Imanol Alvarez tentuz zegoen A Guardara bidaiatu aurretik. Bi hilabetez norgehiagoka ofizialik jokatu gabe egon ostean, arerio indartsu bati egin behar zioten bisita eta errespetu handiz zegoen entrenatzaile ermuarra. Gainera, Gil, Cesáreo eta Boada gabe joan zen Galiziara; eta Maitane Etxeberriak molestia batzuekin jokatu du.
Beldurra alde batera utzi eta errespetuz salto egin dute donostiarrek A Guardako «infernura» -hala deitzen diote pabilioiari, gehienbat zaleen berotasunagatik; larunbat honetan etxekoek faltan bota duten berotasuna, alegia- eta lehen zatirako garaipena bideratuta utzi dute.
Zortzigarren minututik 22 minutura golik ezin eginda egon da etxeko taldea eta bitartean, Bera Bera beste bost egin ditu, horietariko bi jokalari bat gutxiagorekin. Hala, markagailuko aldea lasaitasunez kudeatzeko aukera izan du Imanol Alvarezek.
Meritu handiko lana egin dute donostiarrek, sendotasuna behar baita Atletico Guardes moduko talde bat sei golean uztea lehenengo 30 minututan. Gainera, kontuan hartu behar da txapelketako golegile nagusia dagoela Galiziako taldean, Paulina Buforn -lehen zatian gol bakarra egin du-.
Bigarren zatian hobetu ditu lanak Buforn (beste lau gol egin ditu) eta Atletico Guardesek baina jada ezinezkoa bilakatu zaio Bera Berarengana hurbiltzea. Hamar goleko aldea inposatu du talde donostiarrak eta hori handitzea ere lortu du, Renata eta defentsa onaren poderioz.
Imanol Alvarezen taldeak neurketa oso borobila jokatu du eta bigarren planoan zeuden jokalariek ere kalitatezko minutuak eskaini dituzte; Malena Cavo argentinarra, esaterako (6 gol egin ditu). Ainhoa Etxeberria ere fin aritu da beste hiru gol eginaz.
Esther Arrojeria izan da neurketako golegile nagusia. Emma Boadaren lesioaz geroztik, usurbildarra minutu asko jokatzen ari da eta bera da taldearen iparrorratza.
Istorio gehiegirik gabe landu da bigarren zatia; etxeko taldearen gol bakoitzari beste gol batekin erantzuten baitzion Bera Berak. Normala den bezala, erritmoa asko jaitsi da bigarren zatian, guztia kontrolpean zegoela ikusita.
Bigarren itzulia, beraz, garaipen garrantzitsu batekin hasi du Imanol Alvarezek gidatutako taldeak. NAIZeko elkarrizketan esan bezala, kasik balio bikoitza daukate larunbat honetan eskuratutako bi puntuek hurrengo fasera begira, arerio zuzen baten aurka lortu baitituzte.
Hilaren 30ean pasa den astean jokatu beharreko neurketa jokatuko du. Igo berri den Cicar Lanzarote jasoko du talde gipuzkoarrak.
Zuazok porrota jaso du Valladoliden
Zuazok, bestalde, galdu egin du Valladoliden. Lehen zati txukuna egin ostean, Joseba Rodriguezen taldeak ezin izan dio erritmoa eutsi etxeko taldeari eta 28-21 galdu du.
Bigarren itzulia bi porrotekin hasi du Barakaldoko taldeak. Aste konplikatua eduki du Zuazok, asteazkenean Malagaren aurka lehiatu baitzen eta hiru egun beranduago Valladolidera egin du bidaia. Nolanahi ere, bi neurketetan hortzak erakutsi ditu. Hurrengo aurkaria Cicar Lanzarote izango da -honek, astebete lehenago, Donostiara egingo du bisita- eta Lasesarren denboraldiko lehen garaipena bilatuko dute bizkaitarrek.