Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Entrevue
June Loidi
Zuazo taldeko jokalaria

«Partida asko galdu ditugu azken txanpan, azken minutuetan jokoa nola hobetu lantzen ari gara»

June Loidi (Elgoibar, 2000) jokalaria 2018an iritsi zen Zuazo taldera, San Lorenzo herriko taldean «nabarmentzen» hasi zenean. Itzalean egon ostean, aurten urrats bat aurrera eman, erasoan gehiago parte-hartu eta taldeko golegile nagusia da, ligako hirugarrena, 50 golekin. Derbira begira jarri da.

June Loidi, Lasesarre kiroldegian. (Monika DEL VALLE / FOKU)
June Loidi, Lasesarre kiroldegian. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Azken bi neurketak irabazita, Bera Berari kontuak zail jartzeko prest ikusten du June Loidik bere taldea. «Gure jokoa egitea lortu genuen», onartu dio NAIZi astelehenean San Jose Obreroren aurka lortutako garaipena laburbilduz. Zazpi gol egin zituen elgoibartarrak, bere sasoi onari jarraipena emanaz. Gustora nabari zaio Barakaldo aldean. Espainiako selekzioarekin ere "Objetivo 2021" proiektuan aktiboki parte-hartu du baina oraingoz, jokalari profesionalekin lan-saioak partekatuz, «nahikoa daukat ikastearekin», dio barrezka.

Asteleheneko partidan hobetu zenituzten sentsazioak?
Bai, atzoko [astelehena] partida oso garrantzitsua izan zen ostiraleko sentsazio eskasak atzean uzteko. Markagailuan hainbeste isladatzen ez den arren (26-23) nik uste dut taldeak bere sentsazioak berreskuratu zituela eta hemendik iganderarte hazten joango gara gure lehengo errendimendura itzultzeko.

Ostiralean ere garaipena eskuratu zenuten baina taldekide guztiak, entrenatzailea barne, bat etorri zineten adieraziz ez zela neurketa ona izan. Zer dela eta?
Nik ez dakit zein izan zen arrazoia. Agian kontzentrazio falta. Jakingo banu zein izan zen arrazoia neurketan bertan konpontzen saiatuko nintzatekeen. Elkarren artean kontagiatzen hasi ginen kontzentrazioa falta, erritmo eskasa eta horrek eraman zuen minutuak pasa ahala gero eta akats tuntunagoak egitea. Ikusi zen ez zela gure neurketarik onena izan baina tira, garrantzitsuena bi puntuak irabaztea zen eta lortu genituen.

Orain dela aste batzuk taldeko hamar kide covid-19arekin gaixotu ziren eta beraz, talde guztia konfinatuta egon behar izan zen. Horren eraginik nabaritu duzue?
Oraindik taldekide batzuk errekuperatzen ari dira, batzuk azkarrago sintomak eduki dituzten beste batzuk baino. Gehienbat korrika egiterako orduan jendeak bai antzematen du neke gehiago, baina nik uste dut poliki-poliki badoazela errekuperatzen, guztiak lanean gaude forma onena hartzeko eta ziur lortuko dugula.

Gehienbat korrika egiterako orduan jendeak bai antzematen du neke gehiago, baina nik uste dut poliki-poliki badoazela errekuperatzen

Erritmo handiko lehiak planteatzen ditu Bera Berak. Nola aurreikusten duzu derbia? Jokalari donostiarrek astebete etxean egon behar izan dute baina aurretik, Malagaren aurka oso neurketa serioa jokatu zuten.
Guretzat garrantzitsuena da galdutako sentsazio horiek berreskuratzea. Gure jokoa jokatzen badugu, neurketa zaila eta entretenigarria izango delakoan nago, benetan parekatua izan daiteke. Guk erakutsiko dugu edozein talderen aurka lehiatzeko gai garela eta baita irabazteko ere.

Duela pare bat aste Atletico Guardes talde indartsua estu hartu zenuten Galizian bertan, hala nola baita Bera Bera ere lehen itzulian. Baina sentsazioa da urrats bat falta zaizuela neurketa horiek errematatzeko?
Partida asko galtzen ditugu azken txanpan. Ez dakit zein den arrazoia. Ez dut uste talde gaztea izatearen arrazoia izan daitekeenik, jada hirugarren urtea baita kasik talde berdinarekin. Gehienbat kontu horretan gaude lanean, azken minutuetan, azken txanpan nola hobetu gure jokoa. Derbian ematen bada horrelako egoera bat nik uste dut ikusiko dela landu dugula.

Zu pertsonalki nola aurkitzen zara? Hirugarren denboraldia duzu Zuazon.
Asko hazi naiz. Ez nintzen pertsona eta jokalari berdina duela hiru urte. Poliki-poliki nire lekua egitea lortu dut, gaur egun ahalegintzen naiz eskubaloiaren inguruan dakidan guztia aportatzen eta ikasten jarraitzen dut. Pertsonalki oso pozik nago.

Esan daiteke urrats bat aurrera eman duzula? Hau da, taldea bizkarrean eraman duzula?
Ez, nik uste dut erasoan parte hartzeko aukera gehiago izaten ari naizela. Baina ez dut uste nire lana bakarrik izan denik. Nik lortzen ditudan golak nire taldekideen lana ere bada eta alderantziz. Niretzako gol gehiago sartzeak ez du esan nahi taldea bizkarrean eraman dudala. Gol horien atzean talde lana dago.

Golez aparte igartzen duzu erantzukizun gehiago daukazula? Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzaileak aipatzen zuen aurten zu bezalako jokalariek urrats bat eman behar zenutela.
Bai, berak niregan konfiantza handia dauka eta nik uste det erantzuten jakin dudala, neurketa batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago. Ardura hori hartzen saiatu naizela uste dut.

Zure denboraldirik onena dela esango zenuke? Edo goiz da baloratzeko?
(Barre egiten du) Galdera zaila da. Ez dakit denboraldirik onena den baina gehien disfrutatzen ari naizen urtea da; ondo nago, eroso nago, arin nago, konfiantza daukat nire taldearengan. Esan daiteke gehien disfrutatzen ari naizen denboraldia dela.

Ez dakit denboraldirik onena den baina gehien disfrutatzen ari naizen urtea da; ondo nago, eroso nago, arin nago, konfiantza daukat nire taldearengan

Zer dela eta?
Fisikoki maila on bat lortu dudalako eta horrez gain, minutu gehiago jokatzen ari naiz; erasoan, beti izan dela nire alde ahulena, ikusten dut poliki-poliki lana eginez, banoala minutu gehiago eskuratzen eta nigan konfiantza gehiagorekin ikusten naiz.

Nola iristen da elgoibartar bat Zuazora? Oraindik ere Elgoibarko Sanlo EKT-tik utzita jokatzen duzu Barakaldon, ezta? Nola da hori?
(Barre) Nik Elgoibarren jokatzen nuen eta jubeniletako bigarren urtean deitu egin zidaten, ez dakit zergatik. Nigan fijatuko zidan. Entrenatzailearekin hitz egin nuen eta erabaki genuen utzita joatea ba formakuntza eskubideen kontu guzti horrengatik.

Jauzi hori duela hiru urte eman zenuen. Goiz zela uste zenuen edo une ona izan zen?
Ba egia esan beldurra eman zidan. Ni Elgoibarren jokatzetik nentorren, orduan Sanlo taldea ez zegoen ezta Zilarrezko Mailan ere; hau da, Euskal Ligan jokatzetik nentorren. Eta hor indibidualki nabarmentzea errazagoa zen. Askotan pentsatu nuen: "Ai ama, non sartu naizen, hau ez da nire maila".

Gainera, Zuazo taldean ere trantsizio moduko bat eman zen, ezta?
Hain justu proiektu berri bat zen. Taldea gazteagoa zen eta talde horretan erantzukizuna hartzea oso konplikatua zen. Orduan ez zegokidan niri ardura hori hartzea.

Aurten hirugarren denboraldia betetzen zaude baina urte hauetan beste talde batzuk ere deitu dizute. Zergatik erabaki duzu Zuazoren proiektuan aurrera egitea? Minutu gehiago jokatzeagatik?
Hasiera batean hemen geratu nintzen etxetik urrun joateko gogo askorik ez neukalako. Hemen gustora nago. Hirugarren urtea izanda taldean ere gustora nago, entrenatzailearen konfiantza edukitzea baino ezer hoberik ez dago. Niretzako, kirolari bat hazteko jokatzea ezinbestekoa da. Klubaren tratua oso ona izan da eta etxean bezala sentitzen naiz hemen.