Super Amara Bera Berako ezker hegaleko jokalari Sara Gil De la Vegak ez du gehiago jokatuko denboraldi honetan. Ezkerreko hegalekoak eskuin ukondoko alboko lotailua minduta dauka. Jokalariak «tratamendu kontserbadore» bati ekin dio eta, ondorioz, hiru hilabete pasa beharko ditu kantxetatik aparte.
Izan ere, Sara Gil De la Vegaren ukondoko lesioak gutxienez hiru hilabeteko atsedena eskatzen du. Horregatik, ferula jarri diote besoa hiru astez erabat geldirik izateko. Denbora tarte horren ostean, beste hiru astez mugimendu txiki batzuk egiteko aukera izango du eta, bigarren fase hori amaituta, beste sei astetan areagotuzen joango da ukondoaren mugikortasuna.
Hau da, ia ziur ezingo du denboraldia amaitu arte berriz jokatu Bartzelonan duela 26 urte jaiotako hegalekoak. Lehiaketaren bigarren fasea maiatzaren 29an amaituko da eta Sara Gil De la Vegaren errekuperazio epeak ongien beteta ere, joko maila Imanol Alvarez entrenatzaileak eta bere taldeak beharko lukeena baino eskasagoa izango du; era horretan, bere kirol bizitzarako garrantzitsuena ukondoa behar bezala errekuperatzea izango dela ziurtatu du klubak. Bien bitartean Super Amara Bera Berako kideek moldatu beharko dute liga txapalketaren mementurik garrantzitsuenetan eta baita Kopako kanporaketetan ere.
Denboraldi hasieratik ukalondoko minarekin aritu da Gil -Tati Garmendiak eta Imanol Alvarezek NAIZ hedabideari eskainitako elkarrizketetan onartu bezala- horregatik, bere parte-hartzea oso apala izan da (Mirene Morenok urrats bat aurrera egin behar izan du Gil ordezkatzeko. Orain, min hori nola sendatu behin erabakita, hobetzen joatea espero da.
Astebeteko konfinamenduaren ostean, astelehenean lanera
Bera Berako jokalari gehienak konfinatuta egon dira azken astean (urtarrilean covid-19a harrapatu zuten hiru jokalariak izan ezik) eta astelehenean itzuli ziren lanera igandeko derbia prestatzera. Talde donostiarra eta Zuazo aurrez aurre egongo dira igandean 12.10etan Gascan jokatuko den norgehiagokan (ETBk emango du zuzenean).