NAIZ

EH Bai eta EH Bildu: «Mugen itxierak herri bezala bizitzeko eskubidea urratzen du»

Pirinio Atlantikoetako prefeturaren arabera mugen itxierak otsail bukaerara arte iraunen zuela oroitarazi ondoren, Euskal Herria Baik eta Euskal Herria Bilduk agiria plazaratu dute martxoaren lehen egun honetan, oraindik itxita dauden zortzi pasabideen berrirekitzea galdeginez.

Joan zen urtarrilaren 14an Lizarrietan EHBaik eta EH Bilduk antolaturiko ekimena. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Joan zen urtarrilaren 14an Lizarrietan EHBaik eta EH Bilduk antolaturiko ekimena. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Joan zen urtarrilaren 12an iragarri zuen Pirinio Atlantikoetako prefetak, Eric Spitzek, handik 48 ordura indarrean sartu zen zortzi muga pasabide ixteko erabakia. Horrekin batera gainerako muga guztietan kontrol iraunkorrak ezartzeko asmoa iragarri zuen estatu ordezkariak.

Hasiera batean behintzat erabakiak otsail bukaera arte iraunen zuela adierazi zuen prefetak. Alta, handik aurrera behin baino gehiagotan mugak berriz irekitzeko datarik ez dagoela azaldu izan du. Azkenekoz joan zen ostiralean bertan Bidasoa aldean izan ziren suteek aurre egiteko mugaz gaindi suhiltzaileek eginiko lanari gorazarre egiteko Pauen eskaini zuen agerraldian.

Gaur, martxoaren 1ean, Euskal Herria Bilduk eta Euskal Herria Baik agiri bateratua plazaratu dute mugen irekitzea beste behin ere eskatzeko.

Agiri horretan azaldu dutenez «terrorismoaren aurkako borroka indartzeko argudioa aitzakitzat hartuz, Euskal Herria zatitu dute, konplexurik gabe, bere barne bizitza baldintzatuz eta libreki ibiltzeko askatasuna oztopatuz». Erabaki horrek «nazio gisa ditugun urradurak eta arrakalak areagotu dituela» nabarmendu dute aipaturiko alderdiek.

«Erabakia onartezinatzat jo genuen lehen momentutik, nazio eta herri bezala bizitzeko eskubidea urratua izan zitzaigulako, eta  gaur erabaki hau noiz arte indarrean utziko duten galdetzera gatoz», gaineratu dute agiri horretan.

Ez da bi alderdiek pausatu duten galdera bakarra. Hala «noiz arte ukatuko diguzue gure herrian libreki ibiltzeko eskubidea? Noiz arte utziko duzue Euskal Herrian setio egoera honetan? Noiz arte neurriz kanpoko presentzia poliziala eta giro sekuritario hau?», galdetu dute baita ere.

Mugak ixteko Parisek harturiko erabakia zein frantziar Legebiltzarrak onartu berri duen Separatismoaren aurkako Legea logika berdinean kokatu dituzte EH Baik eta Bilduk. Beraien esanetan, neurri horien gibelean «manipulazio politiko hutsa besterik ez dago».

Horrendako, hainbat mobilizazioren bidez herritarrek adierazi duten bezala, EH Baik eta EH Bilduk oroitarazi nahi izan dute «Euskal Herrian mugarik ez dagoela».

Era berean, azken ohartarazpen bat egin dute: «frantziar eta espainiar Estatuei gure herrian libreki bizitzeko eta ibiltzeko dugun eskubidea errespetatzea exigitzen diegu ez baitugu onartzen Euskal Herritik kanpo hartuak diren erabakiak inposatzea».