NAIZ
GASTEIZ

«Lehen lerroko» 4.500 ertzain, guztien %60, datorren astetik hasiko dira txertoa hartzen

Lakuako Gobernuak, Segurtasun eta Osasun Sailen bitartez, ertzainei txertoa jartzeko lehen fasearen protokoloa zehaztu du. AstraZenecaren txertoaren 4.500 dosi jasoko dituzte eta, hortaz, pantillaren %60 inokulatu ahal izango dute.

Lau ertzain, Donostian, San Sebastian egunean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Lau ertzain, Donostian, San Sebastian egunean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Datorren astetik aurrera ertzainak txertoa jasotzen hasiko zirela iragarri eta egun gutxira prozesuari buruzko zenbait zehaztasun eta zifra eman ditu Lakuako Gobernuak.

Segurtasun Sailak ohar bidez zehaztu duenez, egnu 7.350 agentek osatzen dute Polizia autonomikoa eta Osakidetzak AstraZenecaren txertoaren 4.500 dosi banatuko dizkio. Horrek esan nahi du, aipatu iturriaren arabera, plantillaren %60 baino gehiago txertatuko dela aurreneko fase honetan.

Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendariak, Izaskun Urienek, gaurko deitu du Ertzaintzaren Segurtasun eta Laneko Osasun Batzordea, sindikatuei aurrez aurre azaldu ahal izateko hemendik aurrera, txertoa jartzeko datorren astean hasiko den prozesuaren baitan, jarraituko diren urratsak eta beteko diren epeak.

Lehenengo etapa honetan, txertoak Ertzaintzaren Erandioko, Oiartzungo eta Arkauteko egoitzetan jarriko dituzte, hiru egoitzetan «behar bezalako osasun-baliabideak eta azpiegitura» baitago txertaketa osasunerako segurtasun-baldintzetan egin ahal izateko.

Txertaketa Segurtasun Saileko ohiko osasun-baliabideekin egingo da, eta erizaintzako 9 profesionaleko taldea gaurtik, ostiraletik, hasita ari da Osakidetzaren prestakuntza espezifikoa jasotzen.

300 edo 400 egunean

Lakuaren ustez egunean 300 edo 400 txerto jarriko dituzte, eta prozesuaren lehenengo fase hori, beraz, datozen bi edo hiru lan-astetan burutuko da.

Txertoa hartzeko ordenari dagokionez, diseinatzen ari diren protokoloek «irizpide mediko eta epidemiologiko zorrotzak» jarraituko dituztela nabarmendu dute. Horrela, «arriskurik handiena» duten agenteekin hasiko dira, hau da, «kutsatzeko arriskuaren lehen lerroan, batez ere, kalean, lan egiten dutenekin».

Ertzaintzan txertaketaren hasieraren iragarpena iragarri aurreko asteetan, hain justu, bertan behera utzi izan dira lehentasunezkotzat jo zen osasun-langileen txertaketa. Honi lotuta, gaur bertan, Osasun Sailak adierazi du Osakidetzako langileen %39,62k soilik jaso duela txertoaren lehen dosia