Frantziar Senatuak lehen urratsa eman du bart heldu den martxoan ospatzekoak ziren hauteskundeak atzeratzeko. Eskua altxatuz eginiko bozketaren ondorioz, Senatuak departamendu eta eskualdeetako kontseiluak berritzeko hauteskundeak «beranduenez ekainaren 20an» egiteko agindua eman zuen.
Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko boto-emaileei Pirinio Atlantikoen Departamenduko Kontseilu Orokorra eta Akitania Berriako Kontseilua hautatzea dagokie hauteskunde horietan.
Senatuaren bozketaren emaitza ezagutu bezain pronto «Gobernuak bere esku dagoen guztia egingo du hauteskunde horien ekainean egin ahal izateko» adierazi zuen Barne M inisterioaren bigarrena den Marlene Schiappa Herritartasun ministroak.
Jean-Louis Debre Kontseilu Konstituzionalaren lehendakari ohiak izenpeturiko txostenean oinarritu ziren senatariak hauteskundeen atzerapenari muga bat ezartzeko.
Pandemiaren egoera ikusita, Debrek bozak ekainera arte gibelatzeko aholkua eman zuen, baina ez zuen datarik zehaztu. Senatariek bai.
Hala eta guztiz ere Les Republicains alderdi eskuindarraren bultzadapean Senatuan bozkaturiko emendakina behin behineko erabakia da.
Heldu den otsailaren 9an frantziar Asanblea Nazionalak aztertuko du berriro ere gaia. Ganbera horrek badu hauteskundeei buruzko azkeneko hitza.
Senatuan ez bezala, Asanblea Nazionalean Macronen Errepublika Martxan taldeak du gehiengoa.
Edonola ere, Senatuak eginiko urratsaren ostean gaur gaurkoz baztertua ematen du azken hilabeteetan behin baino gehiagotan aipatua izan den plana: eskualde eta departamendu bozak 2022. urterako uztea, zehazki Presidentetzarako bozen ostean egiteko
Hasieratik ezkerrean zein eskuinean Macroni egotzitako asmo horrek errefusa handia bildu du.