Andoni Arabaolaza

Simone Moro etxera itzuliko da; Alex Txikonek, berriz, Manaslun jarraitzen du

Zortzimilakoetan espezialistak diren bi mendizale horiek Manaslu igotzeko balizko azken ekinaldiaren inguruan erabaki ezberdinak hartu dituzte. Italiarrak atzo bertan espedizioari agur esan zion. Igandean bukatuko den baimenaren epea luzatzea aztertzen ari da lemoarra.

Alex Txikon Manaslun (8.163 m) zuzentzen ari den espedizioak azken egunak ditu. Berez, euskal mendizalearen taldeak heldu den 28an kanpaleku nagusia utzi behar du; izan ere, baimena egun horretan amaitzen zaio. Beraz, egun gutxi dituzte aurretik zortzimilako hori neguan igo ahal izateko. Eta dagoeneko, taldekide batek, Simone Morok, atzo baieztatu zuen ez duela saio berririk egingo eta etxera itzuliko dela: «Manaslun egin dudan nire hirugarren espedizioa izan da, eta, aurreko bi espedizioetan bezala, etxera esku hutsik itzuliko naiz. Mendiaren zein eguraldiaren baldintzek nire asmoak bertan behera uztera behartu naute. Manasluren aurrean, nire mugak eta gaitasunak askoz ere txikiagoak izan dira».

Nahiz eta Txikonen taldean parte hartu duen, aurreratu behar dugu, joan den asteko ekinaldian bezala, italiarra hein batean «autonomo» izan dela. Batez ere, bere erabakietan. Gogora dezagun saio horretan, lehen kanpalekura heldu ondoren oinarrizkora jaitsi zela; Morok berak aitortu zuenez, Karl Gabl meteorologoaren iragarpenak ezagutu ondoren. Txikonek eta enparauek, berriz, aurrera jarraitu eta 7.000 metroko kotan zirela atzera egin zuten.

Alabaina, Morok berak aitortu du haien artean ez dela batere desadostasunik egon: «Talde bikain bateko beste kide bat izan naiz, eta oso ondo hartu naute. Horrez gain, nire independentzia eta askatasuna errespetatu dituzte. Alexi (eta bere taldeari) hori aitortu nahi diot. Gure artean ez da desadostasunik eta eztabaidarik egon. Erabateko sintonia izan dugu».

Bide batez, alpinista entzutetsu honek adierazi du mendizaletasunarentzat zein Manasluko taldekide guztientzat emozionalki urte hasiera gogorra izan zela. Hain zuzen ere, Morok K2 mendian izan ziren hildako lagunak gogoan izan ditu.

Behin betiko azken erabakiaren inguruan, italiarrak baieztatu du Gabl meteorologoaren iragarpenek bultzatu dutela espedizioa bertan behera uztera: «Jaso dudan azken buletinak dio martxoaren hasierara arte 175 kilometro orduko haizeteak egongo direla. Negua, berez, martxoaren 20an amaitzen da, baina Manaslu igotzeko gure baimenak igandean du azken eguna. Epe hori luzatzeko aukera dago, eta, agian, Alex eta bere taldekideak hori aztertzen ari dira».

«Gero eta gertuago»

Bada, italiarraren hitzek, antza denez, oinarria badute. Txikonek berak orain arte ez du behin betiko erabakirik hartu, eta jakin badaki hurrengo egunotan aurrera ala atzera egin behar duela: «Gailurra lortzeko gero eta gertuago gaude. Ibilbide osoa ekipatuta dugu, eta kanpaleku guztiak ondo hornituta.  Baina, jakin badakigu ere, baimenaren epea igandean amaitzen dela. Eguraldiak hobera egiten badu, beste saio bat egiteko pronto gaude».

Morok ez bezala, Txikonek ez du etsitzeko asmorik, eta, badirudi igandean bukatzen den baimena luzatzeko gogoz dagoela: «Ea igandea baino lehen beste ekinaldi bat egiteko aukera dugun. Ziur naiz iragarpenak aldatuko direla, eta datozen egunotan leiho on bat zabalduko dela. Argi dut saio bat egiten badut, martxoaren lehen egunetan izan behar duela, eta ez erdi aldean».