Martxoaren 8 hau ezberdina da. Ez du balio mugimendu feminista antirrazista dela esateak. Zer egiten ari garen galdetu behar dugu. Benetan ari gara inplikatzen? Behetik, lokatzetatik hasi nahi dugu?». Horrela mintzo dena Maria Juancay da. Ekuadortarra sortzez, 21 urte daramatza Bilbon bizitzen. 14 urtez mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaindu ditu, batez ere alzheimerra dutenak. 2018an Euskal Herriko mugimendu feministaren koordinakundean sartu zen eta orain, emakume migratu eta arrazializatu talde batekin Emakume Migratu Feministak-Sociosanitarias izeneko elkartea sortu du Bizkaia mailan. «Pandemiaren aurretik bost ginen eta gaur egun, 125: sahararrak, marokoarrak, nazionalitate eta lanbide ugaritakoak, batera ari gara zaintza lanen aitorpenaren alde».
«Gure lanari esker sostengatzen da sistema. Eta ez dugu baldintza zapaltzaileetan zaintzen segitu nahi. Atsedenarekin lotutako gure eskubideak defendatzen ari gara. Hiztegia aldatzen ere bai: ez dugu ‘interna’ esaten, ‘eguneko lanaldiko langileak, gaueko lanaldiarekin bateragarriak’, baizik, sistema zapaltzailea azpimarratzen ez segitzeko».
Aurtengo Martxoaren 8ko mezu nagusiak, Euskal Herri mailan, sistema arrazista arrakalatzeari egiten dio erreferentzia, mugimendu feministak emakume migratu eta arrazializatuen gorputzak eta bizitzak erdigunean jartzea erabaki duelako. Izurritearen ondorioek gogor erasan dituzte. «Alarma egoeran egon garen denbora honetan guztian egunero ateratzen ginen osasun langileak txalotzera, baina inork ez zuen esaten pertsona nagusien ehuneko bat etxean isolatuta zegoela eta bertan emakume bat zegoela babesten. Ez gara oroitu milaka emakume horiez», ohartarazi du.
«Egoera irregularrean daude. Batzuek pertsona nagusi hori zaintzen gelditzea erabaki zuten, berarekin konfinatuta, lana babesteko eta baita pertsona nagusiaren osasuna zaintzeko ere. Indarkeria ugari jasan dute, jendartearen arrazakeriaren fruitu». Honakoa erantsi du Juancayk: «Behin erabateko konfinamendua amaituta, adinekoen familiek ez zuten langile hauekin enpatizatu eta esan: ‘Lasai, orain ni geldituko naiz berarekin eta zoaz zure atseden orduez gozatzera’. Emakumeok jarraitu dute pertsona nagusi horiek zaintzen. Ez dira eguneroko oinarrizko beharrak bakarrik; arlo emozionala ere hor dago eta zure buruaren psikologo izan behar duzu».
Zaintzaileek eta zainduek konfinamenduan pasatu duten bakardadeari erreparatzek eskatu du zaintzaile eta militante feministak. «Izugarria da! Bertako jendearekin hitz egiten dugunean, zera eskatzen diogu: ‘gu aterako gara zuen pribilegioez gozatzera eta zuek probatu gure lana. Hortik soilik mintzatuko ginateke berdinetik berdinera’».
Torre de Babel emakume migratuen elkartean militatzen hasi eta indartu egin zen Maria Juancay. «Zaintzan lan egin dudan denbora honetan guztian ez dudalako eskubiderik izan sozializatzeko. Baina antolatzen eta ahalduntzen ari gara, eta ez dugu onartuko inor emakume migratuen defentsaren banderarekin ateratzea. Hedabideei ere esaten diegu: ‘Ez dugu nahi pornomiseria saltzerik’». Bere ustez, bidezkoa da identitate eta borroka ezberdinak izatea. Eta elkarrekin lan egiteko «benetako borondate politiko eta soziala» behar da. «Emakume migratu eta arrazializatuen borroka, ijitoena, sahararrena, indartsua da Euskal Herrian. Eta garrantzitsua da ditugun espazioak baloratzea. Autonomiaren, independentziaren eta pertsonen eskubideen aldeko borroka herri honen ezaugarria da».
Mobilizatzeko eskubidea, jopuntuan
Antiarrazakeria eztabaidagai izan du Euskal Herriko mugimendu feministak eta bereziki 2019ko Durangoko jardunaldietatik bere barneko arrazakeria bistaratu eta lantzen ari da. Naia Torrealdai Bilgune Feministako kideak adierazi duenez, «oso interpelatuta» atera ziren jardunaldietatik. Hiru etxeko lan jarri zizkieten: zaintza globalaren krisiaz hausnartzea eta urratsak planteatzea; feminismo antirrazista bat artikulatu eta eratzeko lan egitea, emakume arrazializatuen teoria dekolonialetatik ikasiz, euren lidergotza errespetatuz eta, nola ez, barne arrazakeria aztertuz eta buelta emanez; eta, aurreko bi helburuei bide emanez, agenda feminista bateratu bat eratzea. Militantearen arabera, tamalez, badirudi azken asteetan eztabaida desbideratu egin dela, manifestazioa egin ala ez izan baita gaia eta «aldarrikapen feminista eta antirrazista egitea, zaintza kate globalaren logika jopuntuan ipintzea, bigarren mailara» pasatu baita. «Eskuinaren edo eskuin muturraren estrategia irabazten ari dela dirudi: aldarrikapen feministak bigarren planora pasatu eta mobilizatzeko eskubidea jopuntuan jartzea».
Torrealdaik baieztatu duenez, mugimendu feministan egin diren hausnarketa eta aldarrikapenak gako izan dira osasun eta jendarte krisi honetan. Besteak beste, zaintzen aldarrikapena. «Garrantzitsua da bizitzak erdigunean jartzen dituen espazioaren eraketa aipatzea. Euskal Herri mailan hainbat eragile eta norbanako feministarekin sortu den espazio bat da. Bertan, batez ere lanketa diskurtsibo eta teoriko bat egin da. Zaintzen irakurketa feminista, ekonomia feminista batetik, bere esparru osoan ikusita, eremu pribatuan eta dohainik egiten direnak barne hartuta. Hortik hasita, aliantza soziosindikal handi batekin euskal zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko pausoak emateko beharra azaleratu da».
Kontatu duenez, tokian toki mugimendu feministako kideek zaintza sareetan parte hartu dute, izurritearen hasierako premia larriei erantzuteko. Eta, jende pilaketak ekiditeko, era deszentralizatuan antolatu dira, auzoz auzo eta herriz herri. Modu berean mobilizatuko dira gaur, «erdigune eta bazter guztietan», kalera ateratzea «inoiz baino beharrezkoagoa» delako.
«Batez ere greba feministetatik gure antolakuntza asanbladetan eta parte hartze anitzetan oinarritu da eta covidaren aurkako segurtasun neurriek ekarri dituzten mugekin gure antolatzeko era birplanteatu behar izan dugu. Harremanetan eta egunerokotasunean arrisku batzuk ikusi ditugu, ea nola birpentsatuko dugun gure egiteko era. Urtebete pasatu da eta horretan gabiltza, aurreko urteetako ikusgarritasuna galduko dugula kontuan hartuta, gure aldarrikapenak eta intzidentzia ez ahultzeko antolatzeko erak birplanteatzen», azaldu du Torrealdaik.
Kolektiboak bizirik irautea, erronka
«Ipar Euskal Herrian seietan etxeratzeko agindua dugu, elkartzeko kopuru mugatuak, gune kolektibo-publikoak itxiak. Internet bidezko bileren bidez ari gara, baina emaitza ez da berdina. Urtebete pasatu da eta lortu dugu Azaroaren 25aren eta Martxoaren 8aren kari zerbait antolatzea. Jendeak eskertu zuen Azaroaren 25ean, indar asko eman zigun denei. Baina lortu dugun bakarra hori izan da», aitortu du Jenofa Berhokoirigoin Ipar Euskal Herriko Asanblada Feministako kideak. Asanbladaren baitan bazuten ohitura hilabetero elkartzeko, hausnarketa eta ahalduntze kolektibo bat egiteko, eta une horiek ez dituzte ukan aurten. Orain, «erronka nagusia aitzina egitea» dute. «Kolektiboaren indarra bizirautea».
Elkar zaintzaren beharra aldarrikatu du militante feministak, «kolektibotik abiatuta, alde iraultzailetik. Feminismoak egoera aldatu nahi du, eta errotik. Bada alde iraultzaile hori entzunarazteko premia gaur egungo egoeran, argi gelditzen baita bizitza eta elkar zaintza ez direla batere zentroan».
Martxoaren 8ra begira herriz herri modu autonomoan antolatu dira Ipar Euskal Herrian, baina hitzordu nagusia, talde guztiek batera deitu dutena, Baionakoa da. Estatu frantsesean greba antolatua dago eta LABek ere deitu du lokalki. Horrek aukera emanen die herritarrei eguerdian izanen den manifestaziora joateko. Ez da ohiko martxa bat izanen. Ospitaletik abiatuko dira, erizainei elkartasuna erakusteko eta hortik hainbat puntutara joanen dira krisi global honen egoerak salatu eta aterabideak azaltzeko. Adibidez, emakume etorkin batek hartuko du hitza eta Emakumeen Mundu Martxari eginen diote begi kliska.