Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevue
IBON ARANBERRI
ARTISTA

«Saiatzen naiz artistaren identitatea lanaren aurretik ez jartzen»

Urperatutako itsasontzia nola, hala pausatu zen «Zulo beltzen geometria» obra Bilboko Arte Eder Museoan 2019ko azaroan. Bakardadean egon da ordudanik baina badira bi aste «Izenbururik gabe (barrutik kanpora)» piezarekin elkarrizketan ari dela.

Ibon Aranberri. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Ibon Aranberri. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Bakarrik dago “Zulo beltzen geometria” lana. «Hautua izan da bere horretan, bere soiltasunean, aurkeztea», azpimarratu du Ibon Aranberrik (Itziar, 1969).

Instalazioa begiratzen laguntzera dator bideoa. Ez azaltzera. «Ez zeukan lan artistiko bihurtzeko asmorik, baina museoko arduradunek interesa agertu zuten. Ez du kontatzen, ez du ñabardurarik eskaintzen, era berean da uzkurra, entropikoa; bideoa oso sotila da, efimeroa», azaldu du.

Bildumako zati dira bi lanak, museoak erosi egin zuen lehena 2019an, dohaintzan eman du orain Aranberrik bigarrena. Hitzaldia eskainiko du gaur museoan bertan, gazteleraz, egindako bidea azalduz. Euskaraz egin zuen joan den astean.

Sorburuan, biek, 2003an Oñatiko leize-zulo batean egindako interbentzioa daukate. Ekintza apurtzailea izan zen orduko hura. Sinbolikoa. Bulkadari erantzunez etorri zen “entsegua”. Kezkei, ezintasunei eta ez dakizunari aurre egitea da jarduera artistikoa. «Oñatikoa ez zen izan proiektua, aldez aurretik planifikatutako ekintza. Gatazkatik sortu zen. Esfera publikoa gero eta arautuagoa, murriztaileagoa bihurtu zen eta nire erreakzioa hortik etorri zen, nahiz artiston keinuak ez diren beti kontzienteak, egitean ala egindakoan dator diskurtsoa eraikitzea», azaldu du.

Oñatikoa ez zen izan proiektua, aldez aurretik planifikatutako ekintza

Hiru urtez ibili zen inguruak miatzen, kokaleku egokiaren bila, «artista bezala eraiki ninduen hiriaren kulturatik at. Hortik ondorioztatu nuen hiria ez dela urbanoa soilik, guregan dago. Horrez gain, uste nuen ez nuela ezer materialik eraikiko eta ez zen horrela izan».

Ez-lekua

Kobazulorako sarbidea egitura modular lau eta opaku batekin itxi zuen, sei metroko diametroa zuena. Hori bai, barruan bizitokia zuten saguzarrei eta beste animaliei sartu-irtenak egiteko modua utziz.

«Kokapenak, paisajistikoki, presentzia geografiko sendoa du, harkaitza. Baina leku horrekin baino hiriarekin dago lotuta, ez hainbeste leku bezala, baizik ez-leku bezala. Ez-lekuaren diskurtsoa garai hartan oso indarrean zegoen eta nire ariketa izan zen hiritik aldentzea, bai geografiko, baita fenomenologikoki ere», azaldu du.

Distantzia. «Bi mugak, hiria –utopia– eta ustez beste muturra zena –ihesa–, oraindik ere hor daude. Bien arteko distantzia horrek markatu nau betirako. Lan honek muga horiek oso modu grafikoan erakusten ditu, baina askotan oso lausoak dira, kulturalak», esan du.

Hamasei urtez itxita mantendu ostean, 2019an leizea “askatu” zuen. Desmuntatu ondoren sarbidea ixten zuten altzairuzko xaflei bigarren bizitza eman eta museoan jarri zituen ikusgai –pandemia tarteko, jendaurreko aurkezpena 2020ko azaroan etorri zen–. «Desmuntatzea ez da desagertzea, kontakizuna indartzea da, kasik», dio. Inor gutxik jakin du urte hauetan guztietan ekintzaren berri. Isilpean eduki du. «Atzerrian bai, baina hemen ez nuen kontatu», dio. Horren ondorioz, interbentzioa bera baino, haren kontakizuna ezagutzen dugu.

Aranberriren esanetan, «artearen praktika ez da hainbeste zer egiten duzun, egiten duzun horrekiko zer posizio hartzen duzun baizik. Hor dago zailtasuna. Nolabaiteko ‘harrokeria’ hartan [irribarrea] esan nion neure buruari betirako itxiko nuela, eta, behin hori eginda, ez nintzela sekula hara bueltatuko».

Liberazioa

Ez du bete. Gauzak aldatu egin dira. «Desmuntaketa burutzeko probabilitateak, garai hartan, kanpoko faktoreak ziren, ingurumenari edo arkeologiari lotuak. Inola ere ez barne erabakiz. Zer aldatu da? Hura ez da aldatu, lehen bezala aurkitu dut nik, eta, bitxia bada ere, ingurua aldatu zaio. Ez hainbeste paisaia fisikoa, baina bai paisaiarekiko begirada. Hura egitera eraman ninduten faktoreak aldatu badira, iruditu zitzaidan ekintza libreagoa zela espazioa liberatzea ixtea baino; liberazioa izan zen ixtea eta orain liberazioa izan da irekitzea», gaineratu du.

Ez da artelan bera. «Desmantelatutako forma horiek bestelako gorpua sortu dute».

Denboraren joana. «Mundua aldatzen joan da eta artiston gatazkak beste batzuk dira orain».

Exorzismoa izan zen bideoaren grabaketa Aranbarrirentzat. Hala dio. «Itxitura ez nuen neuk desmuntatu, ez nintzen han, eta berriro obrarekin harremanetan jartzeko beharra sentitu nuen. Desmuntaketaren aurretik gaua pasa nuen, bakarrik, leize barruan».

Lanarekin harremanetan egon diren bakanek kezkati, «seguru zaude?» galdetu zioten kobazuloa irekitzera zihoala jakin zutenean. «Lasai joan zen dena, ez zen dramatikoa izan niretzat», adierazi du.

Museo barrura

90eko hamarkadara egin dugu atzera. «Konfrontazioa erlazio forma bat zen guretzat. Ez bakarrik kalean, unibertsitatean, baita ere boterearekin, instituzioekin», gogoratu du.

Artea museoetatik ateratzeko aldarria egin zuten ozen. Barruan dago orain Aranberri. «Museoak eta artearen instituzioak guztiz aldatu dira. Ez dira soilik kontenplaziorako lekuak, bildumak eta artelanak aurkitzeko lekuak, azpiegitura erraldoiak dira. Maila berean destino turistikoak eta edukien sortzaileak baita. Kultur ekoizpen propioa dute. Horrek paradigma aldaketa erabatekoa sortu du artistarentzat», azaldu du.

«Nola eraiki erlazioak halabeharrez konfrontaziorik gabe? Eta zeure burua guztiz subordinatu gabe? Nola instituzionalizatu geure burua?», galderak mahai gainean. «Museologiarekin lan egiteak beste erronkatara eramaten zaitu», gaineratu du. Balearen sabelean irudikatu du bere burua. «Barrutik kanpora begira zaude eta horrek beste estrategi batzuk eskatzen ditu, nahi eta nahi ez».

Museo publiko batek ematen dio lanari izaera publikoa ere, ondare publikoa bihurtzea. «Atzera egite horretan Bilbon izateak egiten du ez bakarrik muntaiara itzultzea, baita Bilboko urte haietara ere», aitortu du.

Artistok beldurrarekin lan egiten dugu, gure lana beldurraren ondorioa da

Kassel (Alemania) hiriko Documenta erakustaldiaren 12. edizioan parte hartu zuen 2007an eta JAI Praktika Artistikoen Institutuaren bultzatzaileetako bat da. Arteleku izan zuen eskola Aranberrik. 1995ean New Yorkera jo zuen –Japonian eta Stockholmen ere egin zituen egonaldiak– eta garbi dio: «lan hau eta besteak ez ziren inoiz gauzatuko kanpo begirada horretatik ez balitz. Distantziak ausardia eman zidan. Han eraikitako konfiantzak lagundu dit aurreko belaunalditik desmarkatzen eta beste modu batean erlazionatzen testuinguruarekin».

Bere belaunaldiari tokatu zaio «gerora globalizazioa deitu den horretan kodeak, beste harreman eta leku batzuk lantzea».

Artea posibilitate emantzipatorio bezala bizi zuten. «Beti izan du mundua transformaziorako potentzialitatea, baita artista bera aldatzeko ere. Euskal Herrikoko errealitate soziopolitikotik artea gauzatzeko, niretzat osagai hori funtsezkoa zen. Orain frustrazioa dator orduan sinesten genuen horrekiko».

«Kapitalismo kognitiboak bereganatu dituenean sorkuntzaren funtzio eta optimizazio batzuk artistak behartu gaitu gure posizioa birdefinitzera eta diferentzia horiek modu garbiagoan markatu behar izatera», gaineratu du. Garbi dio: «artista izatetik ekoizle izatera pasa gara».

Atzean geratu dira Euskal Herrian artistak ikur ziren garaiak. «Diktaduraren ondoren Euskal Herrian bazegoen urgentzia kodeak berritzeko eta gure burua modernitatean kokatzeko, politikoki, sozialki eta kulturalki. Artistek eta sortzaileek bete zuten funtzioa garbia da, urgentzia zegoen eta gizartearen zerbitzura jarri ziren. Oraingo urgentziak oso bestelakoak dira eta funtzioa ere bai».

Nazioartean proiekzio handienetakoa duen euskal artista da. Etxean ez du errekonozimendu gabeziaren sentipenik. «Artistok ez dugu betetzen rol heroiko hura. Ezta nahi ere! Ezaguna naizen ala ez? Berdin dit. Maila batean artista izateko modua oso lotuta dago desagertzearekin. Ni saiatzen naiz artistaren identitatea lanaren aurretik ez jartzen».

Beldurra. «Artistok beldurrarekin lan egiten dugu, gure lana beldurraren ondorioa da. Beldurra modurik zabalenean ulertuta. Beldurrak zure burua defendatzera zaramatza, ekintzara eramaten zaitu, mugiarazi egiten zaitu».

Denborarekin, aterpe bihurtu da artea, «hirian bizitza asko zaildu delako. Artistok gaur egun defendatzen dugu gure arteko elkarrizketa eta zaintza, afektuak, ia komunitate gisa».

Izurri garaiotan kulturak hartu duen tokiaz eta agintarien aldetik jasotako babes ezaz galdetu diogu. «Kultura marka bezala erabiltzen da, esportatzeko, balio erantsia emateko, baina krisi egoeran lehentasunak markatzen direnean non gelditzen gara?», bota du.

Kolektibotasuna

Artea kolektiboa da. «Artista ez da XIX. mendeko gizaki bakarti eta isolatua. Artista da artista bere inguruan eta berak bezala artista posizioa betetzen duten besteekiko erlazioan, bere komunitatearen parte da».

Belaunaldi gazteagoak ditu gogoan. «Geure burua eraikita harrapatu gaitu gure belaunaldikoak. Nire burua gai ikusten dut bizirauteko, egoera prekarioan asmatzeko, baina artista gazteak krisi sistemikoak oraindik osatzen ari diren bizitzaren unean harrapatu ditu eta oso gogorra da haientzat. Pertsonalki, azken urteotan dezenteko ikusgarritasuna izan dut, nire burua egonkortuta ikusten dut, baina inguruan ez dut hori ikusten eta injustizia ez daramat ondo. Instituzioekin daukadan harremana deserosoa da niretzat zentzu horretan, ekitatiboa behar du izan».

Zikloaren itxiera zelakoan zegoen azaroan. Hiru hilabete joan dira eta ez dago ziur. «Lan honek niregan eman den desmaterializazio prozesua irudikatzen du. Lehen behar nuen gauza bat eraiki, gauzatu, egin... baina orain ez dut behar; horrek ez du esan nahi praktikatzen ez dudanik», argitu du.

Leize-zuloa itxi zuten egituren gaurko forma da museokoa. Biharkoa ikusteko dago. Atzera egin, obrak gaur egunera ekartzeko. Ariketa hori egin du orain eta horixe du iparrorratz