Andoni Arabaolaza

K2 mendian desagertutako hiru mendizaleen senitartekoek, ofizialki, hiltzat hartu dituzte

John Snorri, Juan Pablo Mohr eta Ali Sadpararen erreskate lanak behin betirako bertan behera utzi dituzte. Horrela adierazi dute ostegun honetan hedabideen aurrean hiru mendizaleen gertukoenek.

Azkenean, ez da miraririk egon. Horri eusten zioten bakarrak K2 edo Chogori mendiaren magaletan hilaren 5an desagertutako hiru mendizaleen senitartekoak izan dira. Airez eta oinez lan eskerga egin dute, baina den-denek espero zutena gertatu da. Inoizko erreskate hedatze ikusgarrienaren aurrean ia bi astez egon gara, baina munduko bigarren mendirik garaienak hitz egin du.

John Snorri islandiarra, Juan Pablo Mohr txiletarra eta Ali Sadpara pakistandarra azkenekoz Sajid Sadparak, hots, Aliren semeak ikusi zituen. Hain zuzen ere, Botila lepoa izeneko sekzioan. Ordutik, mendizaleen gobernuek tresna ugari mahai gainean jarri zituzten hiru desagertuak bilatzeko. Helikopteroak hasieran. Ondoren, hegazkinak izpi infragorriak erabiltzen. Eta satelitez ere, SAR izeneko teknologia aurreratuarekin. Azkenean, ez dituzte bizirik aurkitu, ezta haien gorpuak ere.

Epilogoa, beraz, honakoa da: hiltzat hartu dituzte. Eta ofizialki, berri hori eman dutenak desagertutakoen senitartekoak izan dira. Ostegun honetan bertan, Skardun, hedabideen aurrean azaldu dira. Haiekin batera, Gilgit-Baltistan eskualdeko turismo ministroa den Raja Nasir Ali Khan. Gailurreko ekinalditik bizirik irten zen Sajid Sadparak zera adierazi du: «Geure aita eroi nazionala zen, eta berak guri emandako maitasuna eta laguntza izugarrizkoa izan da. Pertsona bihozbera galdu dugu, eta Pakistango herrialdeak mendizale ausarta eta abenturazalea. Aitak utzi gaitu, baina argi dut haren bidea jarraituko dudala. Hots, mendi handiak eskalatzen».

Eskertzak

Agerraldi berean, senitartekook baieztatu nahi izan dute hiru mendizaleak indartsuak zirela, eta kuraia handia zutela izaera horretako eskalada bati ekiteko: «John Snorrirekin telefonoz izan genuen azken hartu-emanarengatik, argi dugu K2-ren gailurra erdietsi zutela. Eta jaitsieran zehaztu ez daitekeen egoera bat bizi izan zutela».

Snorriren familiak Pakistan, Txile eta Islandiako agintariak eskertu nahi izan ditu erreskate lanetan eginiko esfortzuarengatik. Batez ere, hitz oso onak izan ditu Pakistango Armadarentzat: «Uneoro babes handia eman digu, bitarteko guztiak eskaini dizkigu eta lan oso arriskutsua egin du».

Bestalde, arestian aipatu dugun turismo ministroak aurreratu du Erresuma Batuko Gobernuak Sadpararen omenez hainbat ekimen aurrera eramango dituela: «Diru-laguntzak zein aitortza zibilak emateaz gain, Skarduko aireportuari Muhammad Ali Sadpara izena jartzeko proposamena egingo du. Hori gutxi ez, eta Shigar-en dagoen alpinismo eskolak aurrerantzean Sadpararen izena eramango du».

Azkenik, Pakistango Elkarte Alpinoaren idazkari Karrar Haidirik Chogorin negu honetan zendu diren mendizaleak gogoan izan ditu: «Gure doluminak senitarteko guztiei. Bereziki, Ali gogoan dugu. Ez dugu ahantziko Pakistango mendizaletasunari eman zion guztia. Guretzat erori nazionala da».