Auzitegi Nazional espainolak Galder Barbado eta Aitor Zelaiari lau urteko espetxealdiko zigorra ezarri dien epaiaren kontra azaldu da Sare. «Sarek, atxiloketa unean egin moduan, epaia salatu nahi du; atzera garamatzan sententzia da Galder eta Aitorri ezarritakoa, salbuespeneko politika atzean lagatzen ari garen garaiotan guztiz zentzugabea. ETA deseginda ere, espainiar justiziak oraindik ere lekuz kanpo dauden zigorrak ezartzen darrai ‘terrorismoaren’ aitzakiapean. Altsasuko gazteen kasu argiaren ostean, Aitor eta Galderrena ere horren adibide bilakatu dira», nabarmendu du.
«Galder eta Aitorrek epailearen aurrean indarkeriarik gabeko estrategiarekin bat egiten dutela argi adierazi arren, eta froga irmorik gabeko epaiketa baten ostean, prebarikazioz ekiten dio ANk. Urte luzez luzatu den indarkeriaren mamua betikotzeko jarrera nabaria da. Elkarbizitzaren aurkako jarrera, hain zuzen ere», gaineratu du Sarek.
«Espetxeen problematikari aterabidea eman eta sufrimendu guztiekin amaitzearen alde urratsak ematen ari garen honetan, honelako epaiek ez dute lekurik. Presondegiak betetzeak ez du inolako kabidarik elkarbizitzarako eta bakerako bidean», azpimarratu du.
«Iraganean ainguratuta jarraitu nahi dute batzuek. Baina jendarte honek aurrera egiteko duen nahia argia da, eta horretarako bidea egiten jarraituko dugu», erantsi du.