NAIZ
DONOSTIA

Ertzaintzaren eta Eneko Goiaren jarrerak arbuiatu dituzte Donostiako Parte Zaharrean

‘Zuen gezurren aurrean, ez gara isilduko’ lelopean, Ertzaintzak azken astean Donostiako Parte Zaharrean izan duen jarrera salatu eta Eneko Goiak bere jarduera «zuritzeko» ezker abertzalea eta auzotarrak erabili izana salatu dute.

‘Zuen gezurren aurrean, ez gara isilduko’ lelopean egindako elkarretaratzearen une bat. (Gorka RUBIO/FOKU)
‘Zuen gezurren aurrean, ez gara isilduko’ lelopean egindako elkarretaratzearen une bat. (Gorka RUBIO/FOKU)

Donostiako Alde Zaharrak «pairatzen duen manipulazioa» salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Alderdi Ederren, auzoko ezker abertzaleak deituta. ‘Zuen gezurren aurrean, ez gara isilduko’ lelopean egin da protesta.

Alde Zaharreko talde eta bizilagun ugari kexu dira azken asteotan Ertzaintzak izan duen jarrerarekin eta gaurko elkarretaratzean ikusi ahal izan da haserre hori. «Europako edozein herrialdetan eskandalua litzateke ertzain buru bat ‘tirar a dar’ esaten entzutea, are gehiago, etsaia, ustez, boteloia, botiltzarra edo kale txurruta egiten ari ziren gazteak balira. Baina, Euskal Herrian ez. Euskal Herrian Ertzaintzak egiten duen ezer ezin da zalantzan jarri», adierazi dute.

Zentzu horretan gogora ekarri du egun hartan gazte mati masailezurra hautsi ziola Ertzaintzak pilotakada baten ondorioz. «Lehen ere entzun izan dizugu “entrar con todo” bezalako esaldiak, eta ondorioak jakinak dira», azpimarratu dute.

Esaldi horren «atzean» dagoena argitzeko beharra nabarmendu dute. «Ertzain buru horren jarrera baino larriagoa iruditzen zaigu arduradun politikoen jokaera eta, bereziki, hiri honetako alkatearena». Eneko Goiak, ‘Diario Vasco’ egunkariko elkarrizketa batean egindako adierazpenak arbuiatu dituzte. Bertan, Donostiako alkateak ertzainaren esaldi hori baloratu ez izana eta, aldiz, auzotarrek «estolda estalkiak, harriak eta botilak» jaurti zituztela baieztatzea kritikatu dute.

«Ez dirudi bere herritarren egoerak asko kezkatzen duenik: ez zaio axola auzokide horren egoera? Ez du bere kezka merezi? Eta auzoko gazte batek “utzi auzoa bakean" esateak ezker abertzaleak berea inposatu, jendea kanporatu eta espazio bat bereganatu nahi duela erakusten omen du», gaineratu dute.

Ezker abertzalea bere jarduera «zuritzeko» erabiltzea leporatu diote Goiari. «Alde Zaharra anitza eta askotarikoa da, eta lanerako prest diren auzotar guztiekin egiten dugu lan, inolako mugarik gabe. Bistan da guk nahi dugun auzoa ez datorrela bat zuk bultzatzen duzun auzoarekin, eta argi izan masifikazioan, turistifikazioan, gentrifikazioan oinarritutako zure ereduarekin ez gatozela bat, eta horren aurka lanean jarraituko dugula», berretsi dute. «Auzoan kultur etxea, kiroldegia, eskola publiko duina, espazio publiko erabilgarria, etxebizitza  eskuragarriak, bertako merkataritza eta abar bultzatzen jarraituko dugu. Eta, nola ez, Ertzaintzaren gehiegikeriak salatzen jarraituko dugu».