NAIZ

Osakidetzako sindikatu guztiek Gotzone Sagarduiren dimisioa eskatu dute

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren dimisioa eskatu dute, koronabirusaren kontrako txertoaren «kudeaketa negargarriagatik».

Osakidetzako sindikatuen mobilizazioa, gaur Bilbon. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Osakidetzako sindikatuen mobilizazioa, gaur Bilbon. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Osakidetzako sei sindikatuek, Satse, ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGTk, Lakuako Osasun sailburu den Gotzone Sagarduiren dimisioa eskatu dute. Ohar baten bidez gogorarazi dute hilabeteak daramatzatela pandemiaren «kudeaketa eskasa» salatzen.

Gainera, duela aste batzuetatik hona, «protokoloen negoziaziorik eza, informazio falta, opakutasuna eta prozesua ESIetan (Erakunde Sanitario Integratua) behar bezala ez hedatzea» kritikatu dute. Hauen hitzetan, Osasun sailburua da «zentzugabekeria» horren arduradun nagusia, eta «txerto kopurua nahikoa ez bada, txertoak zein zentrotara eta zenbat bidaltzen dituen erabaki behar du».

Hori dela eta, sindikatuek erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu diote Osasun sailburuari eta «arreta beste gai batzuetara desbideratzen ez saiatzeko». «Onartezina da plangintza orokor txar horren barruan sindikatuen ordezkaritzaren txertaketa erabiltzen saiatzea sindikatuak eta osasun langileak gaitzesteko eta pandemiaren kudeaketa eskasa ezkutatzeko». Kudeaketa arazo hauek, baina, ez dira zebait berria sindikatu hauen aburuz. «Duela urte batzuetatik dituen eta gaur greba egitera eraman gaituzten egiturazko arazo larrietarako konponbiderik eza ezkutatzeko erabili gaitu».

Era berean, ordezkaritza sindikala Osakidetzako langileen artean dagoela eta, beraz, protokoloen arabera txertoa jasoko dutela azpimarratu dute. «Sailburuak emandako azalpen urrietatik ondorioztatzen da txertaketa prozesua hondamendi bihurtu dela, eta kudeaketa hori Sailari berari baino ezin zaio egotzi. Txertoaren kontu zehatzaz gain, Osakidetzak egiturazko defizita du, eta Eusko Jaurlaritzak ez du hori konpontzeko borondaterik», adierazi dute sindikatuek.