Jaka, Erostarbe eta Irribarria alboan dituela, aproba egin du Julen Martijak Idiazabalgo Igarondo frontoian, eta Etxeberriko atzelariak igandean Bilboko Bizkaia frontoian jokatuko du, Erik Jaka buruz buruko egungo txapelduaren bizkarzain, Olaizola II eta Rezustaren aurka, Binakako Txapelketaren bosgarren jardunaldiari dagokion neurketan.
Tolosan behar zuen atzelari nafarraren aprobak, baina hezetasunaren erruz Idiazabal aldera joan behar izan dute lau pilotariek eta, ondorioz, aproba eta beronen emaitza ere apur bat atzeratu da. Hala ere, bezperako pilota aukeraketan egon ostean, entrenamendua ere balekotzat jo du Julen Martijak, eta jokatzeko moduan izango da, joan den asteburuko partidan kale egin ostean.
Izan ere, hirugarren jardunaldiko partida, Ezkurdia eta Ladis Galarzaren aurkako irabazi zuten hura hain zuen, eskuko minez amaitu zuen Etxeberrikoak. Ondorioz, Zumaian jokatu zen Urrutikoetxea eta Imazen aurkako dema jokatu ezinik geratu zen.
Lau jardunaldiren ostean garaipen bakarra pilatu du Jaka-Martija bikoteak, eta aurkari, berriz, lautik hiru aurrera atera dituen bikote «mixtoa» dute –Rezustak Baiko enpresako Olaizola IIarekin jokatzen duelako, alegia–. Aproba ongi joan omen denez, ezin itxaroten utzi, nahiz eta joan zen asteburuan Bikuñak lan txukuna egin egin Jakaren bizkarzain –22-17 galdu zuten Imaz eta Urrutikoetxearen aurka–, sailkapen nagusiko seigarren postuan daudelako Lizartzakoa eta Etxeberrikoa.
Aukeraketak bertan behera
Hezetasunak ez du errukirik izan egunotan frontoietan. Martijak Idiazabal aldera txangoa egin behar izan badu bere eskuen egoera ikusteko eta asteazkenean Mallabiko pilota aukeraketa bertan behera geratu bazen hezetasuna dela medio, ostegun honetan ere beste horrenbeste gertatu da Amezketako frontoian ere.
Astelehenean jokatu behar dute Urrutikoetxeak eta Imazek Altuna III. eta Mariezkurrena II.aren aurka. Atzelari biak elkarrekin ikusteko aurreneko aldia izango zatekeen, eta horrek, nahitaez, nolabaiteko morboa piztu du. Jakina da Imazek atzelari nafarrari salaketa jarri ziola artean biak Baikon zirela, Imazek enpresako zuzendaritzari pilotarien arteko bileretan adosturikoa filtratzen zuela leporatu baitzion hedabideen aurrean Mariezkurrenak atzelari gipuzkoarrari.
Morboak morbo, eta hezetasunak hezetasun, pilota enpresek jardunaldiko partidak jokatu egingo direla bermatu du, balizko hezetasunaren aurrean «neurriak» hartuko dituztela esan baitute.
Bestalde, hainbesteko arazorik gabe, Iruñeko Labriten bai egin ahal izan dute pilota aukeraketa Elezkano II eta Zabaletak, zein Peña II eta Albisuk. Aspeko bikoak 105,4; 104,8; 105,7 gramotako pilotak aukeratu ditu, eta Baikokoek, aldiz, 104,6 5-105,6; 104,2 gramotakoak.