NAIZ

Esperanza Luffiego izango da Zinemaldiko hautaketa-batzordeko kide berria

2012az geroztik Zinemaldiko Industria Saileko arduradunetako bat izan da Esperanza Luffiego eta, gaurtik aurrera, Zinemaldiko hautaketa-batzordeko kide izango da. Maialen Belokik utzitako lekua beteko du Luffiegok, eta Beloki Nest sailean eta Urte Osoko Zinemaldiaren kontzeptua garatzen ariko da.

Luffiegok beteko du Belokik utzitako lekua. (ZINEMALDIA)
Luffiegok beteko du Belokik utzitako lekua. (ZINEMALDIA)

Esperanza Luffiego Zinemaldiko hautaketa-batzordeko kide berria izango da. 2012az geroztik, jaialdiko Industria Saileko arduradunetako bat izan da, Saioa Ribarekin batera. Luffiegok ardura hori utzi eta filmak hautatzen jardungo du hemendik aurrera eta, horrez gain, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko proiektuen hautaketako adituen batzordean ere arituko da.

Hala, Maialen Beloki Zinemaldiko zuzendariordeetako batek hutsik utzitako postua hartuko du Luffiegok. Beloki, bere aldetik, Nest-eko hautaketan zentratuko da –film laburren lehiaketa, zinema-ikasleen topaketaren testuinguruan–, eta Urte Osoko Zinemaldiaren kontzeptua garatzen eta indartzen arituko da. Jaialditik azaldu dutenez, hori da, hain zuzen, erakunde honen apustu estrategiko handiena, eta Zinemaldiak XXI. mendean dituen funtsezko jarduketa-ildoak bateratzen dituena: talentu berriak bilatzea eta garatzea eta horiei lagun egitea (Ikusmira Berriak, Nest), prestakuntza eta zinemari buruzko ezagutzak transmititzea (Elías Querejeta Zine Eskola eta Zinemaldia +) eta ikerketa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua eta Zine argitalpena).

Zinemaldiko hautaketa-batzordea honela banatuko da, sailen arabera: Sail Ofiziala, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Horizontes Latinos, Perlak, Made in Spain, Belodromoa, WIP Latam eta WIP Europa kudeatzen leudeke Quim Casas, Roberto Cueto, Joxean Fernández, José Ángel Herrero-Velarde, Victor Iriarte, Esperanza Luffiego, Natalia Marín, Javier Martín, Lucía Olaciregui, Ruth Pérez de Anucita, Ana Redondo eta Amaia Serrulla; Nest atalean Maialen Beloki eta Víctor Iriarte; Culinary Zineman Lucía Olaciregui, José Luis Rebordinos eta Ana Redondo; eta Zinemira sailean Lucía Olaciregui, Ruth Pérez de Anucita eta José Luis Rebordinos.