Jon Ormazabal

Jokin Altunak «hiru garaipenetara» ikusten du finalerdietako helburua

Amezketarrak onartu du bere burua ez duela horren eraginkor ikusi azken bi asteetan, baina ez dio garrantzia berezirik eman, garaiotan puntuak batzea baita lehentasuna eta horretan asmatu dutelako.

Jokin Altuna oso gustura da orain arte emandako mailarekin. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Jokin Altuna oso gustura da orain arte emandako mailarekin. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Binakakoaren bigarren itzulia martxan jartzearekin batera, bikote bakoitza hasia da, gehiago edo gutxiago, bere kalkuluak egiten. Sailkapenak oso itxura bitxia du egun, oso mailakatua eta maila bakoitzean bina bikoterekin. Puntaren puntan dira, Elezkano-Zabaletarekin batera, Jokin Altuna eta Jon Mariezkurrena eta amezketarrak oso argi du, behin honaino helduta, zein den euren lehen helburua. «Bere garaian esan nuen zortzi edo bederatzigarren jardunaldian ikusiko genuela nola geunden eta ez naiz gezurrik esaten hasiko, argi dago bigarren postu horri heltzen saiatu behar dugula, edo aurrenak izaten saiatu. Helburua horrek izan behar du, gero ez dakit zer gertatuko den, baina ea hurrengo sei partidetan orain arteko erritmoari eusterik diogun», azaldu du.

Gehienek bezala, ez du urrunegira begiratu nahi, baina ausartu da bere kalkuluak nondik doazen plazaratzen. «Nik uste dut sei partidetatik hiru ateratzen baditugu, barruan izango garela. Kasu horretan atzetik datozen bi bikoteetako bati sei partidetatik seirak irabaztera beharko genituzkela, batez ere bihar Olaizola eta Rezustak irabaziko balute, lehen itzulian 22-10 irabazi genien eta, eta txapelketa honetan seitik sei partida irabaztea ez da erraza», azaldu du Zestoan egindako material aukeraketan.

Saio berezia izan da gaur goizekoa, Jokin Altunak eta Ladis Galarzak bakarrik apartatu behar izan dituzte eta astelehenerako pilotak. Joseba Ezkurdiak, arazo pertsonal bat medio, ez du Zestoan izaterik izan eta egiten ari den praktikak medio, Jon Mariezkurrena berandu heldu baita frontoira.

Gehienek bezala, euren jokoan gora-beherak izan dituztela onartu arren, egindakoarekin gustura agertzen da Lau eta Erdiko txapelduna, nahiz eta ez den ausartzen emandako maila horrekin txapeldun izateko emango ote dien erantzuten. «Hau oso luzea da, 14 astetan argi daukat ezin dela beti maila bera eman, azken bi asteetan badakit ez naizela nire mailarik onenean aritu, baina Binakakoan denetik gertatu izan zait, fase ikaragarriak izan ditut eta gero finalerdietatik edo finaletik kanpo geratu naiz. Gainera, formatu honekin garrantzitsuena irabaztea da, puntuak ateratzea eta gero, une erabakigarria heldutakoan bai eskuetatik eta jokoz puntu onenean heldu behar dela».

Puntuak luzimenduaren aurretik

Irabazi edo galdu, Altuna III.a beti izan da frontoian sentitutakoari garrantzi berezia ematen dion horietakoa, baina denborarekin ari omen da ikasten horren fin aritu ez denetan irabazteari ere merezi adinako garrantzia ematen. Esperientziak erakutsi dio, are gehiago oso justua ikusten ez duen sistema honekin, –nahiz eta hurrengo urtean aldeko izan dezakeen– puntuak ahalik eta azkarren biltzearen garrantzia. Oraindik ez du ahaztu, iaz bertan, astelehenean arerio izango duen Ladis Galarzarekin batera, 11 puntutatik zazpi eskuratuta, sekulako txapelketa egiten ari zirela nola ematen zuen eta azkenean finalerdietatik kanpo geratu zirela orain kosta ala kosta saihestu nahi duten play-offean.

Bere ibilbidean Binakakoan aritu den atzelarien inolako kexarik ez duen arren, aurten du lehen urtea Jon Mariezkurrena bezalako jotzaile baten aldamenean. «Orain artekoekin gustura aritu naiz, baina denen ezaugarriak desberdinak izaten dira eta Jonen ezaugarri nagusiena bere joa dela esango nuke. Pilota oso urrun ibiltzen du, atzetik ere pilota asko kentzen duela esango nuke eta jotzailea izateko oso erregularra dela. Atzelari bakoitzarekin joko desberdina egin behar duzu eta esango nuke taktikoki partida batzuetan gehiago asmatu dudala besteetan baino. Azken bi partidetan gauzak ez zaizkit hain ondo atera baina baina batere kezkarik ez daukat, horretan ere ikasten ari gara eta badakit bidea zein den».

Azkenik, asteleheneko partidari begira, Ezkurdia-Galarza oso kontuan hartzeko bikotea dela uste du amezketarrak. «Hasierako hiru partidak galdu zituzten eta sailkapenean horri buelta ematea ez da erraza izaten. Nik, egia esan, oso bikote arriskutsutzat ikusten ditut, txapelketa hasieratik esan dut edozeini irabazteko gai direla eta, nire ustez, play-offean bai ala bai sartuko dira eta finalerdietan sartzeko ere bikote arriskutsua dira».