handienak (15-20). Izan dute gorriek susperralditxoa, batez ere Imazek egindako huts batzuei esker, baina Baikokoek ez dute barkatu.

 

Jaka-Bikuña:17

Urrutikoetxea-Imaz: 22

Pilotakadak: 591. Iraupena: 70,30 minutu. Markagailua: 2-0, 2-1, 3-1, 3-2, 4-2, 4-4, 8-4, 8-9, 9-9, 9-12, 12-12, 12-13, 14-13, 14-16, 15-16, 15-20, 17-20, 17-22. Sakeak: 1 Jakak eta 4 Urrutikoetxeak. Tantoak: 5 Jakak, 2 Bikuñak, 10 Urrutikoetxeak eta 1 Imazek. Hutsak: 4 Jakak, 3 Bikuñak, 4 Urrutikoetxeak eta 5 Imazek. Gorabeherak: Zumaiako Aitzuri pilotalekuan eman zaio hasiera laugarren jardunaldiari.