Dabid Lazkanoiturburu

Kremlinaren eta sare sozialen arteko talka

Bi unibertso paralelo daude Errusian komunikabideen alorrean: batetik medio tradizionalak –gehien bat telebista–, Kremlinaren kontrolpean, eta bestetik internet, non oposizioak gero eta oihartzun handiagoa duen.

Kazetariak eta argazkilariak Moskuko istiluetan. (Kirill KUDRYAVTSEV/AFP)
Kazetariak eta argazkilariak Moskuko istiluetan. (Kirill KUDRYAVTSEV/AFP)

Egun hauetan poliziaren atxiloketak ekiditzeko kontseiluak ematen dira Tik-Tok jatorriz plataforma txinatarrean. Youtuben Putinek luxuzko jauregi bat eraikitzeko omen duen proiektuari buruzko Navalniren ikerketa-lanak 60 milioi ikusle izan ditu astean.

Kremlinak «internet subiranoa» garatzeko legea onartu zuen 2019an. Txinan gertatu den bezala sarea gobernuaren kontrolpean ez dela egongo ziurtatzen duen arren, bide bera darama.

Errusiako telekomunikazioen zaindariak, Roskomnadzorrek, isuniekin zigortu ditu sare sozialak 18 urtetik beherakoen babesaren aitzakiarekin.

Instagram berea den Facebookek ez du amore eman, «eduki horiek ez dituztelako gure baldintzak gainditzen».

Dagoeneko moztu ditu Errusiak oposizioaren webak eta amore eman ez duten beste batzuk, LinkedIn sare soziala moduan.

Hala ere, Googlerena den Youtube moduko mendebaldeko sareak ixtea askozaz zailagoa du, ekonomikoki eta politikoki kostu handiak izango zituelako.

Tik-Toki dagokionez, Errusiak Txinarekin dituen harreman onak baliatu ditzake baina gazteek bertan erabiltzen duten argota ez du ulertzen . Polizia funtzionarioak zoratuta dabiltza «hizkuntz» hori ezagutzeko. Iaz gauza bera gertatu zitzaion enkriptatutako mezuak erabiltzen dituen Instagramekin.

Gauzak horrela, Gobernuak lehiakide propioak ateratzea erabaki du. Runet bideo-plataforma da bat, Gazprom-Mediarena (Errusiako gas inperio erraldoia). Baina orainarte ez dio inolako itzalik egin Youtuberi.

Roskomnadzor telekomunikazio jendarmearen zuzendari izan zen Alexandre Jarovek zuzentzen duen Gazprom-Mediak Tik-Tok errusiarra bukltzatzeko asmoa du datorren urterako. Horretarako Innopraktikaren laguntza izango du, zurrumurru batzueo jarraituz Putinen alaba omen den Katerina Tikhonovak zuzentzen duen fundazioarena.