NAIZ

Emakumeen genitalen mutilazio kasuak areagotu egin daitezkeela ohartarazi du NBEk

Datorren hamarkadan emakumeen genitalen mutilazioaren 2 milioi kasu gehiago izan daitezkeela ohartarazi dute Unicefek eta UNFPA sexu eta ugalketa osasunaz arduratzen den Nazio Batuen erakundeak. Hori ekiditeko ekintza bateratu, koordinatu eta finantzaketa egoki bat behar dela nabarmendu dute.

Neska bat marrazki bat egiten. (UNICEF eta UNFPA)
Neska bat marrazki bat egiten. (UNICEF eta UNFPA)

Henrietta Forek, Unicefeko zuzendari exekutiboak, eta Natalia Kanem-ek, UNFPA sexu eta ugalketa osasunaz arduratzen den Nazio Batuen erakundeko zuzendari exekutiboak, datorren hamarkadan emakumeen genitalen mutilazioaren 2 milioi kasu gehiago izan daitezkeela ohartarazi dute, «covid-19ak eskolak ixtera behartzen eta neskak praktika kaltegarri horretatik babesten laguntzen duten programak eteten jarraitzen duen heinean».

Otsailaren 6an ospatzen den Emakumeen Mutilazio Genitalaren aurreko Tolerantzia ezaren Nazioarteko Eguna dela eta zabaldu dute Unicefek eta UNFPAak abisu hau, eta hori gerta ez dadin «orain jarduteko beharra» dagoela nabarmendu dute.

Bi erakundeek gogoratu dutenez, covid-19ak aurrerapena oztopatu aurretik ere, 2030erako emakumeen genitalen mutilazioari amaiera emateko Garapen Iraunkorreko Helburua «asmo handiko konpromisoa» zen.

«Hala ere, gure anbizioa murriztu beharrean, pandemiak indartu egin du urtero mutilazio genitala jasateko arrisku handia duten 4 milioi neskato eta emakume baino gehiago babesteko erabakia», diote.

Hori lortzeko, neurri batzuk proposatu dituzte: Batetik, emakumeen genitalen mutilazioa amaitzeko aktore talde zabal baten arteko lankidetza martxan jartzea; «horren barruan sartzen dira mundu, eskualde, nazio eta toki mailako politikak formulatzeaz arduratzen direnak, bai eta gizarte zibila ere»; eta, bestetik, finantziazioa areagotzea, «horrek 2.400 milioi dolar inguru eskatuko ditu datorren hamarkadan zehar (2.000 milioi euro inguru), hau da, 100 dolar baino gutxiago neskato bakoitzeko.

«Azkar, modu erabakigarrian eta fronte askotan» jarduteko beharra azpimaratu dute. Neskatilek hezkuntzarako, osasun arretarako eta biziraupenerako bitartekoetarako sarbidea izango dutela, eta legeek, politikek eta arau sozial berriek babestuko dituztela bermatzea lortu behar dela adierazi dute.

«Emakumeen genitalen mutilazioa eta genero berdintasuna desagerrarazteak elkarren mendeko helburuak eta helburu osagarriak eskatzen ditu. Beste era batera esanda, genero berdintasuna errealitate bat balitz, ez litzateke emakumeen genitalen mutilaziorik egongo. Hori da lortu nahi dugun mundua, eta Garapen Iraunkorreko Helburuek gu horra eramateko bidea marrazten dute», diote.