NAIZ

15 pertsona hil dira Libiako kostalde parean ontzi bat hondoratu ostean

15 lagun zendu dira Libiako kostatik gertu, Europara iritsi nahian, haien ontzia hondoratu eta gero. Haiekin bidaiatzen zuten gainontzeko 95ak, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen gomendioen aurka, Libiara eraman dituzte bueltan.

Mediterraneoan egindako aurreko erreskate bat. (Hippolyte/SOS MEDITERRANEE)
Mediterraneoan egindako aurreko erreskate bat. (Hippolyte/SOS MEDITERRANEE)

Gutxienez 15 pertsona hil dira eta 100 inguru erreskatatu dituzte igande Libiako kostaldean ontzi bat ondoratu ostean, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak (OIM) jakitera eman duenez. Bizirik atera direnak Afrikara itzuli dituzte.

«Libiatik berri tragikoak izan dira, itsasoan 15 pertsona galdu baitira, kostazainek kostaldera eraman dituzten 95 pertsonen arabera», adierazi du erakundeak, eta nabarmendu du bizirik atera direnei babesa ematen ari zaiela. «Horietako askok erredurak eta hipotermia pairatzen baitituzte».

Erakundeak ostiralean ere adierazi zuenez, 150 migratzaile inguru atzeman eta kostaldera eraman zituzten kostazainek. «Gutxienez 3.700 gizon, emakume eta haur itzuli dituzte aurten», adierazi du.

Ildo horretan, «gehienak atxilotuta» utzi zituztela ohartarazi zuen, eta «baldintza gogorrak» okertzen ari direla. OIM-k behin baino gehiagotan azpimarratu du Libia ez dela portu segurua, eta itsasoan atzemandako edo erreskatatutako migratzaileak herrialde horretara eramatearen aurka agertu da.

Libiak ia hamarkada bat darama gatazkan murgilduta, eta migratzaile askoren abiapuntuetako bat bihurtu da Europarako bidean. Gehienak Mediterraneoan zeharreko itsasaldi arriskutsu batean ontziratzen dira.