Jon Ormazabal

Leire Garaik eta Maite Ruiz de Larramendik jantzi dituzte Bizkaia torneoko txapelak

Ainhoa Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramendi 15-17 aurreratu dira, baina azken txanpan nekea gehiago igerri dute eta garipenak ihes egin die.

Lau finalistek partida handia jokatu dute. (BIZKAIMEDIA)
Lau finalistek partida handia jokatu dute. (BIZKAIMEDIA)

Emakumezkoen esku pilotako Bizkaia Txapelketak txapeldun berriak ditu, Leire Garai eta Maite Ruiz de Larramendi -jokatutako hiru edizioetako txapeldun guztiak desberdinak izan dira–, gaur eguerdian Miribillan jokatutako final estu eta lehiatuan Ainhoa Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramendiri 22-18 irabazita.

Finalaren atarikoak araudiaren interpretazio okerrak eragindako aldaketak baldintzatu bazituen ere, lau pilotariak oso zentratuta irten dira kantxara, os lehiakor aritu dira eta oso final estua eskaini dute, markagailuan dozena erditik gora berdinketa izan dituena.

Izeba-ilobaren arteko lehia

Atzean Maite eta Olatz izeba iloben lehian gazteena nagusitu da partidaren zatirik handienean, gaur egungo kolperik handieneko pilotaria izango da Olatz, eta lan asko eginda, txapelak euren buruetan ere irudikatu dituzte 17-15 aurreratu direnean. Iera Agirre, gorrien botileroak, ordea, atsedenaldia eskatu eta partida erabat irauli dute aurrelari gasteiztarrak eta Eulatekoak. Ofizio gehiago erakutsi dute azken txanpa horretan eta Olatz Ruiz de Larramendiri nekeak ere gainontzekoei baino gehiago erasan dio. Gainera, Leire Garaik txokoan arriskatu eta zenbait tanto ere lortu ditu eta finalari buelta emateko gai izan dira, txapelketa bikaina borobilduz. Jokatutako partida guztiak irabazi dituzte Leire Garai eta Maite Ruiz de Larramendik eta ezin esan txapela merezi ez dutenik.

Beste partida orekatu batean, hirugarren postua Amaia Aldai eta Oihana Orbegozorentzat izan da, Olatz Ruiz de Larramendi eta Naroa Agirreri 22-17 gailenduta.