2021-2022 ikasturterako euskarazko eskaintza izango du Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxe publikoak, Behatokiak eta Nafarroako Gobernuak baieztatu dutenez. Mendigorrian D eredua guraso taldeak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak gaur Nafarroako Hezkuntza Departamenduko arduradunekin egindako bileran jaso dute berria.
Behatokiak D ereduan aurrematrikulatzeko aukera izatea urrats garrantzitsua dela nabarmendu du, «aurrematrikulazio garaian haurren eskubidea egikaritzeko aukera izango dutelako».
Baina gurasoen eta Behatokiaren zalantza guztiak ez dira argitu, ordea. Hala dio Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak: «Nafarroan legeak ezarritako eremu misto zein ez euskalduneko hainbat herritara estrapolatu daiteke Mendigorriko kasua. Bada, herri horietako gurasoek ez dakite ongi zein prozedura eta baldintza bete beharko dituzten euren herrietako eskoletan D eredua ireki ahal izateko».
Horregatik, irizpideak eta baldintzak argitzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari, Nafarroa osoan euskaraz ikasteko aukera bermatu dezan; gaztelaniazko murgiltze ereduarekin gertatzen den gisan. «D ereduen irekierak Nafarroako herritar guztien berdintasuna, kohesioa eta eskubideen bermerako pauso sendoa izan daitezke», nabarmendu du Behatokiak.
Auzi luzea
Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxe publikoko guraso talde batek 2015ean ekin zion euren seme-alabek euskaraz ikasteko zuten eskubidea aldarrikatzeari.
Urte hauetan, familia batzuek haurrak Garesera eraman behar izan dituzte egunero D ereduan ikas zezaten. Behatokiaren arabera hamabi urtetik beherako eskolaratutako haurren %35-45 herritik kanpo joaten da D ereduan ikasteko.
Urteetan zehar Mendigorriko guraso elkarteak, Behatokiak eta Mendigorriko Udalak hainbatetan eskatu diote Nafarroako Gobernuari D eredua zabaltzea. 2020ko ekainean, guraso taldeak D ereduan matrikulatzeko aukera ez izatearen aurkako gorako errekurtsoa aurkeztu zuten Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduan, baina Gobernuak atzera bota zuen.
Uztailean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztu zuten errekurtsoa Mendigorriko gurasoek eta Behatokiak, bide judizialari bide emanez. Irailean Nafarroako Auzitegi Nagusiak kautelazko neurriak ukatu zituen.
«Elkartasunaren emaitza»
Nafarroan euskaraz ikasteko dauden oztopoen ikur bihurtu da Mendigorria. Behatokiak gurasoen ekina «eredugarria eta txalogarria» dela nabarmendu du, «aktibazioaren eta lanaren ondorioz lortu delako urrats berri hau».
«Bada garaia, ordea, Nafarroako Gobernuak eta erakundeek herritarren eskubideak bermatu ditzaten, beharrezko tresna eta baliabideekin. Urte hauetan guztietan Mendigorriko familiek jasan duten egoera onargaitza baita», azpimarratu du.