Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Emakume artisten urtaroa

Emakumeena gainditu gabeko ikasgaia da museoetan eta artearen munduan. Aurten, pandemiaren mendeko garaiotan, iaz azaleratu zen joera finkatu, eta emakumeak modan jarri omen gara nazioarteko zirkuituan. Artista eraberritzaile asko dagoela egiaztatzeko beta.

Confinada, obra de Caroline Krabbe mostrada en la exposición virtual de Empoderarte. (peopleartfactory.com)
Confinada, obra de Caroline Krabbe mostrada en la exposición virtual de Empoderarte. (peopleartfactory.com)

Albistea nahiko esanguratsua da: Madrileko Prado Museoak bilduma berrantolatuko duela iragarri berri du, edukiei generoaren ikuspegitik beste irakurketa bat eman nahi dielako. Irakurketa parekatuagoa, noski; gaur egun, bertan gordetzen dituzten 1.000 lanen egileetatik hamar besterik ez baitira emakumeak. Aldatuko diren edukiak, zehazki, XVIII. mendeko europar pintura, Goyari eskainitako aretoak eta, halabeharrez, XX. mendeko pintura dira. Aurrerantzean diskurtsoa berritu eta bertan ikusgai egongo diren emakumeen artelanen kopurua ere handiagoa izango omen da, gaitz-erdi.

Ahanztura, ez ikusiarena egitea, gutxiesteko joera... ez dugu ezer berririk aipatuko. Horregatik dute horrenbesteko garrantzia Bilboko Guggenheim museoaren eta Pariseko Pompidou Zentroaren artean lankidetzan prestatutako ‘Emakumeak abstrakziogile’ bezalako erakusketek. XX. eta XXI. mendeetako abstrakzio mugimenduari buruzko erakusketa askok gutxietsi egiten baitute emakumeek mugimendu horren garapenean duten funtsezko zeregina. Eta, gutxienez, 200 emakume abstraktugile izatera iritsi ziren! Horien artean, esaterako, Sonia Delaunay dago (1885-1979, Sonia Stern jaiotzez). Judu errusiarra, lehen abangoardia paristarraren funtsezko izena izan zen. Diziplina anitzeko artista abstraktu honen lana senarrari, hots, Robert Delaunay pintoreari, dago estuki lotuta. Itzalik ez zion egin, baina generoaren ikuspegia kontuan hartu duten historiagileak iritsi arte, bata zein beste aipatzen ziren. Beti elkarrekin, banaezinak.

Eta Soniak senarra txiki utzi zuen. Bauhaus bezalako mugimenduen aitzindaria, ia XX. mende osora hedatu zen bere karrera emankorra: margotu egiten zuen, eta baita arropa diseinatu ere zinema, ballet eta antzerkirako (Bilbon arropa denda jarri zuen, Bigarren Mundu Gerran Estatu espainolean babesa hartu zutenean; Hondarribian harrapatu zuen bikotea gerrak eztanda egitean). Hil aurretik, hauxe bota zuen elkarrizketa batean: «‘Feminista’ hitza gorroto dut! Ez dut inoiz pentsatu emakume bat naizenik modu kontzientean. Artista naiz».

Bestelako pentsaera mota bat zuten jarraian aipatuko ditugun beste bi artista hauek. Biak estatubatuarrak, biak arauetatik kanpoko. Bata, Alice Neel (1900-1984), Europan ia ezezaguna den artista. Agian, newyorktarra dela esan beharko genuke, hiri horretan kokatu zuelako bere lana eta bizitza. Erradikala, justizia sozialaren defendatzailea, Alice Neelek kaleko jendearen erretratuak egitea hautatu zuen: bere bizilagunak, erakunde politikoetako liderrak, queer artistak edo Europako diasporako kideak jarri zituen guri begira, aurrez aurre. «Niretzat, jendea da lehena», esan zuen 1950ean, «gizakiaren duintasuna eta betiereko garrantzia aldarrikatzen saiatu naizelako». Aurten, udazkenean, Bilboko Guggenheim museoan ezagutu ahal izango dugu Neel.

Bestea, ordea, arras ezaguna da. ‘Kosmikoa’ bere ospean, Georgia O’Keeffe (1887-1986) AEBetako arte modernoaren ‘amatzat’ jo ohi dute. Madrileko Thyssen museoan eta gero Pariseko George Pompidoun bere atzerabegirako handi bat izango da aurten. Asko idatzi da bere margolan koloretsu, loredun, kitzikatzaileei buruz. Bitxiena zera da, 2016an Londreseko Tate Modernek egin zuen erakusketa-hausnarketa iritsi arte, ez zitzaion Georgia O’Keeffek berak bere lanei buruz ukatu egiten zuen irakurketa okerrari erreparatu. Eta hura ere senar baten ‘erruz’ zetorkion: Alfred Stieglitz argazkilari eta galeristak ezagutu, maitatu, bultzatu eta babestu zituen O’Keefeeren lehen lanak, eta hark zabaldu zuen gerora hain errotuta gelditu den teoria: alegia, artista honen lanak sinbolismo sexualizatuz blai zeudela. Loreak, aluak; mendien magalak, emakumeen gorputzen kurbak... Sexualitate kutsu hori gezurtatu zuen artistak berak, eta bere erakusketen kritikak idatziko zituzten emakumeak eskatu ere une batean. Alferrik: «Uste dut soilik emakume batek ikus dezakeela emakumeongan miatu gabeko dagoen hori», zioen Georgia O’Keeffek.

Gazteak, afrikarrak, borrokalariak

Lurmutur Hiriko Zeitz arte garaikideko museoak aurki Tracey Rose (Durban, 1974) artista hegoafrikarraren ‘heldutasuneko’ erakusketa irekiko du. Apurtzailea, probokazio hutsa da. Artearen merkatuko dinamiketan parte hartu eta haietatik bizi izan arren, Tracey Roseren ekoizpenak beti barrenak mugiarazten ditu: inoiz ez da politikoki zuzena, ez da hori bere asmoa. 1997an, Johannesburgoko bigarren Bienalean nabarmentzen hasi zenetik –biluzik, telebista baten gainean, bera bere txirikordak orrazten–; 2005ean, Israel eta Palestina banatzen duen mugaren aurrean, sareta-galtzerdiak, lehoinabar-estanpazioa zuten kuleroak eta kamuflaje botak soinean zituela eta azala larrosa kolorez margotuta, Israelgo ereserkia gitarra elektriko batekin jo zuen. Gero, hormaren kontra, txiza egin. Dena grabazio batean jasota gelditu zen. Eta horrela dabil, munduan zehar, bere ‘gaiak’ azaleratzen: esaterako, apartheid osteko Hegoafrikaren ertzak.

Ingalaterran hazi eta bizi da Lubaina Himid (Zanzibar, 1954) artista eta eragin handiko karrera duen kultur ekintzailea. Arte beltzaren mugimendu britainiarrean eragin handiko egilea, emakume beltzen esperientzia eta sormena adierazteko guneak bultzatzen ditu. Londreseko Tate Museoak erakusketa handi bat eskainiko dio udaren ostean, Turner sariaren irabazlea izan delako. Tatek aurten emakumeengan jarriko du begirada, Zanele Mholi (Durban, 1972) argazkilari eta ekintzaileari beste erakusketa bat eskainiko baitio.

Eta argazkilariei buruz ari garen honetan, kontuan hartu beharreko beste egile bat: Deana Lawson (New York, 1979). New Yorkeko Guggenheim museoko Hugo Boss saria irabazi duen lehen emakumea izanik (2020an irabazi zuen), aurten erakusketa baten protagonista izango da artista hau. Hein handi batean, argazkien bidez, istorio afro-amerikarrak kontatzen hasi zen arren, fokua zabaldu eta 2013. urteaz geroztik Etiopia, Haiti eta Jamaikako bizilagunak jarri ditu bere objektiboaren aurrean. Oso begirada berezia da berea. «Eguneroko bizitzaren ispiluak dira nire argazkiak, baina nik gertatzea nahi dudan zerbaiten proiekzioa ere bai. Beste balio eskala bat ezartzen saiatzen naiz, zera adieraziz: pertsona beltzen eguneroko bizitza eta eguneroko esperientziak ederrak, boteretsuak eta adimentsuak direla», bere hitzetan.
Eta New Yorken, Met museoan eta National Gallery-n, Lehen Mundu Gerra amaitu ostean sortutako emakume argazkilari independenteei buruzko erakusketa handi bat dago iragarrita aurten, ‘The New Woman Behind the Camera’ izenpean... Eta Parisen beste bat inpresionismoaren inguruan... Ea ditxozko pandemiak mugak zabaltzen ote dituen behingoz.

Hainbat adibide:

Online, euskal herritik
EmPoderArte nazioarteko emakumeak biltzen duen elkarteak ‘Emakumeak eta pandemia’ erakusketaren galeria zintzilikatu du peopleartfactory.com web orrialdean. 43 emakume artistaren lanak, martxoaren 28ra arte.

Tracey Rose
Lurmutur Hiriko Zeitz MOCAA arte museo garaikideak Tracey Roseren (1974, Hegoafrika) lan iraultzaileari buruz sekula egin den atzerabegirako handiena aurkeztuko du martxoaren 3tik abuztuaren 20ra.

Georgia O’Keeffe
XX. mendeko arte modernoaren ordezkari gorenetako baten atzerabegirakoa iritsiko da apirilean Madrileko Thyssen museora. Abuztura arte ikusi ahal izango da. Gero Pompidou zentrora joango da.

Emakumeak abstrakziogile
Aurtengo erakusketa interesgarrienetakoa. Maiatzaren 5etik abuztuaren 23ra Parisko Pompidou zentroan egongo da ikusgai; urriaren 22an iritsiko da Bilboko Guggenheim museora, 2023ko otsailera arte gelditzeko. Irailaren 17tik aurrera,  Guggenheimen ere, ‘Alice Neel: People Come First’ ikusi ahal izango da, gero Parisera joateko, udazkenean.

Deana Lawson
Argazkilari afro-amerikarrari New Yorkeko Guggenheim museoak erakusketa eskainiko dio propio, maiatzetik aurrera, iazko Hugo Boss saria irabazi zuelako. Bien bitartean, MOMA museoaren web orrialdean bere lan kitzikagarriaren erakusketa birtuala ikus dezakezue. 

Lubaina Himid
Turner sari ospetsua irabazi duen artista eta kultura ekintzaile borrokalaria, azaroaren 25etik aurrera, Londresko Tate Modern-eko erakusketa nagusiaren protagonista izango da.